NAIZ

Migratzaileen egoera, lan aukerak eta eskubideak eztabaidatzeko foroa Baionan

'Migratzaileen lanerako sarbidea, merkatuaren beharrak pertsonen eskubidearekiko' izena hartu duen eztabaida eguna izanen da larunbat honetan Baionan. Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) Europar Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko entzunaretoan gauzatuko da iritzi trukaketa.

Migratzaileak Baionako Pausa zentroan.
Migratzaileak Baionako Pausa zentroan. (Guillaume FAUVEAU)

Migratzaileen egoera, lan aukerak eta eskubideak eztabaidatzeko foroa antolatu dute hainbat elkarte, sindikatu eta erakundek, larunbat honetan, Baionako Unibertsitatean. Aurretik, ostiral honetan, frantses Gobernuak prestatzen duen migrazioaren lege berriaren inguruko eztabaida izanen da Amikuzen.

Hiru hitzaldik ezaugarritzen dute biharko unibertsitatean antolaturiko egun osoko egitaraua. Goizeko 9.30-11.30 bitarte izanen da lehen mahai-ingurua, Jean-Daniel Elichiry, atzerritarrei, migratzaileei, asilo-eskatzaileei eta errefuxiatuei harrera egiteko zerbitzu eta erakundeen zuzendari ohiak animaturik.

Migratzaileek lan-merkatuan duten egoera: nortzuk dira, zein dira haien itxaropenak eta zein dira haien eskubideak?' da honen problematika eta La Cimade elkartea, UPPA, FSU sindikatua zein Euskal Herriko Lan Ikuskaritzako ordezkariek eramanen dute eztabaida.

Elichiryk animaturik beti ere, hautetsien ikuspundua ezagutzeko parada izanen da 11.45ean. Iñaki Echaniz diputatuak, Frederique Espagnac senatariak, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak eta Annie Poveda departamenduko kontseilariak hartuko dute hitza.

Ondotik, Atherbeak prestaturiko bazkaria izanen da, hirugarren eta azken mahai-inguruaz segitua: '2023 lege proiektuak aurreikusten duen egungo legedia eta honen bilakaera. Inguruko herrialdeekin konparatuz, proiektu honek erronkari erantzuten al dio?'. François-Viven Guiotek animatuko du saio hau, UPPAko ordezkarien, LABeko Eñaut Aramendiren eta Francisco Sanchez zein Laurence Hardouin abokaten iritziak entzuteko.

Mahai-inguru bakoitzaren ondotik eztabaidarako tartea izanen da eta, bururatzeko, sintesia egin eta ondorioak ateratzea da xedea.