Elkarrizketa
Malen Osa Ansa
Mendi korrikalaria

«Askotan garaipen batek baino poztasun gehiago ematen du lasterketetan disfrutatzeak»

Malen Osa Ansa (2002, Oñati) mendi korrikalariak sasoi ezin hobea egin zuen iaz, Golden Trail Serieseko Open kategoriako bost etapak irabazita. Horrek, bide eman dio Salomon Future Team Internacionalen egoteko. Denboraldia bi aste barru hasiko du, eta jokoan du Munduko Txapelketara sailkatzea.

Malen Osa mendi korrikalaria GARA egunkariko egoitzaren atarian.
Malen Osa mendi korrikalaria GARA egunkariko egoitzaren atarian. (Jon URBE | FOKU)

20 urte besterik ez du, baina batzuetan adinak ez du zerikusirik heldutasunarekin. Malen Osa Ansa horren adibide garbia da. Zorrotz mintzatu da Oñatikoa datorren denboraldian dituen helburuen inguruan, eta jakitun den arren bi urte eskas egin dituela mendi lasterkari gisara, xede anbiziotsuak ditu: Munduko Txapelketarako sailkapena lortu, eta Golden Trail Series lasterketetan zerbait «txukuna» egin.

Oraingoz, baina, maratoietan ez du parte hartuko, tartean Zegama-Aizkorrikoa. Oñatikoak aitortu du joan den denboraldia oso ona egin zuen arren, une «gogorrak» ere pasatu zituela, lesioak tarteko. Horren harira, Osak hitz egin du halako kiroletan errendimendua eta osasunaren artean oreka bilatzearen zailtasunaz. Mendi korrikalari profesionala izateko aukeren inguruan ere aritu da.

Denboraldiaurre bete-betean egongo zara. Nola doaz entrenamenduak?

Abenduan ekin nion denboraldiaurreari, eta azkeneko asteetan entrenamendu saio dezente egin ditut. Nahiko indartsu hasi naiz, ate joka dudalako sasoia. Otsailak 18an korrituko dut lehendabiziko lasterketa Murtzian. Motibatuta eta gogotsu nago; ea zer datorren.

Entrenamendu saioetan mendia eta atletismoko pista uztartzen dituzu?

Bai, biak egiten ditut. Hala ere, pistan ez dut asko entrenatzen, niretzako gehigarri bat delako mendiko saioetarako. Baina, adibidez, orain elurra gertu dagoela, beste era bateko entrenamenduak egiten ari naiz.

Aipatu duzu lehenengo lasterketa Murtzian korrituko duzula. Nolakoa izango da?

Kilometro bertikala da, eta kasu honetan ez da hain motza kilometro bertikal bat izateko: sei kilometrotan 900 metroko desnibel positiboa du. Erronka oso handia izango da, Espainiako Txapelketa delako. Bertan jokatuko dut Munduko Txapelketarako txartela; dena ematera joango gara, eta ea emaitza on batekin gatozen. Sasoi hasiera gogorra izango da.

Horren ondotik, zein lasterketa gehiago korrituko dituzu?

Euskal Herrian korrituko ditut pare bat, Euskadiko Txapelketak direnak, eta gero Kataluinara joango naiz Lloret de Mareko lasterketan parte hartzera. Lehen zati hori egongo da bideratuta Munduko Txapelketarako txartela lortzeko.

Iragan sasoian Madeiran (Portugal) Open kategorian lehena izanagatik, aurten Golden Trail Serieseko hiru txapelketetan parte hartuko duzu. Egutegia atera da jada: sei Europan jokatuko dira, beste hainbeste Ipar Amerikan, eta finala Italian. Pentsatu al duzu horietako zeinetan korrituko duzun?

Bai, distantziaren arabera erabaki dut, asko maratoiak direlako, tartean Zegama-Aizkorrikoa. Uste dut oraindik gaztea naizela pauso hori emateko, eta oraindik denbora dagoela maratoira salto egiteko. Beraz, aurten erabaki dut maratoiak alde batera uztea, eta distantzia laburragoak dituzten lasterketetan zentratzea. Kasu honetan, Dolomitetako Dolomits Run lasterketan ariko naiz, eta gero AEBetara joango naiz irailean, Kaliforniara eta Kolodarora, Pikes Peak Ascent eta Mammoth 26K lasterketak korritzera.

Horietan helburua zein izango da?

Bisio desberdina dut. Dolomitetako lasterketarako oso motibatuta nago, lasterketa hori niretzako aproposa izan ahal delako: oso teknikoa da, eta hemen inguruan asko ibiltzen naiz entrenatzen zonalde teknikoan. Amerika jada beste kontu bat da. Hara gehiago noa esperientzia bizitzera. Beste altura batean dira lasterketak, eta hango jendea oso indartsua da. Hara joan, eta disfrutatzearekin nahikoa izango dut.

Esan duzu aurten Zegama-Aizkorrin ez zarela lehiatuko. Korritzera ez, baina ikustera joango zara?

Bai, dudarik gabe. Gezurra ematen du, baino orain dela pare bat urte joan nintzen lehenengo aldiz ikustera. Jada urteroko hitzordua bihurtu da Zegama-Aizkorri lasterketa. Aurten ikusle moduan egongo naiz animatzen, taldekideak bertan egongo dira eta. Ea hurrengo urtean dortsala janzteko aukera dudan.

Beraz, hurrengo urterako prest ikusten duzu zeure burua.

Ikusiko da zer moduz doan denboraldia, baina uste dut ordua izango dela pauso hori emateko.

Hemengoa izanda, gogoa izango duzu horrelako lasterketa bat korritzeko. Giroagatik, batez ere.

Bai, uste dut mundu honetan aritzen den edozein korrikalariren ametsa edo desioa dela lasterketa horretan dortsala lortzea. Nire kasuan, alde horretatik, nire ametsa da Zegaman irten, eta karrera on bat egitea. Are gehiago hemengoa izanda; nire entrenatzeko lekua da, nire etxea, eta badakit jende asko egongo dela ikusten.

«Aurten erabaki dut maratoiak alde batera uztea. Uste dut oraindik gaztea naizela horrelakoak korritzeko, tartean Zegama-Aizkorrikoa. Oraindik denbora badago lasterketa horietara salto egiteko»

Pasa den denboraldia bikaina osatu zenuen. Besteak beste, Chamonixeko 23 kilometroko lasterketa irabazita. Zein da zeure buruari jarri diozun helburua datorrenerako?

Nire helburu nagusia disfrutatzea izan behar du beti, bai aurreko urtean, lehenengo denboraldia izanik, eta bai hemendik hamabost urteetara. Askotan garaipen batek baino poztasun gehiago ematen du disfrutatzeak.

Hori alde batera utzita, eta emaitzetan arreta jarrita, gustatuko litzaidake hasieran aipatu dudan Munduko Txapelketarako txartela lortzea, ekainean Eastbrooken (AEBak) jokatu den lasterketan. Eta gero ea Goldenetan zerbait txukuna lortzen dudan. Anbizio askoko helburuak dira, eta ez baldin banaiz iristen, badakit lehenengo eta bigarren urtea dela honetan nabilena, baina emaitza txukunak lortu nahi ditut.

Elkarrizketa batean esan zenun iazko Aloñako Igoerako arantza kendu nahi duzula, Maite Maiorak 2 ordu eta 20 minutuko denbora horretara gerturatuta. Hori da denboraldiko beste helburuetako bat?

Ez dut esango gezurrik: ez dakit aurten Aloñako Igoeran parte hartuko dudan. Egutegia oso betea dut, eta nahi beste ezin dut korrika egin. Izan ere, horrek eragin dezake lesio gehiago izatea, eta errendimendua jaistea. Oraindik ez dut guztiz itxita, baina bertan parte hartzen badut izango da ondo egiteko, eta dena emateko.

Emaitza onek dakarte presioa areagotzea, gehienetan. Zentzu horretan, presio gehiago sentitzen duzu datorrenera begira?

Ez, eta hori da gehiago zuk nola hartzen duzun. Badakit begi gehiago edukiko ditudala begira, aurreko urtean emaitza oso onak lortu nituelako. Baina ez naiz inoiz zuzenean presionatuta sentitu, eta inguruko jendeak edo mundu hau ezagutzen duenak badaki emaitza onak bezala txarrak ere etor daitezkeela. Alde horretatik, lasai nago, eta disfrutatzera joango naiz.

Lorpenak lorpen, joan den sasoia gazi-gozoa izan zela adierazi zenuen, lasterketa gehienetan asko sufritu zenuelako. Zer-nolako sentipenak izan zenituen?

Batez ere denboraldi hasieran, anemia bat tarteko, muskularki ez nintzen batere ondo sentitzen, eta alde horretatik oso gogorrak izan ziren lasterketak: emaitza oso onak lortu nituen, baina niri ez ninduten hainbeste betetzen. Horrelako adibide bat da etxean Aloñako Igoera irabazi nuenean ez nintzela batere gustura geratu egindakoarekin.

Gero beste zatitxo bat izan nuen Madeirako finalaren aurretik arazo muskularrekin hasi nintzela, berriz ere osasun arazo batengatik. Uda aurretik ere beste lesio gogor bat izan nuen, eta gutxi disfrutatu nuen. Hala eta guztiz ere, aurreko urteko denboraldia oso-oso polita izan zen, eta gehiago disfrutatu dut sufritu baino.

Horrelako kiroletan, emakumezkoetan gehienbat, errendimendua eta osasuna eskutik joatea zaila al da?

Bat nator oso fina izan ahal dela ondo egotetik gaizki egotera pasatzeko momentua. Egun batean eginahalean egon zaitezke, eta hain fina da hari hori apurtu daitekeela edozein momentutan, eta dena behera etorri. Baina horretarako daude laguntzak, eta espezialistak. Beraz, espero dut ildo beretik jarraitzea, eta gauzak ondo joatea.

Mendian korritzen duzuenontzat, eguneroko ogia da erorikoak izatea. Nola kudeatzen duzue beldurra halakoetan?

Nik uste dut giltza dela beldurra ez edukitzea [barreak]. Beldurrak asko mugatzen du, eta asko ikusten da zein doan beldurrarekin eta zein ez. Egia da lasterketetan eta entrenamenduetan gorputza ez dagoela berdin, eta burua ere ez. Askotan beldur hori buruak sortzen du, eta nire kasuan behintzat lasterketetan ahaztu egiten zait beldur hori, eta agian entrenamenduetan bihurritu bat egiteko beldur gehiago daukaten moduan, lasterketan hori ahaztu egiten zait. Alde horretatik, nahiko zorte ona izan dut.

Urte eta erdi dira Salomonen zaudela, eta bigarrenerako bidean zaude. Hilabete honetan opari ezin hobea jaso zenuen. Salomonek iragarri baitzuen Salomon Future Team Internacional taldean egongo zinela. Nola iritsi zitzaizun aukera hori?

Uste dut ate hori zabaltzeko arrazoi nagusia izan zela Madeiran lortu nituen emaitzak. Hori azkenean goitik datorren erabaki bat da, eta zuk ez duzu erantzukizunik, baina ilusioz hartu dut. Azken finean ate asko zabaltzen dizkizu; jende berria ezagutzen duzu, eta jada mundu profesional hontara gerturatzen zara. Ilusioz nago aurten asko ikasiko dudan urtea izango delako.

«Batez ere denboraldi hasieran, anemia bat tarteko, muskularki ez nintzen batere ondo sentitzen, eta alde horretatik oso gogorrak izan ziren lasterketak: emaitza oso onak lortu nituen, baina niri ez ninduten hainbeste betetzen»

Markentzat, zoritxarrez edo zorionez, gero eta garrantzitsuagoa izaten da sare sozialak erabiltzea. Zu, gaztea izanik, eroso sentitzen zara mundu horretan?

Egia esan mendi korrikalaria naizenetik niretzako handikap edo arazo nagusiena izan da sare sozialena, nahiko isila nintzelako, eta ez nuelako mugimendu askorik bertan. Baina denborarekin gero eta erasoago sentitzen naiz, eta eskerrak. Zuk esan moduan, orain bertan ez dut beste aukerarik. Poliki poliki joango naiz, azkenean jokoaren parte da.

8.850 jarraitzaile baino gehiago dituzu. Uste zenuena baino gehiago da?

Ez nuen uste hainbeste nituenik. Jarraitzaile kopurua igotzen dela konturatzen zara, eta jende gehiago dago zuk zer egiten duzun zain, baina niretzako oraintxe bertan ez da gauza garrantzitsuena.

Ardura ere baduzula sumatzen duzu?

Egia da azkenean jendea zuri itxaroten dagoela; emaitzen, eta zure sentsazio eta sentimenduen zain. Ez dakit hitza den zorretan nagoela edo ez, baina niri ez zait hainbeste kostatzen nire inguruko informazioa ematea sare sozialetan. Jendea era hontara gehiago enteratzen bada, eta horrela niri buruz gehiago jakiten badu, egingo dut.

Salomonez gain, beste zenbait babeslerekin ere kolaboratzen duzu, ezta?

Alde batetik, Domusa Teknik Euskal Herriko enpresa babesle moduan dut, eta egia esan laguntza garrantzitsua izan da, bai aurreko denboraldian, baita aurtengoan ere. Beste aldetik, mendi korrikalariongan ohikoak diren babesleekin lan egiten dut: aurten Suunto erlojuen markarekin hasi naiz, eta gero, 226ERS markarekin ere lanean hasteko pausoa eman dut, kirol-nutrizioko marka bat da.

Mendiak ematen al du bizitzeko? Eta alderik ba al dago emakumeen eta gizonen artean?

Emakumeena esan duzula, adibidez ni futboletik nator, eta hor ez dago alderik; zuria eta beltza dira. Mendi lasterketen mundua, zorionez, uste dut oraindik nahiko parekatua dagoela, eta hori hala da orain hasi delako diru gehiago sartzen. Egia da gero eta jende gehiago dagoela horretatik bizitza ateratzen duena, edo profesionala dena, baina kirol honek iraungitze data bat du. Izan ere, ez duzu korri egingo 60 urtera arte. Orduan, oso garrantzitsua da ikasketa batzuk edo formakuntza bat izatea. Mundu honetatik bizitzeko gero eta baliabide hobeagoak daude, baita aukera gehiago ere, urte batzuetarako behintzat.

Horretatik bizi nahiko zenuke?

Ez dut baztertzen. Tentelak ez gara izan behar, eta aukera parean jarri ezkero, disfrutatzen jarraitu ezkero, eta baikorra izan ezkero, nik ere aukera moduan ikusten dut urte batzuetan korrika egitetik, korrika egiteaz bizitzera. Baina ikasten nabil, eta garbi dut lehentasuna ikasketak direla. Hori bukatzean ikusiko da.

20 urte besterik ez duzu. Duela bi urte hasi zinen mendi lasterketetan lehiatzen, eta jada onenen aurka edo pare aritzen zara. Burbuila baten moduan bizi zaren sentsazioa duzu?

Bai, gauza asko pasatu zaizkit oso denbora gutxian, eta etorritako emaitzak espero gabekoak izan dira. Sinistu ezinik bizi izan naiz denbora askoan, baina orain etenaldi bat etorri da, eta apur bat asumitu izan ahal dut hori dena. Hala ere, niri baten batek orain esango balit duela urte eta erdi lehenengo lasterketa egin nuenean horrela egongo nintzela, barre egingo nioke. Zorionez gauzak ondo joan dira, eta gustura nago egiten ari naizenarekin; disfrutatzen nago, eta etor daitezela berri on gehiago.

Zer lortu nahiko zenuke etorkizunean? Zein da zure ametsa?

Ez naiz inoiz jarri pentsatzen horrelako helburu finkoetan. Nik disfrutatzen dut lasterketetan, eta bideaz ere, entrenamenduetan bereziki. Helburua, eta beti esaten dut hitz berdina, disfrutatzen jarraitzea da. Oso kirol gogorra da, dedikazio ordu asko dira, beste gauza batzuei uko egin behar diozu, eta disfrutatzen ez baduzu, ez du merezi lan hori guztia egiteak. Orduan helburu nagusia da ahalik eta urte gehien jarraitzea, ahal dudan maila altuena ematen, disfrutatzen jarraitzen dudan bitartean.

Lasterketaren bat aipatzearren, Zegama-Aizkorri hor dago. Zegama berezia da, sekulako maila egoten da, eta hori irabaztea uste dut ametsa dela errealitatea baino gehiago, baina zergatik ez amestu?

Euskal Herrian boom-a izaten ari da mendian korritzea. Gertutik nola sumatzen duzu zaletasun hori?

Bai, dudarik gabe asko ari da igotzen zaletasun hori, batez ere ikusten da ez soilik profesionaletan, baita maila amateurrean ere. Lasterketetara jende asko animatzen da, eta hori oso pozgarria da. Emakumeetan ere gero eta gehiago dira lasterketetara animatzen direnak, eta gainera adin desberdinekoak dira. Badago jendea 30-45 urterekin hasi berria dena, edo 20 urterekin ere. Uste dut datozen urteak trailarentzako oso garrantzitsuak izango direla, eta zabalkuntza handia izango duela kirolak.