NAIZ

Covid-19aren intzidentzia urtarrilaren hasieran zenaren laurdenera jaitsi da EAEn

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan behera egin du covid-19aren intzidentzia tasak. 100.000 biztanleko 24 kasukoa da tasa eta pandemiaren adierazle ia guztiek beheranzko joera dute.

Donostia Ospitaleko larrialdietako sarrera.
Donostia Ospitaleko larrialdietako sarrera. (Gorka RUBIO | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan covid-19aren intzidentzia hilaren hasieran zegoenaren ia laurdenera jaitsi da. Izan ere, urtarrilaren 1ean zeuden 100.000 biztanleko 102 kasuetatik igandean zeuden 24etara jaitsi da 14 egunean. Lakuako Osasun Sailak pandemiaren adierazleen bilakaeraren berri eman du, eta ia adierazle guztiek beheranzko joera agertzen jarraitzen dutela esan du.

Urtarrilaren 23tik 29rako astean 4 pertsona hil ziren covid-19ak jota Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko astean baino 1 gutxiago. 14 egunean metatutako intzidentziak beherakada nabarmena izan du, 24,03an geratzeraino, duela astebete 34,61koa izan zelarik. EAEko batezbestekoaren azpitik daude Araba eta Gipuzkoa, 18,47 eta 18,78ko tasekin, hurrenez hurren. Bizkaian tasa altuagoa da, 27,97 kasu 100.000 biztanleko.

Beherantz jarraitzen du, halaber, gaixoen presio asistentzialak. Joan den igandean 78 pertsona zeuden ospitalean, aurreko astean baino 5 gutxiago. Zainketa Untentsiboetako Unitateetan paziente kopuru bera dago, 7 hain zuzen ere, baina plantan ingresatutakoak 76tik 71ra jaitsi dira. Gainera, atzo 4 pertsona bakarrik ospitaleratu zituzten covid-19aren ondorioz.

Astean zehar 254 positibo detektatu dituzte, aurreko 7 egunetako 273ak baino zertxobait gutxiago, eta egindako proben gaineko asteko positibotasun tasa %2,9koa izan da. Duela astebetekoarekin alderatuta okerrera egin duen datu bakarra oinarrizko birsorkuntza tasa da.

Izan ere, iazko abenduaren erdialdetik lehen aldiz, berriz ere 1 da, hau da, gaixotasuna duen pertsona batek beste pertsona bat infektatu dezake. Bizkaiak muga horren azpitik jarraitzen du, 0,97ko R0-arekin, baina Arabak eta Gipuzkoak EAEko batezbestekoa gainditzen dute, 1,08 eta 1,04rekin, hurrenez hurren.