NAIZ

Ostalaritza eta Kolektibitate patronalen aurrean «negoziatzeko eskubidea» defendatu du LABek

LABek Estatuko kolektibitateetako patronala eta EAEko ostalaritzakoa demandatu zituen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hitzarmen propioa eskatzeko kolektibitateetako langileentzat, eta gaur egin da epaiketa.

Elkarretaratzea egin du LABek Bilboko Justizia Jauregiaren atarian.
Elkarretaratzea egin du LABek Bilboko Justizia Jauregiaren atarian. (Monika del Valle | FOKU)

Kolektibitateetako langileek beren lan baldintzak «hemen negoziatzeko eskubidea» dutela defendatu du LAB sindikatuak gaur Bilboko epaitegian. Sindikatuak Estatuko kolektibitateetako patronala eta EAEko ostalaritzakoa demandatu zituen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hitzarmen propioa eskatzeko.

Ohar baten bidez, LABek nabarmendu egin du eztabaida hau, «juridikoa baino, politikoa ere badela». Zentzu horretan kokatu ditu «azken lan erreformak», zeintzuek «negoziazio kolektiboa estatalizatzeko apustu argia» egin duten, sindikatuaren iritziz. «Neurri horrek patronala saritzen du eta sindikatuon ordezkaritza desitxuratzen du, eta hor dago egoera honen gakoa. Bertan negoziatzeko dugun eskubidea dago jokoan», adierazi du LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk Justizia Jauregiaren atarian.

Patronalen jarrera «salagarria» dela uste du: «EAEn negoziazio esparru bat ireki nahi ez izateko arrazoi bakarra da estatalizazioaren eta lan baldintzen uniformizazioaren alde egitea, langileen kaltetan betiere», azpimarratu du.

Estrategia horrekin «eroso» egotea leporatu dio patronalari, baita CCOO eta UGT sindikatuei ere. «Gure lurraldean negoziazio kolektiborako berezko esparrua defendatzeko Lanbidearteko Akordioa sinatzen dute, baina aldi berean, Madrilen, eremu txikiagoetan negoziatzea zailtzeko klausulak sartzen dituzte Estatuko hitzarmenetan».

Honen aurrean «erantzuteko beharra» nabarmendu du Aranburuk eta hau ere helarazi diela alderdi politikoei. «Salatu dezatela patronalaren jarrera ukatzaile hau, ditugun eskuduntzak muturrera eman ditzagula gure lan baldintzak guk geuk arautzeko, eta oztopoen aurrean, bila ditzagula bide berriak herri bezala hemengo negoziazio kolektiboa babesteko».

Gaurko epaiketan «hemengo negoziazio kolektiborako eskubidea, injerentziarik gabekoa, aitortzea» bilatu dute. «Lan Harremanetarako Euskal Esparrua aitortzea. Azken finean, Lanbidearteko Akordioari balio juridikoa ematea, gure eremuko hitzarmen kolektiboak lehenetsiz».

«Madrilen inposaketa horrek ez du errespetatzen emakume hauen negoziazio kolektiborako eskubidea, ezta sektorean dagoen ordezkaritza sindikala ere. LABeko kideok urraketa horri aurre egiten jarraituko dugu ekintza sindikalaren, mobilizazioen, salaketa juridikoen eta interpelazio politikoaren bidez», azaldu du Aranburuk.