NAIZ

Partida bat gehiago izango da Eibarkoa, Laso eta Altuna III.a neurtu arren

Arazorik gabe burutu dute pilota aukeraketa Lasok eta Imazek alde batetik eta Altuna III.a eta Xabi Tolosak bestetik, igandean jokatu behar duten Binakako Pilota Txapelketako hamaikagarren jardunaldiari begira. Nolanahi, irabazleak bigarren postua hurbilago izango du.

Aurreneko itzulian Lasok eta Imazek neurketa estua eraman zuten Altuna eta Tolosaren aurka.
Aurreneko itzulian Lasok eta Imazek neurketa estua eraman zuten Altuna eta Tolosaren aurka. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bada denbora Unai Laso eta Jokin Altuna elkarren aurka neurtzen direnean ikusmin handia sortzen dela. Hamar jardunaldiren ostean, Laso-Imaz bikotea Altuna III.a eta Xabi Tolosaren aurka neurtuko dira, igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Astearte honetako pilota aukeraketan, nolabait esatearren, partida hori erlatibizatzen ahalegindu dira protagonista guztiak, goitik behera ezer ere ez baitu erabakiko partida horren emaitzak.

«Nik uste ‘bola’ handia ematen ari zaiola partidaren garrantzia gorabehera. Galdu edo irabazi, oraindik hiru jardunaldi garrantzitsu geratuko dira. Gorantz begira hautagai asko daude eta inor ere ez dago hemen ezer oparitzeko». Xabi Tolosaren hitzak dira pilota aukeraketaren ostean. Gainerako pilotariek ere antzeko iritzia plazaratu dute.

Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaletaren baimenarekin, egia da gaur egun Laso eta Altuna III.a elkarren aurka lehiatzen diren neurketak bereziak izan daitezkeela, enpresa bietako pilotaririk esanguratsuenak baitira. Alabaina, oinak lurrean eta begirada ligaxkako partidari lotuta jarriz gero, igandean jazotzen dena jazotzen dela, oraindik ere nahikoa zeregin izango dute lau protagonistek.

Uneotan, lidergoa ia bermaturik duten Elordi eta Zabaletaren atzetik, zazpi garaipenekin bigarren postuan daude Altuna III.a eta Tolosa, eta hirugarrenak dira Unai Laso eta Jon Ander Imaz, garaipen bat gutxiago eta tanto koefiziente hobearekin –baina joan den jardunaldian ezustean Hendaian Peña II.a eta Eskirozen aurka galduta–. Bada, 22ra zein bikote iristen den huraxe izango da sailkapen nagusiko bigarrena hiru jardunaldiren faltan. Egia da, ondorioz, Aspeko bikoteak irabaziz gero bi garaipenen aldea hartuko lukeela hiru jardunaldi jokatzeko falta direla, eta horrek finalerdietan lekua ia erabat bermatuko liokeela, aurrekanporaketarik pasa beharrik gabe. Nolanahi, horrek ez du igandeko neurketa hil edo bizikoa bihurtzen.

«Jokin eta Tolosaren aurka beti izaten da partida gogorra eta nik uste akats gutxien egiten duenak irabaziko duela», laburbildu du bere iritzia Unai Lasok. «Irabazita bigarren postura igoko ginateke eta horregatik oso gogotsu gaude», iritzi dio Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak.

Materialarekin denak ere gustura geratu dira, bikote biak antzeko materialaren bila aritu baitira, Jokin Altunaren hitzetan. «Pilotak asko gustatu zaizkit. Gurek onak dira eta Unaik –Lasok– aukeratu dituenak ere gustatu zaizkit. Min dexentea egin liteke material honekin; azkarra da lurrean baina onak denontzat. Bioi antzeko materiala gustatzen zaigu eta ez nuen beldur handirik zentzu horretan. Pentsatzen nuen halako zeozer aukeratuko zutela, eta pozik», azaldu du Amezketakoak.

Handik aurrera, bakoitzak berea, baina igandeko lehiarekin itsutu gabe, are gutxiago balizko ikusmin handi horri buruz. «Jendea frontoietara bestela ere joaten ari da, ez gure arteko partidetara bakarrik, Sarrerak oso oso onak izaten ari direla esango nuke, gu biok jokatzen ditugun partidez aparte ere», iritzi dio aurrelari gipuzkoarrak, bere atzelariak aipatu duen «bola» horri jaten eman gabe.

Konfiantza, besteren gainetik

Joan den asteburuan galdu arren, Unai Lasok «konfiantzaz» ikusi du bere burua. «Oso gaizki ekin genion txapelketari, gure jokoa hartu ezinik, baina azken asteetan berriz konfiantza hartu dut eta gustura nago nire jokoarekin. Anderrek ere ondo eusten dio atzetik eta ea horrela jarraitzen dugun», gaineratu du aurrelari nafarrak.

Urtarrilaren 8an jokatu zuten elkarren aurka bikote hauek biek Donostian, eta orduko hartan 22-19 nagusitu ziren Baikokoak, azken sakean falta egin baitzuen Amezketako aurrelariak. «Xehetasun horrek pena handia eman zidan, baina gero partida berriz ikusi nuenean kexatzeko motibo handirik ez nuela ikusi nuen. Egia da irabaziz gero bi puntu aurretik bigarren postuan jarriko ginatekeela, baina hori ez litzateke posible izango aurreko jardunaldietan lan oso onik egin ez bagenu. Beti diot azken partidak dirudiela garrantzitsuena, baina lehenengoak ere garrantzia berbera du», aipatu du Altuna III.ak.

Antzeko iritziaz mintzatu da Unai Laso ere. «Gure maila ematea da kontua, aurkari oso zailak ditugun arren, Gure maila emanez gero, aukerak izango ditugu», adierazi du.

Izan ere, badute denek ere zertaz arduratua. «Beste partida zail bat dugu aurrean, baina joko puntu onean gaude eta inongo minik gabe, gustura. Azkenean gehien kezkatzen zaituena halako partida baten aurrean zu zeu nola iristen zaren da. Badakigu zer-nolako pilotariak ditugun aurrean, baina Txapelketa guztian ere halaxe da; partida guztiak dira zailak, eta hau ere bai. Partida ederra benetan!», amaitu du Altunak.