Erretreten erreforma bertan behera utz dadila aldarrikatzeko, bigarren mobilizazio eguna dute Ipar Euskal Herrian zein frantziar Estatuan.
Sindikatuak ez ezik, eragile sozialak ere kalera atera dira Baionan jubilazio adina 62 urtetik 64ra atzeratu nahi duen Borne ministroaren erreformari ezetz esateko. Martxa 10.00etan abiatu da Santa Ursulatik, tren geltokitik gertu, eta handik bi ordura amaitu da Prefekturaren aurrean.
Erretreten Erreforma bertan behera utz dezaten galdetzeko manifestazioa abian da Baionan. 10.000 herritar inguru bildu ziren urtarrilaren 19an eginiko lehenengo martxan. Protesta zinez jendetsua aurreikusten da gaur Ipar Euskal Herrian. #Retraites #erretretak pic.twitter.com/VclEfrcn2z
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) January 31, 2023
Martxa Baiona Tipian. Santespiritu zubia oraindik ere jendez lepo. Oso mobilizazio indartsua Lapurdiko hiriburuan jubilatzeko adina 62 urtetik 64 urtetara gibelatu nahi duen Erretreten Erreformari ezetz esateko. #ReformeDesRetraites pic.twitter.com/5o4gNkPLbi
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) January 31, 2023
Manifestazioa festa giroan egin dute eta oso jendetsua izan da. Oroitzearren, urtarrilaren 19ko martxan hamar mila lagun inguru elkartu ziren. Alabaina, astearte honetan are jende gehiago elkartu da, 13.000 eta 15.000 artean, sindikatuen arabera, eta 9.000-10.000 artean, Poliziaren kontaketaren arabera.
Urtarrilaren 19an baino jende gehiago bildu da Baionan. Orduan 10.700 manifestari kontatu zituen CGTko ohiko kontalariak Baionan (8.000 poliziaren arabera). Gaur Poliziaren arabera 9.000-10.000 eta sindikatuaren kontalariaren arabera 13.000-15.000. #erretretak pic.twitter.com/A2g7I7o6Aw
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) January 31, 2023
CGTko Julien Delionek NAIZi adierazi dionez, ez da azken mobilizazioa izango. «Bukaeraraino eramanen dugu borroka hau» hitza eman du, gaur jende gehiago bildu delako bere poztasuna agertuz. Gazte gehiago ikusi dira gaurko mobilizazioan.
«Azkeneko egunetan eskuorriak banatu ditugu ikastetxeetan eta gure ustez horrek laguntzen du zer dagoen jokoan hobeto ulertzen» nabarmendu dio trenbide konpainiako langileak hedabide honi.
Donibane Lohizuneko eta Hendaiako CGT sindikatuko unitateak otsailaren 2an argiekin elkarretaratzea antolatu du, 18.00etatik aitzin Baionako tren geltokian.
Joan zen astean berdin euskal diputatu macronisten bulegoen aurrean zein Ba¡onako portuan ekintzak egin zituzten sindikatuek. Antza denez, hori izango da aurrera begira baliatuko duten moldea.
Izan ere, martxa amaituta sindikatuen etxean hitzordua hartu dute intersindikaleko kideek mobilizazioaren bilana egin eta ondoko asteko dinamika zehazteko.
Erreformaren eztabaida, otsailaren 6an
Jakinik egutegian badela data esanguratsu bat: otsailaren 6an hasiko baita erretreten erreformaren eztabaida frantses Asanblea Nazionalean.
«Badakizu manifestazio bat edo birekin Gobernuak ez duela amore emango, jarritu beharko du, indarra eginez», gehitu du LAB sidikatuko ordezkari Argitxu Dufauk.
Sindikatu abertzaleak babestu du gaurko deialdia, baita ELB laborarien sindikatuak ere. Are, ekintza bat burutu dute LABeko hainbat kidek martxa Societe Generale asegurantza etxetik igaro denean. Kapitalizazio sistemaren eta erretreta funtsen aurkako mezuak itsatsi dituzte bulegoaren berinetan.
.@LAB_ieh ko kideek ekintza egin dute Societe Generale asegurantza konpainiako bulegoan kapitalizazio sistema eta erretreten funtsa pribatuak arbuiatzeko. Action du syndicat .@LAB_ieh contre les fonds de retraites privés. #erretretak pic.twitter.com/UD9oHixTgj
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) January 31, 2023
Sindikatuak soilik ez, gizarte eragileen presentzia ere handia izan da gaurko martxan. Berdin Bizi! mugimendu ekologista zein etxebizitza eskubidearen alde jarduten duen Alda elkarteko kideak bertan izan dira.
Horrekin batera, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek Lapurdiko hiriburuan izan den manifestazioan parte hartu du Borne erretretaren aurkako mobilizazioa sustatu duten eragile eta herritar orori bere elkartasuna adierazteko.