NAIZ

AHTk Arrasateko Lezetxikin egindako kalteak argitara atera dituzte bertako espeleologia zaleek

Euskal Herriko kobazulo garrantzitsuenetariko batean, Arrasateko Lezetxikin, kalte nabariak eragin ditu AHTren egitasmoak. Eskualdeko espeleologia zaleek erakutsi dituzte, bideo eta irudien bitartez. Besteak beste, bide bat itxita gelditu da eta metalezko sarez osatutako horma ezarri dute.

Lezetxiko Azpikobidea delakoan lur-jausia.
Lezetxiko Azpikobidea delakoan lur-jausia. (NAIZ)

Arrasaten den Lezetxiki Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetariko bat da. Bertan aurkitu zuen Jose Miel Barandiaranek hemengo gizaki aztarnarik zaharrena, emakume baten besondoa, duela 80.000 urtetakoa. Haginak ere agertu dira, eta ikerketak Erdi Paleolitoraino heldu dira. Orain, aurkitu zenetik ia mende oso bat denean (1927an argitara atera zen) txikizio nabarmenak gertatu direla egiaztatu dute, harriduraz eta haserre, eskualdeko espeleologia zaleek. Eta publikoki salatu dituzte, bideo eta irudien bitartez, AHTren egitasmoaren ondorioak direla agerian jarriz.

«Espeleologia zaleok, Arrasate eta inguruotakook, bi urte dela konturatu ginen Lezetxiki kobazulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Barreneko galerietarako bidea berriki eroritako harri handiz zegoen estalita, guztiz. Garai hartan, AHTaren obrak zirela eta, ia egunero izaten ziren leherketak eta hauek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen», azaldu dute ohar batean.

«Aurtengo urtarrilaren hasieran, aipatutako barreneko galeria horietara iristeko beste bide bat bazegoela jakin genuen eta aztertzeari ekin genion. Astebete dela egin genuen aurreneko saiakera. Etendako bidearen eta gainerako bideen gainaldetik igarotzen da guretako ezezaguna zen pasabidea. Amaieran, hamabost bat metroko jauzia du, azpitik datorren ohiko bidearekin batzen dena», jakinarazi dute.

«Zailtasunak zailtasun, iritsi ginen jauzira. Kobazuloa ondo argiztatu eta inguruan genuena sinetsi ezinik gelditu ginen. Zer zen hura! Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena. Harri askatzearen jatorriari erreparatu genionean ikusi genuen astakeriarik beldurgarriena. Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflez osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu ondoren, Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen. Bai, jaun-andreok, AHTaren tunela Lezetxiki barruan egin dute, haitzuloa zulatuta», salatu dute.

Segurtasuna bermatzeko, beste egun batean itzultzea erabaki zuten, material egokiagoa erabiliz. Eta pasa den larunbatean bildu zituzten orain zabaldu dituzten bideo-irudiak eta argazkiak, «egindako izugarrikeria» argitara ateratzen dutenak.

«Triskantza onartezina»

«Kalte horiek guk ikusi ahal izan ditugunak baino ez dira –ohartarazi dute–. Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere. Jakinekoa baita AHTaren obrek kalte handiak eragin dituztela gure bailaran: iturburuak agortu, errekak lohitu eta kutsatu edota lur-jausien ondorioz errepideetan sortutako kalteak».

«Abiadura Handiko Trenaren lanek gure herrian egindako enegarren triskantza irmoki salatu gura dugu –erantsi dute–. Onartezina da Lezetxiki modu horretan suntsitzea, Arrasateko eta Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsua dena eta guretako kobazulorik kuttunena dena».

Aldundiak gezurtatu egin du kaltea

«Lezetxiki haitzuloko aztarnategi arkeologikoak ez du inolako kalterik jasan AHTaren obren ondorioz», baieztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak, eta espeleologia zaleen salaketa gezurtatu du.

Gogorarazi nahi du sistema horrek hainbat kilometrotako galeriak dituela. «Ertzetako bati aspaldi eragin zioten AHTren tunel baten obrek, eta tunel horren exekuzioa bat etorri zen bere garaian onartutako obra-proiektuarekin. Aztarnategi arkeologikoa, ordea, puntu horretatik urrun dago, justu kontrako muturrean, eta ez du lanen eraginik izan».

EH Bilduk azalpenak eskatu ditu

AHTren obrek eragindako triskantzaren tamainak kezkaturik, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie jada Lakuari zein Gobernu espainolari. «Kaltea konponezina izan daiteke, iaztik Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoak eta haren inguruak babes berezia dutelako, euren interes kulturala dela eta», esan du.

Koalizioaren ekimenez, Raquel Sanchez Garraio ministroak Lezetxikin gertatutakoa argitu beharko du Kongresuan, Arrasateko tarte horretan AHTren obrak haren Ministerioaren menpeko sozietate publiko baten ardura direlako, ADIFena, hain
zuzen ere.

Gasteizko Gobernuari ere azalpenak eskatu dizkio, AHTren egitasmoak eragindako kalteen inguruan duen informazio guztia Legebiltzarrera bidaltzeko eta, batez ere, argitzeko ADIF egiten ari den obrek Lakuak berak babestutako eremua kaltetu duten.