NAIZ

EAEn «emakumeen berdintasunaren aldeko borrokari» jaieguna eskaintzea eskatu du EPk

«Emakumeen berdintasunaren aldeko borrokari» eskaintzeko jaiegun bat sortu dezala eskatu dio Elkarrekin Podemos-IUk Lakuako Gobernuari. Izaera erlijiosoko jaiegunekin alderatuta, eskubide edo lorpen sozialak gogoratzeko jaiegun gutxi daudela uste du koalizioak.

Martxoaren 8ko mobilizazioa Bilbon.
Martxoaren 8ko mobilizazioa Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Elkarrekin Podemos-IUk Lakuako Gobernuari eskatu dio 2024an «berdintasunaren aldeko emakumeen borrokari» jaiegun bat eskaintzeko eta egun horretan sentsibilizazio kanpaina bat garatzeko. Gasteizko Legebiltzarrean erregistratutako ekimenean, koalizioak gogorarazi du Langileen Estatutuak, oro har, 14 jaiegun ezartzen dituela urtean langile guztientzat, eta horietatik 3 izendatzeko ahalmena duela Lakuak.

Ildo horretan, nabarmendu du lan egutegia «izaera erlijiosoko jaiegunek» markatzen dutela gaur egun ere, eta «ia ez dagoela eskubide edo konkista sozialak gogoratzeko jaiegunik». EP-IUren ustez, jaiegunen esanahi hori «euskal herritarren egungo sentsibilitate eta sinesmenetatik» urruntzen da, hala nola «emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokatik».

Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Isa Gonzalezek bere ez-legezko proposamenean azpimarratu duenez, «ikerketa askok adierazten dute emakumeen memoria berreskuratzeko beharra, matxismoaz eta emakumeek gizarte patriarkalean duten mendekotasuna kontzientziatzeko sinbolikoki lan egiteak duen garrantzia».

Ildo horretan, «erakundeek gizarte osoa horren inguruan sentsibilizatzea lortuko duten ekimenak aurrera eramatea beharrezkoa» dela azpimarratu du. Horregatik, proposatzen du Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Gobernuari eskatu diezaiola 2024rako jaiegun bat izenda dezala, «emakumeek berdintasunaren alde eta memoria historikoa berreskuratzeko egindako borroka aitortzeko».

Halaber, Emakunderi eskatzen dio efemeride feministekin lotuta egon daitezkeen jaiegunen azterketa bat egin dezala, eta jaiegun horretan sentsibilizazio kanpaina bat egin dezala, «horretarako eskura dituen bitarteko instituzional guztiak erabiliz eta Euskal Autonomia Erkidego osoko komunikabideen laguntza bilatuz».