Bi asteko geldialdiaren ostean, bietan Eskirozek hartu du bere tokia eta bietan bikoteak garaipena eskuratu du, Jon Mariezkurrena larunbatean kantxetara itzuliko da. Bere eskuin eskuak hobera egin ostean, horixe da bederan Berriozarreko atzelariaren asmoa. Baikoko pilotaria gaur Idiazabaleko material aukeraketan izan da eta azken erabakia bihar egingo duen entrenamendu baten baitan utzi badu ere, badirudi ez duela itzultzeko inolako arazorik izango, Peñarekin, Elordi eta Zabaletaren aurka aritzeko. Lehen itzuliko partidan, eskuko minez baita ere, ez zuen partida hau jokatzerik izan eta Morgaetxebarriak ordezkatu zuen orduko hartan Zornotzan, 22-11 galduz.
«Eskua asko hobetu da, egunetik egunera dudan sentsazioa da egunetik gunera hobera egiten ari dela pixkanaka pixkanaka eta gainera, takoekin asmatu dudala ematen du, beraz ea bihar ere asmatzen dudan, entrenamendua ondo amaitzen dugun. eta berriz ere Binakakoan egoteko moduan gauden», adierazi du Mariezkurrenak.
Zubizarreta eta Artola, min hartuta
Asteburuan jokatzerik izango ez dutenak Iraitz Zubizarreta eta Iñaki Artola izango dira, Baikok gaur jakitera eman duenez, min hartuta daudelako. Ataundarrak eskuin eskuko 3. atzamarreko falange distala hautsi zuen larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zuen Binakako Promozio Txapelketako partidan eta Alberdik hartuko du goierritarraren lekua Elizegiren aurrelari gisa.
Bestalde, Iñaki Artolak gihar haustura izan zuen ezker izterreko koadrizepsean igandean Durangon jokatutako partidan. Zorte oso txarra izaten ari da azkenaldian alegiarra lesioekin eta Ezkurdiko partidaren aurretik ere denbora bat eman behar izan zuen geldirik, min hartuta. Larunbatean Labriten jokatzeko zen Artola, baina Bakaikoak hartuko du bere lekua.