Avironek defentsako bonus puntua lortu du Top 14 txapelketako liderrari egindako bisitan. Baionarrak indartsu daude eta estu hartu dute Stade Touloisian taldea. Dupont eta Ntmack Sei Nazioak jokatzen ari dira beste bost taldekiderekin batera eta hainbat hutsune izan dituzte etxekoek. Mallia argentinarrak gidatu du sailkapenaren lehen postuan nagusitasun osoz dagoen taldea.
Lapurtarrak garaipena eskura izan dute. Markagailuan aurretik joan dira atsedenaldira (8-10) eta Camille Lopezek lortutako zigor kolpeei esker bost puntutako aldea izan dute amaierara iristeko hogei minutu geratzen zirenean (11-16).
Hala ere, txartel hori bat ikusi du Avironen aurrelari batek eta Meafou australiarrak garaipenaren entsegua eskuratu du liderrarentzat. Malliak ere handitu egin du aldea (21-16) eta, gutxienez, puntu batekin itzuliko dira Euskal Herrira. Sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen du Avironek 41 punturekin. Helburua maila mantentzea zen denboraldi hasieran, baina play off-ak jokatzeko aukera izan dezakete.
Igoera faserako sailkatzea da Biarritzen xedea Pro D2 mailan eta gariapen garrantzitsua lortu zuen ostiral gauean Agileran. 19 eta 13 irabazi zuten Vannes taldearen aurka eta laugarren postuan daude kokatuta. Tomas Cubelli argentinarrak jokatzeko aukera izan zuen azken hilabeteetan lesionaturik egon ostean.
Bestalde, Ohorezko Mailan igande eguerdian jokatuko dute Ordiziak eta Gernikak. Goierritarrak La Vilaren zelaian arituko dira eta bizkaitarrek Les Abelles bisitatuko dute.