Txurdinagako kiroldegian profeta izan da Bidaideak Bilbao BSR saskibaloi taldea eta gurpildun aulki gaineko saskibaloiko Europako Champions Cup delakoaren final-laurdenetarako sailkatu da. Bezperan Amicacci Abruzzo talde italiarrari eta batez ere Galatasaray talde turkiarrari irabazi ostean, esku-eskura geratu zitzaion Adrian Yañezek zuzentzen duen taldeari Bilboko faseko aurreneko bi postuetako baten amaitzeko abagunea. Eta larunbat eguerdian izan duen lehenbiziko aukeran, Estatu frantseseko Le Cannet taldeari 76-74 irabazi eta gero, matematikoki eskuratu du Europako lehiaketa nagusirako hurrego faserako txartela.
Azken emaitzak erakusten duen moduan, izerdia gogotik bota behar izan dute bilbotarrek hirugarren garaipena lortzeko. Hala, Asier Garcia kapitainak 16 puntu eta beste horrenbeste asistentzia pilatu ditu, nahiz eta saskiratzaile nagusiena Giulio Maria Papi izan den, bezperan Galatasarayri 46 puntu sartu eta gero, Le Canneti 26 puntu saskiratu dizkio. Horren partida estuan, alabaina, Adrian Garciak 30 segunduren faltan lortu duen saskiratze baten erabaki du azkenean dema.
Zapatu arratsaldean oraindik beste partida bat jokatu beharko du talde bizkaitarrak Manchester Revolution taldearen aurka, baina bertan irabazi nahiz galdu, sailkapenari begira ez dio inportako, sailkapena dagoeneko eskuratu baitute Adrian Yañez eta bere mutilek.
Bistakoa da oraindik zehazteke daudela martxoan zeintzuk aurkari izango dituen Bidaideak Bilbao BSR taldeak. Nolanahi, Bidaideak bere multzoko bigarren sailkatuaz gain, asteburu honetan Las Palmasen eta Austriako Klosterneuburg hirian jokatzen ari diren multzoetako lehen bi sailkatuak izango ditu aurrez aurre, baita Turingia Bulls Alemaniako taldea eta AMIAB Albacete bigarren faseko antolatzaile biekin batera.