Alessandro Ruta

Vietnamgo sarraskia, zineman mende erdiko arrakasta bilakatuta

Orain dela 50 urte Amerikako Estatu Batuek Vietnametik alde egin zuten, Parisko Akordioen ondorioz. Aurreko hamarkada dramatikoa izan zen baina zinemarako ongarri modura erabilia izan zen, arrakasta handiz. Hamar pelikula hartu ditugu adibidetzat, ia denak maisulanak.

‘Apocalypse Now’ filmaren irudi bat.
‘Apocalypse Now’ filmaren irudi bat. (NAIZ)

Duela 50 urte, Parisko Akordioei esker, 1973eko urtarrilaren 27an hain zuzen ere, beren tropak Vietnametik atera zituzten AEBek, gerra ikaragarri odoltsu bati amaiera emanez (guztira hiru milioi hildako aipatu da zenbaitetan, eta gutxienez milioi bat izan zela frogatuta dago).

Gaur ere, Vietmango gerrak oso oroimen latzak pizten ditu, Historiaren pasarte ilunenetakoa da; Vietnamen bertan jakina da baina baita AEBetan ere. Pare bat belaunaldi behintzat ukitu ditu. Oso kontraesankorra bada ere, artistikoki AEBetan oparoa izan da oroimen hura, zineman bereziki.

Hamar pelikula aukeratu ditugu, ikuspuntu ezberdinetatik Vietmangoa landu dutenak.

NOLA BIZI ZIREN GAZTEAK GERRA AURRETIK

‘American Graffiti’ (1973)

George Lucasen lehen arrakasta, ‘Star Wars’ena baino lau urte lehenagokoa. Aktore taldea itzela zen, Harrison Ford, Richard Dreyfuss edota Ron Howard, besteak beste. ‘Where were you in 1962?’, zioen pelikularen iragarkiak, ‘Non zinen zu 1962. urtean?’.

‘Happy Days’ telesaila dirudi, pertsonaia guztiak oso alai daudelako. Bakoitzak bere ametsa du, azken finean gazteak dira denak, eta inork ez daki zer ekarriko dion etorkizunak. Horietako bat bakarrik joango da Vietnamera, azken txorakeria burutu eta gero, lagunekin.

Lucasen atzerabegirako hau nostalgiaz beterikoa da. 1962 aukeratu izana ez da kasualitatea, AEBek urte horretan bertan erabaki zutelako Vietnamgo gerran parte hartzea.

Parodia asko eragingo zituen ‘American graffiti’k, bestalde.

ERRULETA ERRUSIARRA

‘Ehiztaria’ (1978)

Maisulan erabakatekoa da hiru orduko pelikula hau. Bost Oscar sari eskuratuko zituen Michael Ciminoren filma kritikatu zuten ikusle askok, Vietcongen erretratua nazkagarria zelako, agian gehiegi, eta dudarik gabe gezurrezkoa. Baina ‘Ehiztaria’ren helburua beste bat zen: gerra batek komunitate bat nola apurtu dezakeen erakustea.

Pelikulan agertzen dena Pennsylvaniako herri txiki bat da; bertan denak dira langileak eta denak lagunak. Gatazka bat-batean agertzen denean, hiru protagonisten bizitza goitik behera aldaraziko du.

Pasarte batek izaera mitikoa hartu du: Vietcongekin erruleta errusiarra erabiltzen denean, bizitza nork salbatukok duen erabakitzeko, hiru lagunak Vietnamen preso  direnean.

 

Bukaera oso hunkigarria eta kontraesankorra da, lagunek ‘God bless America’ abesten dutenean. Guztiek zerbait galdu dute (lagun bat, osasuna, poztasuna) baina, beharbada inertziaz, abertzaltasun horri eusten diote.



GATAZKA HANDI BAKOITZAK BARRUKO GATAZKA BAT DAKAR

‘Regreso sin gloria’ (1978)

Emakume bat, gizon bat, beste gizon bat: emaztea, senarra eta maitalea. Betiko hirukia baina atzean Vietnamgo gerra dagoela. Sallyren senarra gudara doa, guztiz motibatuta, eta andrea etxean geratzen da: kasualitatez aspaldian bere gelakide izan zen Luke-rekin egingo du topo.

Luke ere Vietnamera joan da baina larriki zauritu dute eta orain gurpilezko aulkia erabili beharrean da. Maitale bihurtzen dira biak, Sallyren senarra itzuli arte. Etxera bueltan, Vietnamgoa sufritu ondoren, bere mundua guztiz aldatu dela ikasiko du.

Hal Ashby zuzendariak ez digu bukaeran argituko zer gertatu den senarrarekin. Jane Fondak bere bigarren Oscar saria lortu zuen Sallyren rolagatik, eta Jon Voight-ek lehena Lukeren paperean, ‘Ehiztaria’ren aurkako lehian gainera.

Ahaztezina, bestalde, filmaren soinu-banda, The Rolling Stones taldearena: ‘Out of time’, ‘Denboraz kanpo’...



AURREKO ERRITUEI EUSTEAREN GARRANTZIA

‘Asteazken handia’ (‘Big wednesday’), 1978

Hiru lagun, hiru surflari, hiru gazte. Baina hau ez da ‘American Graffiti’, nahiz begirada nostalgikoa ere baden. Matt, Jack eta Leroy Kaliforniako surflarien artean izarrak dira. Vietnamgo gerra aldarrikatzerakoan, Matt-ek eta Leroy-k bertara ez joateko baimena lortzen dute, aitzakia ezberdinei esker; Jack, aldiz, hiruren artean zintzoena dena, hara abiatuko da. Itzuli ostean bere bikotekidea beste gizon batekin topatuko du, eta bere lagunak aldatu direla ere nabarituko du.

Azkenik «asteazken handia» delakoan hartzen dute parte hirurek. Sekulako olatuak datozela, surf-taulak hartuko dituzte. Erronka arriskutsua izango da baina beren gogoan betirako iltzaturik geratuko da. Zoragarriak dira mezua zein (are gehiago) islatzeko modua, John Miliusen lan honetan.



BELDURREZKO BIDAIA HALUZINAGARRIA

‘Apocalypse Now’, 1979

Joseph Conraden ‘Heart do darkness’ eleberrian inspiratuta, era oso librean, film honek zenbait oztopo gainditu behar izan zituen. Lehen ahaleginean, tifoiek filmatzea hondatu zuten. Bigarrenean, Martin Sheen aktorearen bihotzeko arazoek. Francis Ford Coppolaren ekoizpen etxeak, Zoetrop-ek, ia porrot egin zuen. Baina lanak azkenean aurrera egin zuen eta ultraklasiko bat bilakatu zen.

Kurtz koronelaren bila abiatzen da gizon multzo bat. Amerikako militar ohi hori (Marlon Brando bere azken rol garrantzitsuan, ia etengabe inprobisatzen) nonbait zoratu egin da eta Jainko baten gisa dabil Kanbodiako baso batean. Ez dakigu talde horren bidaia osoa ez oten den haluzinazio bat. Izan ere, ehunka irakurketa sorrarazten ditu ‘Apocalypse Now’ honek, ikustekoa baita, oso sakona.

«Beldurraren lagun bilakatu behar da», dio Kurtzen azken legeak. Oso ezagun bihurtu da ere Robert Duvallek antzezten duen pertsonaiaren beste esaldi bat, surfa egiteko baso bat erretzean: «Goizeko napalm usaina gustoko dut, esnatu berri naizenean».

 

GIZARTERA SARTZEA BERRIZ

‘Izkinatuta’ (‘First blood’/‘Acorralado’), 1982

«Ni ez naiz hona etorri Rambo zuengandik salbatzera. Zuek Ramborengandik salbatzera etorri naiz». Samuel Trautman koronelak argi zuen nola jokatzen zuen bere «mutilak», John Rambok, eta honela azaldu zion herri txiki baten «sheriff»ari. Gizona sinetsi ezinean zebilen; tipo hura zoro bat besterik ez zela uste zuen, bere komunitatea hankaz gora jartzen ari zena.

«Txapela berde» beteranoen errealitatea irudikatu zuen film honek; etxera bueltan inork ez zien lanik ematen, ez baitziren beraiekin fio. Milaka Rambo zeuden han-hemenka, AEBetan. Guda heroi izatetik errefusatuak izatera edota «hiltzaile» huts izatera pasatzen ziren.

Bitxia da ikustea ‘First blood’ liburuan (‘Izkinatuta’ honen abiapuntua) Rambo askoz gazteagoa dela Sylvester Stallone baino. Hala ere, luze joko luke oraindik pertsonai honek; hiru pelikula gehiago egiteko emango zuen.



VIETNAM BERE GORDINTASUN OSOAN

‘Platoon’ (1986)

Oliver Stone zine zuzendariak Vietnamgo gerran hartu zuen parte. Urteetan zehar landuko zituen oroimenek emango zioten bide pelikula honi. ‘Platoon’ oso gogorra da, oso errealista, oso benetakoa. Betirako irudi bat utziko zuen, Willem Dafoe-ren pertsonaiaren hilketa, Kristo baten modura, Vietcongen aurkako tiroketa batean ostean.

Film kolektiboa da ‘Platoon’, lau Oscar sari lortu zituena, Oliver Stone zuzendari onenarena eta film onenarena barne.

«Ez dugu norbaiten kontra borrokatu, gure kontra baizik», hona Martin Sheen-ek antzezten duen pertsonaiaren hausnarketa sakona.



MILITARISMOA ETA PROPAGANDA

‘Metalezko jaka’ (‘Full metal jacket’/‘La chaqueta metálica’), 1987

Stanley Kubrick handiak dagoeneko ‘Paths of Glory’ eta ‘Dr. Strangelove’ (‘Telefono gorria...’ eginak zituen, gerraren kontra bete-betean zuzenduta. Baina honetan soinu, kolore eta ahotsen bidez are gehiago bultzatzen du norabide horretan. Filmaren hastapenetik bertatik: gazte batzuei ilea mozten diete, eta hortik aurrera jada ez dira aurreko pertsonak, arma batzuk baizik. Izena ere aldatu behar dute: Joker, Cowboy, Elurzuri eta abar. «Marineak» dira, ez besterik.

Baten batek ezin izango du prestakuntza amaitu eta bere buruaz beste egingo du. Bizirik atera direnak, aldiz, Vietnamera joango dira eta hor azaleratuko dira beren kontraesan guztiak.

Bukaera sekulakoa da, militarrek lana amaitu ondoren Mickey Mouseren kantua abesteari ekiten diotenean. Beren atzean dena sutan utzi dute, azken lana egina delarik.

 


FRIKIKERIETARAKO TOKIRIK EZ

‘Good morning Vietnam’, 1987

Betidanik maite genuen Robin Williams; aktore karismatikoa, dibertigarria eta serioa aldi berean, maskara ezagun bat. Pelikula honetan DJ bat da, eta gerran zehar, egunero, ‘Good morning Vietnam’ ozen batez abiatzen du bere irratsaioa.

Egun on Vietnam, baina, akaso Vietnamgoan ba al da egun onik, gatazka amaitu arte?. Galdera batzuk mahaigaineratzen ditu jarrera horrek; zein izan behar da portaera kinka horretan? Zerbait eskuratzeko lagungarria al da poza? Zein da hedabide baten rola gerra batean? Eta zentsura?

Kontraesanez betetako filma da hau, beste behin ere, Vietnamgo gudatik tiraka. Urrezko Puxika bat eskuratuko zuen Robin Williamsek.



AZKEN OIHUA

‘Uztailaren 4an jaioa’, 1989

Oliver Stone berriz. Eta Willem Dafoe eta Tom Berenger ere, berriro, ‘Platoon’en bezala. Ron Kovic benetan izan zen, benetan uztailaren 4an (AEBetako jai nazionalean alegia) jaio zen eta bere borroka bilduko du pelikulak: «marine»a, idazlea eta militantea, dena batera, bere gurpil-aulkian. Bere helburua, Vietnametik bueltan, gerrak belaunaldi oso bat zauritu eta zatitu duela jendeari ikusaraztea.