Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Altuna eta Tolosa aise gailendu dira Eibarren, ligaxkako bigarren postua bideratuta utzita

Astindu ederra eman diote Aspekoek Baikokoei (8-22). Laso eta Imaz beren ohiko mailatik oso urruti ibili dira, bereziki atzelarirai nabaritu zaio deseroso kantxan. Partida amaitu ostean Oiartzunekoak adierazi du eskuineko eskua ez duela ondo, eta datorren astean, «behintzat», ez duela jokatuko.

Partida amaitu ostean, Altuna-Tolosa garaipena ospatzen, eta Laso-Imaz burumakur.
Partida amaitu ostean, Altuna-Tolosa garaipena ospatzen, eta Laso-Imaz burumakur. (Endika Portillo | FOKU)

«Hasieratik aldarte txarrarekin nengoen, biziki deseroso aritu naiz, eta ez diot bueltarik eman. Egindakoa ahaztu eta aurrera segitu behar dugu», halaxe deskribatu du Unai Laso Baikoko pilotariak Jokin Altunaren eta Xabier Tolosaren aurka jokatutako partida. Ahazteko moduko partida jokatu dute gorriek: beren ohiko mailatik oso urruti ibili dira, bai Laso, baita Ander Imaz ere.

Altunak ere aitortu du gaur Eibarko Astelena pilotalekuan gertatu dena ez dela «errealitatea» izan, beraiek partida «borobila» jokatu arren, Baikokoek «hau halako doblea» jokatzen dutelako. Bereziki Imazi ikusi zaio deseroso kantxan, eta partida bukatu osteko adierazpenetan lehian antzematen zena berretsi du: eskuineko eskua ez duela ondo, eta datorren asteko partida, «behintzat», ez duelako jokatuko.

Partida ikusgarria espero zen, Binakako Txapelketa Nagusiko bigarren postua nork bideratuko, baina ez da esperotakoa izan. Gipuzkoarrek erraz hartu dituzte mendean Laso eta Imaz, zeinak ezinean ibili dira partida hasi eta buka. Hala, Aspekoek ligaxkako bigarren postua bideratuta utzi dute, hiru partiden faltan. Izan ere, bi punturen aldea dute hirugarren sailkatuarekiko –Laso-Imaz bikotearekiko–, eta, gainera, koefizientea haien alde dute. Beraz, okerrik ezean, bigarren postua eskuratzeko ez lukete arazorik izan behar.

Lehiak ez du izan kolorerik, eta urdinek hasieratik partida ezin hobea jokatu dute. Gainera, deigarria izan da, amaierako tantoetara ailegatu arte, erabilitako pilota guztiak gorrienak izan direla. Amezketarrak ohikoa duen maisutasunarekin ekin dio partidari; lehen tantoan horma-biko ederra eginda, 0-1.

Segidan, Altunak era askotariko erremateak egin ditu; besteak beste, boleaz, sake eta errestoan, atzeraino astinduta pilota eta gantxo bat airez. Horrela, zazpi tanto jarraian egin dituzte urdinek, 1-9 aurrea hartuta markagailuan. Gorriak trakets ibili dira; Lasok ezin izan du ia jokoan sartu, eta Imaz ez zebilen eroso atzean, zenbait pilota garbi galdu baititu.

Aspeko bikoteak lortutako zuloa ixtea ia ezinezkoa zirudien Baikokoentzat, bai markagailuarengatik, baita erakusten ari ziren mailarengatik ere. Are gehiago, ikusita Altuna erakusten ari zen eraginkortasuna erremateetan. Hamahirugarren tantoa izan da ikusgarriena, Astelenako frontoiko ikusleak zutitzeraino. Lasok utzitako pilota zailera ozta-ozta helduta ere, Aspeko aurrelariak bi pareta ezin hobea egin du, 3-14.

Aspekoek, zazpi jarraian


Gorriek laugarren tantoa egin dute Tolosak gora botatako pilota bati esker, baina hortik aurrera, Baikoko bikotearen aldeko markagailua ez da mugitu, urdinak 21. tantora ailegatu diren arte. Markagailuan ez, baina jokoan, behintzat, islatu da piloteoa luzeagoa zela, eta Lasok izan dituela bere aukerak jokoan sartzeko. Hala ere, Oiartzungoari gozatu ezinean ikusi zaio kantxan, eta huts egiten zuen bakoitzean etsita. Gainera, Aspeko bikoteak pilota bat baino gehiago jaurti du errebote ingurura, eta Imaz ezin jasorik aritu da.

Bukaeran, urdinei tanto bat falta zitzaiela 22ra ailegatzeko, Lasok lau tanto egitea lortu du, eta behintzat, markagailua zertxobait apaindu du, 8-22. «Horrela irabaztea ezinezkoa da, haien meritua ere bada, baina guk oso gaizki jokatu dugu», hala mintzatu da Bizkarreta-Gerendiainkoa partidaren ostean. Geratzen zaizkien neurketei begira, aurrelariak nabarmendu du ligaxkako bosgarren eta seigarren postuak «saihesten» saiatu behar direla.

Datorren jardunaldian behintzat Imaz ez da arituko Lasorekin, eskuin eskua ez baitu ondo: «Txapelketa guztian nabil takoekin beste urteetan baino justuago. Astean zehar ondo nengoen, baina partida hasieratik ez naiz eroso aritu. Ligaxkako kanporaketetan espero dut jokatzeko moduan egotea», adierazi du atzelariak.

Tristura alde batetik, eta poztasuna bestetik. Urdinak sailkapeneko bigarren postua oso bideratuta utzi dute, baina Tolosak nabarmendu du «lanean jarraitu» behar dutela, datorren hiru partidetan Baikoko bikoteen aurka arituko direlako, eta sailkapenean beraiei aurrea hartzeko aukerak dituztelako.

Altunak lortutakoari garrantzia eman badio ere, zuhurtziaz mintzatu da, eta adierazi du «beldur askorekin» aritu direla Baikokoak, eta beren mailatik «oso urruti». Amezketakoa sekulako maila erakusten ari da txapelketan, eta horretaz galdetuta, hau esan du: «Denbora dezente daramat bizitasunez jokatzen kantxan, eta jokoan sartzen naizen bakoitzean mina egiten. Guretzako garrantzitsua da min egiteko gaitasuna izatea».


FITXA TEKNIKOA

Laso-Imaz: 8
Altuna III-Tolosa: 22

Pilotakadak: 285. Iraupena: 39:17. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-9, 2-9, 2-13, 3-13, 3-14, 4-14, 4-21, 5-21, 8-21, 8-22. Egindakoak: 5 Lasok, 11 Altunak, 0 Imazek, 2 Tolosak. Galdutakoak: 5 Lasok, 2 Altunak, 4 Imazek, 1 Tolosak. Gorabeherak: Astelenako pilotalekua lehertzear zegoen.