NAIZ

Amaia Agirre mendizalearen senideek jasotako maitasun keinuak eta laguntza eskertu dituzte

Larunbatean egin zioten agur ekitaldia Amaia Agirre alpinistari Urnietan. Patagonian desagertu zen Iker Bilbao mendizalearekin batera, elur jausi batek harrapatuta. Familiak jasotako babesa eskertu du.

Agur ekitaldi jendetsua egin zioten Amaia Agirreri Urnietan.
Agur ekitaldi jendetsua egin zioten Amaia Agirreri Urnietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Amaia Agirre Gonzalezen familiak azken bi asteetan jasotako maitasun keinu eta laguntza eskertu nahi izan du. «Eskertu, lehenengo egunetik Urnietako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Enbaxadak Argentinan, Mendi Federazioak, mendi familia zabalak, Huescako osasun langileek, familiartekoek, lagunek eta bizilagunek eman diguzuen sostengua», zabaldu dute.

Larunbatean egin zioten Agirreri agur ekitaldia, Urnietan bertan, eta hura antolatu zutenei zein parte hartu zutenei ere esker ona agertu diete. Halaber, «eskertza handi eta berezia» azaldu diete Julen Berrueko Amaiaren bikotekideari eta bere gurasoei, baita Berruekorekin batera Amaia Agirre eta Iker Bilbao gertutik agurtzera Patagoniara joan diren mendizale guztiei.

Urtarrilaren 20an desagertu ziren Agirre eta Bilbao, Patagonian, Argentinan, dagoen Fitz Roy tontorretik beherako bidean elur jausi batek harrapatu zituenean. Desagertu zirenetik 48 ordu pasata erreskatea bertan behera utzi zuten, bi mendizaleak bizirik aurkitzeko aukerarik ez zegoelako. Hilaren 23an Argentinako agintariek ofizialki hiltzat eman zituzten Agirre eta Bilbao. Urnietakoa zen Amaia Agirre, Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioko kidea. Iker Bilbao Abadiñokoa zen eta suhiltzailea zen ogibidez Aiarako parkean.