Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Aranan menpekotasuna duten pertsonentzako zentroa irekitzea eskatu diote Gobernu espainolari

Arana Klinikan alzheimerra duten pertsonentzako 50 plaza eta eguneko zentro bat irekitzea eskatu diote Gobernu espainolari Babestu eta Zazpigarren Alaba elkarteek astelehen honetan. Diotenez, alzheimerra duten pertsonak «bakarrik» daude eta zentroa «zerbitzu hau eskaintzeko prestatuta dago».

Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkariordetzaren aurrean egindako kontzentrazioa.
Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkariordetzaren aurrean egindako kontzentrazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkariordetzan eskaera bat erregistratu dute Madrilek errefuxiatuak hartzeko zentro bihurtu nahi duen Arana Klinika menpekotasuna duten pertsonentzako zentro bezala irekitzea eskatuz. Zehazki, 2. eta 3. graduko alzheimerra duten pertsonentzako 50 plaza eta lehenengo graduko alzheimerra duten 40 pertsonentzako eguneko zentroa eskatu dute.

Gutuna entregatu ondoren ordezkariordetzaren aurrean kontzentrazioa egin dute Babestu eta Zazpigarren Alaba elkarteek deituta, duela bi aste klinikaren atarian egin zuten bezala, Guillermo Pereak azaldu duenez, aldarrikapena duela hamar urte baino gehiagokoa da-eta.

Gasteizen alzheimerra duten 5.000 pertsonak «bakarrik» daudela salatu du Pereak eta eskatzen ari diren 50 plazak «huskeria» bat direla esan du. Horrekin lotuta, Arana Klinika aldarrikatzen duten zerbitzurako «prestatuta» dagoela defendatu du eta «immigrazoaren eztabaidan» ez direla sartuko ohartazi du.

Idazkian zehazten dutenez, joan den azaroaren 28an, Arabako Osasun Mentaleko Zuzendaritzan, Osasuneko Lurralde ordezkaritzan, Osakidetzan eta Arabako Foru Aldundian eskaera bana erregistratu zituzten. Honi, Aldundiak gaixotasun hau duten pertsonak osasun zentroetan artatzen direla erantzun die. Perearen hitzetan, «erantzukizuna saihesten ari dira».

Judimendikoak, Erreka Txiki, Gasteiz Txiki, Uribe Nogales, Zazpigarren Alaba, Hegoaldekoak eta Bizi Lakua auzo elkarteek sinatu dute Denis Itxasori helarazitako gutuna baina «hiri osorako» zerbitzua izango litzatekeela azpimarratu dute astelehen goizean egindako agerraldian.

Denis Itxaso ordezkariari interpelazio zuzena

Arratsaldean, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari den Denis Itxasok bilkura publikoa egin du auzokideekin Aranan. Jende andana batu da ekitaldira, egitasmo honek erakartzen duen arreta baieztatuz.

«Mesfidantzak» albo batera uzteko eskatu du Itxasok, baina luzatu zaizkion galdera askori ez dio zuzeneko erantzunik ematen. Horien artean nabarmentzekoa, zergatik ez den eraikin hori beste eginbehar batzuetara bideratzen, alzheimerra duten pertsonentzako adibidez.

Proiektua auzo honetarako «aukera bat» dela ziurtatu du espainiar Gobernuko ordezkariak.