Maite Bidarte
NAIZ Irratia. Saioen arduraduna. Bideokluba saioko gidaria
Elkarrizketa

«Helduentzako animazio film bat egitea arrisku-salto hirukoitza da»

‘Unicorn Wars’ helduen animaziozko filmerako sortu duen 'Batalla' kantuagatik  Goya sarietarako izendapena jaso du Joseba Beristain (Azkoitia, 1978) konpositoreak. Bere bi zaletasunak, musika eta zinema, uztartu ahal izan ditu proiektu horretan. ‘Loop’ film laburragatik ere izendatuta dago.

Audio_placeholder

«Helduentzako animazio film bat egitea arrisku-salto hirukoitza da»

Loading player...
Joseba Beristain bere estudioan.
Joseba Beristain bere estudioan. (NAIZ)

Nola iritsi zen ‘Unicorn Wars’ proiektua zuregana?

Pelikulan hainbat ekoiztetxe daude, eta horietako bat da Uniko; bilbotarrak dira. Azkeneko hamar urteetan zenbait lan egin ditut beraiekin, eta film honetan hastapenetik nago. Zuk ideia bat egiteko eta jabetzeko zenbat lan dagoen animaziozko film baten atzean: ekoizlearekin lehengo aldiz  duela sei urte hitz egin nuen. Horrelako proiektuak aurrera ateratzea oso zaila da, eta hau helduentzako animazioa da. Dirua lortu behar da, dirulaguntzak eskatu, parte hartzen duten herrialdeak koordinatu. Pentsa, animazioa egiten 200 lagun baino gehiago aritu dira, guztira bi urte, 1.500 fondo marraztu dira, 120.000 marrazki egin dira... Denbora asko da!

Eta lan asko.

Ondo koordinatu behar da dena. Askotan iruditzen zait film bat egitea nahikoa mirari dela. Eta animazio pelikula bat egitea mirari bikoitza, eta helduentzako bada... hori arrisku-salto hirukoitza da. Uste dut taldean ez garela lortu izandakoaren kontziente.

«Aitona oroitzen dut sukaldean, labanaz zorroztutako lapitzarekin partiturak idazten. Familiako denok daukagu musika intuizioa»

Goya sarietan agian bi aldiz igoko zara oholtzara. Hor dago ‘Loop’ laburra.

Praktikoki talde berdinak egindako laburra da eta, bueno, izugarrizko arrakasta izaten ari da ‘Loop’: 120. saria gainditu dugu eta 250 festibaletan parte hartu du.

Goazen hastapenetara. Zure familiatik datorkizu musika zaletasuna.

Bai, nire aitona Candido Beristain zen; Azkoitiko bandarako musika sortzen zuen, zuzendari ere bazen batzuetan. Nik oroitzen dut bera sukaldean, labanarekin zorroztutako lapitz batekin partiturak idazten. Eta bere aita, nire birraitona, Candido Beristain ere bai, akordeoi jotzaile oso famatua zen. Bere garaian Euskadiko txapelduna izandakoa bitan edo hirutan. Baina amaren aldetik ere badut; familia guztiak abesten du ondo. Olatz Prat abeslaria nire lehengusina da. Badut beste lehengusu bat Deth Metal talde batean jotzen aritu dena... Denok daukagu musika intuizioa.

Beraz, inor ez zen harritu soinu bandak egiten hasi zinenean.

Ba ez, eta gainera aita argazkilaria zen, txikitatik bizi izan dut irudiarekiko erlazio sutsua. Nire lagunen etxean bi komun zeuden; eta gurean, komun bat eta argazki laborategi bat. Milaka diapositiba genituen, eta maiz joaten ginen gurasoekin argazki rallyetara edo erakusketetara. Horregatik zinea asko gustatu zait beti. Askotan pentsatzen dut musika izan dela zinera sartzeko nire atea.

Jakin duzu biak uztartzen.

Zinean, musika eta irudia nire ustez pack bat da. Errealitatean ere horrela gertatzen da. Zu ez zara kaletik joaten begiak itxita eta soinuak entzuten, edo alderantziz...

Googlek asko daki gutaz. Eta topatu dut rock-pop banda bat izan zenuela.  

Eskolan areto bat zegoen eta hor sortu genuen rock taldea. Garaian Sorotan Bele oso modan zegoen, eta antzeko talde bat zen. 15 urte nituen.

Eta zu pianoarekin?

Pianoa eta trabeskako flauta. Osaba batek oparitu  zidan.

Baina kontzertuak eskaini zenituzten?

Sorotan Bele-ren telonero izan ginen! Azkoitiko plaza bete egin zen! Gero beste talde bat sortu genuen: Itzaletik; pop akustiko txepela egiten genuela diot nik. Hara eta hona ibili ginen, eta Kafe Antzokian Mikel Urdangarinen telonero izan ginen, eta Zarautzen Deloreanenak... Baina nik banekien ikus-entzunezkoetan lan egin nahi nuela. Lehen laburra 2000. urtean egin nuen, eta taldea uzteko erabakia hartu nuen.

Elkarrizketa honen helburua bada soinu banda egileek nola lan egiten duzuen argitzea. Beraz, hemen galdera potoloa: soinu banda baten funtzioa zein da?

Galdera interesgarria. Luzerako eman dezake. Laburbilduz: musikaren funtzioa da istorioa laguntzea. Baina laguntzek modu asko daude. Batzuetan musikak balio du ikusten duguna indartzeko, beste batzuetan ikusten dugunaren kontrakoa esateko, edo pertsonaia bat laguntzeko edo  lokalizatzeko, garai batera joateko, akzio bat markatzeko.... gauza askorako balio du musikak. Baina nagusiki istorioa kontatzeko balio du, beste dena bigarren mailako funtzioak dira. Musikak polita behar du izan? Ba batzuetan bai, eta beste batzuetan izan behar du desatsegina... Beti istorioaren zerbitzura egon behar du.

«Orain oso zaila da zinetik irtetea melodia bat abesten. Lehenago zinera joaten zinen, Superman edo Indiana Jones ikustera, eta kantatzen ateratzen zinen» 

Soinu banda bat egitean, urrezko lege batzuk daude?

Ez dago urrezko legerik, baina jakin behar duzu zertan ari zaren. Hau da, akzio pelikula bat bada edo drama bat bada, musika ezberdina izango da. Benetako erabaki bat hartu behar da: Wagnerrek asmatu zuen kontzeptua, leitmotiv-a. Elementu musikal bat, erritmo bat edo melodia bat kontzeptu batekin erlazionatzen dena. Izan daiteke kontzeptu bat, leku bat, pertsona bat... baina ikusleak antzemango du. Modu koherente batean lan egin behar da. Denbora osoan modu koherentean jolastea klabea da.

Baina orduan generoak markatzen du soinu banda osoa?

Zinean asko jolasten da topikoekin. Topikoek denbora gutxian informazio asko ematen digute, baina beti dago norbait hori puskatzen duena. Adibidez, Ennio Morricone. Sergio Leonerekin egindako trilogian ordura arteko western filmen estetika musikala puskatu zuen. John Ford eta horiek orkestra handiak erabiltzen zituzten; eta Morriconek gitarra elektriko bat sartu zuen, eta oso apurtzailea izan zen. Baina, gero, hori bakeroen soinu banden ezaugarri bihurtu da. Alegia, badaudela arau batzuk, puskatzen diren arte.

Eta zuri gustatzen zaizu arauak puskatzea?

‘Unicorn War’ filmean denbora osoan hausten dira arauak; beraz, zentzua du musikalki ere hala egiteak. Adibidez, ‘Elkano eta Magallanes’ egin nuenean ezin zen esperimentatu; abentura film klasiko bat da, kontserbadorea. ‘Unicorn War’-ek jokoa ematen du

Horregatik sartu duzu elektronika?

Bai, elektronika Orfeoiarekin. Eta perkusio belikoa eta perkusio epikoa. Eta baxu elektriko bat biolinaren arkuarekin joa... Ez da guztiz berritzailea, baina ohiko soinu bandetatik aldentzen da.

Nondik hasten zara lanean?

Fikzioaren kasuan normalean gauza batzuk grabatuta daude. Baina animazioan ez, prozesua oso luzea delako. Gidoia eta animatika daude. Animatika da pelikularen storyboardean erabakitako planoekin egindako bideo gisako bat. Musikak zein momentutan jarri da erabakitzen den lehenengo gauza. Pertsonaia honi musika jarriko diot? Leku honi? Gidoi musikal bat sortzen da gidoi ofizialaren paralelo. Zuzendariarekin adostu behar da dena; zuzendariak ezetz esaten badu, ezetz da. Bera proiektuan lanean egon da azken bost urteetan... Beti errespetatu behar da zuzendariaren ikuspuntua. Gero, estiloa definitzen da. Estilo sonoroa: sinfonikoa, elektrikoa, akustikoa, zein instrumentu erabiliko den... Ondoren, normalean, erreferentziak topatzen ditu; eta hori guztia martxan dagoenean hasten naiz musika sortzen.

Eta nola aurkitzen duzu melodia?

Nik kontzeptu baten inguruan lan egiten dut. Adibidez, ‘Unicorn Wars’-eko ‘Azulin’ pertsonaiak egonezina, samina, tristura transmititzen du, eta ideia horrekin buelta asko ematen ditut melodia bat sortu arte. Ordenagailuari konektatua dagoen teklatuarekin lan egiten dut, eta probatzen joaten naiz. Tira eta tira egin behar zaio sokari, bukaera aurkitzen duzun arte. Nik badakit zerbait bururatuko zaidala, baina ez dakit noiz. Uste dut hori sortze prozesu denetan ematen dela. Mugikorra gainean eduki behar da beti, inspirazioa datorrenean grabatzeko. Prozesu interaktiboa izan ohi da, froga bat egin eta zuzendariari bidali bere oniritzia jasotzeko. Bestela alferrik ari zara lanean.

Aizu, zinera pelikulak ikustera edo soinu bandak aditzera joaten zara?

Ni pelikulak ikustera joaten naiz. Soinu bandetan erreparatzen hasi eta ahaztu egiten zait zer ikusten ari naizen.

Esango zenuke gaur egun joera bat dagoela?  

Bai, azken urteetan bai. Orain oso zaila da zinetik irtetea melodia bat abesten. Lehenago zinera joaten zinen, Superman edo Indiana Jones ikustera, eta kantatzen ateratzen zinen. Orain, horrelakorik ez da gertatzen, eta nostalgiko asko dago... Orain beste ildo bat dago. Sonoritatea bilatzen da, sonoritate bereziak lantzea sintetizadoreekin, eta hori lantzen da askoz ere gehiago melodia eta harmoniak baino.

Eta zu gustura zaude edo nostalgikoa zara?

Biak batera. Antzematen dut lehenago soinu bandek grazia partikular bat zutela, baina oraingoei ere hartzen diet gustua, badutelako beste interes mota bat. Orokorrean, musikari buruz hitz egiten dugunean melodiez ari gara, baina musikaren munduan beste esparru asko daude oso interesgarriak direnak, hortik harago. ‘‘Unicorn Wars’’-en denbora asko pasa dut, adibidez, soinuak bilatzen eta sortzen, eta hori asko gustatzen zait.

Uste duzu zuen lana estimatzen dela?

Soinu banda baten atzean lan handia dago. ‘Elkano’-n kalkulatu genuen 60.000 nota zeudela. ‘Unicorn Wars’-eko soinu banda egiteko 400 ordu daude atzean, lan handia da. Orokorrean, ni oso ondo konpondu naiz zuzendariekin eta baloratua sentitu naiz. Baina zinean irudia da nagusi, eta irudiari garrantzia gehiago ematen zaio soinuari baino. Ez da kasualitatea garuneko zati handia bat begiei zuzenduta egotea. Hala ere, guk gure lana egiten jarraituko dugu.