Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ikasle gorrak taldekatzea, elkarri lagundu ahal izateko giltza

Gorren taldekatzea egiten dute Getxoko Zubileta eskolan. Horrela, baliabide gehiago pilatzen dituzte ikastetxean bertan, ikasle gorrei behar duten laguntza ahalik eta ondoen emateko. Aukera ematen diete ikasleei zein senideei egoera berean dauden beste haur eta familia batzuen babesa jasotzeko.

Zubileta eskolako hainbat ikasle ikastetxeko maskotarekin.
Zubileta eskolako hainbat ikasle ikastetxeko maskotarekin. (Zubileta ikastola)

Eskola gutxi daude ikasle gorren taldekatze proiektua abian dutenak. Horietako bat da Getxon dagoen Zubileta eskola. Ezkerraldeko hainbat tokitako ikasle gorrak dituzte bertan, eta beste ikastetxe batzuetan baino baliabide gehiago dauzkate haiei eskaintzeko. Hala ere, aukera ezezaguna da guraso askorentzat, Gorren Taldekatze proiektuko lantaldeak azaldu duenez.

Zubiletan bezala gorren taldekatzea egiten duten ikastetxeak erreferentzia zentro dira ikasle gorrentzat eta haien familientzat. Beste edozein eskola edo institututan baino ikasle gor gehiago biltzen dituztenez, ikastetxea zein bertan lanean ari diren profesionalak prestatuta daude halako ezaugarriak dituzten ikasleak artatzeko. Gainera, ikasle ugari daudenez, bakoitzari dagozkion baliabideak batzen dira eta, horri esker, taldekatzea egiten ez duen zentro batean baino denbora luzeagoan daude pedagogo terapeutiko (PT) batek lagunduta, eskolako arduradunek azaldu dutenez.

Zubileta eskolan bukatutakoan Julio Caro Baroja institutuan jarrai dezakete ikasten, gorren taldekatzea egiten duen zentroa baita hori ere. Abantailak baditu ere, zenbait gurasorentzat ez da aurreneko aukera izaten, norberaren herritik eta ingurutik urruti ikastea dakarrelako, kasu askotan. Elena Rekalderen kasua da hori; bere semea gorra da, 6 urte ditu eta Portugaleten bizi dira.

Bigarren ikasturtea du Zubiletan. Aurretik Portugaleten bertan dagoen eskola batean ikasten zuen, gorren taldekatzerik ez duena. «Bertan zituzten baliabideak oso oinarrizkoak ziren», azaldu du Rekaldek. «PTek ez zekiten zeinu hizkuntza eta ezta inplanteak erabiltzen ere; erortzen zitzaizkionean etxera deitzen zuten eta guk joan behar izaten genuen jartzera», gaineratu du. Egoera hori jasan ezinda, Karen Moranen gomendioz, semea eskolaz aldatzea erabaki zuen..

Getxoko Zubileta eskolan ikasle gorren taldekatze proiektua abian dute

 

Moran Sestaon bizi da eta bere 8 urteko semeak Zubiletan ikasten du duela bost urtetik. Berak ere ez zuen batere esperientzia atsegina izan aurretik aukeratu zuen ikastetxearekin: «Umea jolastokian galdu zitzaien, irakasleek ez ziotelako keinurik egiten joan zedin». Beste istripu larri bat izan zuen semearen beharrei behar besteko arreta jartzen ez ziotelako, eta taldekatzea egiten zuen zentro batera eramatea erabaki zuen, semearentzat egokiagoa izango zela iritzita.

Nerea Goikoetxearen semea, aldiz, betidanik egon izan da gorren taldekatzea egiten duen Getxoko ikastetxean: «Pentsatu genuen aukera hobea izango zela berarentzat horrelako eskola batean egotea, baliabide gehiago izango zituelako eskura». 17 urte dauzka semeak dagoeneko eta Lanbide Heziketan ari da ikasten orain. Jaio zenean Barakaldoko Retuerto auzoan bizi zen familia, baina Algortara aldatzea erabaki zuten, azaldu duenez; «beste bi alaba dauzkagu eta kaosa litzateke bik toki batean eta hirugarrenak beste batean ikastea».

Izan ere, gorren taldekatzea aukeratzen duten ikasleek beren herritik kanpo ikasi behar izaten dute sarri, horrek bizitza sozialean duen eraginarekin eta gurasoentzat izan daitekeen nahasmenarekin, are gehiago seme-alaba gehiago badituzte. Gorra den ikaslearentzat Hezkuntza Sailak garraioa jartzen du, baina ez haren anai-arrebentzat, eskola berera joan behar badute. Hori dela eta, gurasoek ibili behar izaten dute umeak eskolara eramaten, edo bakoitza ikastetxe batera bidali behar izaten dute.

Gazte bat inplante batekin, artxiboko irudian.

Abantailak, garaile

Alde txarrak baditu gorren taldekatzea egiten duten ikastetxe batean ikasteak, baina Rekaldek, Moranek eta Goikoetxeak abantailak gehiago direla uste dute. Batetik, gorra den ikasle bakarra ez izatea. «Segurtasuna ematen die inplanteak dituen beste ume batzuk ikusteak», baieztatu du Moranek. Gorrak direla normaltasun handiagoarekin bizitzeko aukera ematen diela gehitu du Goikoetxeak. Gainera, urtean behin topaketa bat antolatzen dute taldekatzea egiten duten Bizkaiko beste eskola batzuetako ikasle gorrekin batzeko eta elkar ezagutzeko.

Horretaz gain, badago baliabide kopuruaren afera ere. «Beste eskolan logopedarekin bi ordu zituen astean eta PT lau orduz», azaldu du Rekaldek, baina orain bere 6 urteko semeak kasik une oro dauka PT baten laguntza ikasgelan bertan eta logopedarekin dituen saio kopurua bere beharrei egokituago dago lehen baino. Goikoetxeak bat egiten du Rekaldek nabarmendutakoarekin: «Zentroan bertan badaude logopedak eta bestelako laguntzak emateko profesionalak; beste ikastetxe batzuetan jartzen dizutena leku batetik bestera joaten da eta ordu gutxiagoz egoten da».

Eskola orduetatik kanpo, ordea, PT edo bestelako laguntzarik gabe geratzen dira ikasleak; «igeriketa edo futbola egin nahi badu, moldatu beharra dauka», zehaztu du Goikoetxeak. Rekalderen semea antzerki eta ingeles klaseetara joaten da eskolan bertan, baina laguntzarik ez duenez, galdu egiten da: «Eskolari ez diote baliabiderik ematen eskolaz kanpoko jardueretarako».

Inplanteak ez dira belarriak, makina batzuk baizik eta, beraz, inplanteak daramatzaten pertsona gorrek ez dute gorrak ez direnek bezala entzuten

 

Rekaldek, Moranek zein Goikoetxeak azpimarratu duten arazoa da gizartean nagusi den ezjakintasuna. «Eskolan azaltzen diegu gainontzeko umeei inplanteak nola tratatu eta zeinu hizkuntza apur bat ere erakusten zaie», azaldu dute Zubiletako proiektuko kideek. Hori ez da, ordea, gehienetan bizi duten errealitatea. «Uste dut gurpil-aulki bat ikustean enpatia berehala pizten zaigula; aldiz, gorra denean eta inplanteak daramatzanean jendeak uste du entzuten duela eta listo, baina ez da horrela», zehaztu du Rekaldek.

Izan ere, kokleako inplanteak ez dira belarri naturalak, entzumenean laguntzen duten makina batzuk baizik, eta, beraz, inplanteak daramatzaten pertsona gorrek ez dute gorrak ez direnek bezala entzuten. «Semearen PTak badaki gauzak behin baino gehiago esan behar zaizkiola», azaldu du Moranek, «baina orain konturatzen da kalean begira geratzen zaizkiola eta deseroso sentitzen da». Goikoetxeak ere bizi izan ditu inoiz egoera deserosoak jendearekin, nahiz eta bere semeak normaltasunez bizi duen bere errealitatea: «Etxean saiatu gara inplanteak normaltzen eta, betidanik eraman izan dituenez, ohituta dago».

Ikasle zein senideentzat, babesleku

Seme-alabak gorren taldekatzea egiten duen ikastetxeren batean egoteak familiei ere mesede handia egiten die: «Hasieran oso galduta zaude eta asko laguntzen du ikusteak gorrak diren gainontzeko haurrek beste edozein umek egiten dituzten gauza berak egiten dituztela». Ulertuz elkartean daude hiru familia hauek, eta denek eskertu dute bertan jasotako orientazioa eta babesa, eskola bera aukeratzerakoan, adibidez.

Adin desberdinetako semeak dituzte Rekaldek, Moranek eta Goikoetxeak eta badago aldea haietako bakoitzak bizitako egoeren artean, hala nola arlo ekonomikoari dagokionez. «Gure semea operatu zutenean Bartzelonara joan behar izan genuen, denok joaten ginen hara», horrek dakarren gastuarekin.

Izan ere, jasotzen dituzten dirulaguntzak ez dira gastu guztiak ordaintzeko adinakoak, Goikoetxeak azaldu duenez. «Orduan Osakidetzak inplante bakarra jartzen zuen eta bestea guk ordaindu behar izan genuen», gaineratu du, «izugarrizko dirutza» izan zela azpimarratuta. Badira urte batzuk behar duten umeei ebakuntza Donostian egiten dietela eta bi inplanteak Osakidetzan bertan jartzen dizkietela haurrak direnetik.

Lau bateria eta lau kable erosteko aurrekontua eskatu eta 2.000 eurokoa eman ziguten; bi hilabetera berriz eskatu eta 4.000 kobratu nahi zizkiguten

 

Behin inplanteak jarrita, ordea, gastu ugari beren gain hartu behar izaten dute familiek. Haurrei inplanteak egindakoan, buru barruan marka jakin bateko gailua ezartzen diete eta, beraz, kanpoko zatiak ere etxe berekoa izan behar du. Horrek enpresari erabateko askatasuna ematen dio prezioak nahi beste igotzeko, gorrek prezio horiek ordaintzea beste aukerarik ez daukatelako entzun nahi badute. «Pieza batzuk erosteko dirulaguntza ematen dizute, baina beste batzuetarako ez. Bateriek 200 euro inguru balio dute eta hiru bat urte irauten dute», azaldu du Nerea Goikoetxeak.

Cochlear inplantea dauka bere semeak, baina Rekalderenak eta Moranenak MED-EL daukate eta hau are garestiagoa da, Rekalderen hitzetan: «Lau bateria eta lau kable erosteko aurrekontua eskatu eta 2.000 eurokoa eman ziguten; bi hilabetera berriz eskatu eta 4.000 euro kobratu nahi zizkiguten». Gainera, Gizarte Segurantzak urte jakin batzuk igarotakoan baino ez du inplante berria diruz laguntzen. Ondorioz, «denbora hori igaro orduko pieza bat apurtu eta deskatalogatuta badaukate, norberak ordaindu behar du inplante berria».

Zailtasunak zailtasun, ikasle gorrei behar bezala ikasteko aukera ematen diete Zubiletan bezala gorren taldekatzea egiten duten eskolek. «Eman diezaiegun aukera profesionalki garatu daitezen», aldarrikatu du Moranek, bere semea bezala gorrak diren beste umeen eskubidea ere badelako ikastea.