Alessandro Ruta

Paddy Chayefsky, haserrea eta arrakasta gidolari batengan gorpuztuta

Zine-gidoilaririk handienetako bat izan zen, hiru aldiz Oscar Saria irabazitakoa eta duela mende bat jaioa, 1923ko urtarrilaren 29an. Gaur egun guztiz ahaztua bada ere, bi hamarkadatan zehar mugarria izan zen.

Paddy Chayefsky, lanean.
Paddy Chayefsky, lanean. (Wikipedia Commons)

Bi pertsona baino ez dute hiru aldiz gidoilaririk onenaren Oscar Saria irabazi. Bata Woody Allen da, guztiontzako aski ezaguna, zinemaren maisua. Bestea 1923ko urtarrilaren 29an jaiotakoa, mendeurrena bete berria da beraz; bere izena, Paddy Chayefsky.

Askotan gertatzen den bezala, garrantzi handia izan bazuen ere, bere aurpegia ez da apenas ezagutzen. Besteak beste, nahiko goiz hil zelako, 1981. urtean, 58 urte zituela, minbiziak jota. Horren gainetik, idatzi zituen filmak oso bereziak izan ziren.

«Marty»

Aurreratu dugun moduan, hiru Oscar Sari lortu zituen Chayefskyk 21 urtetan zehar, 1955tik 1976ra. Gidoilaririk onena bilakatu zen hiru pelikula hauengatik: ‘Marty’, gazteleraz ‘Anatomía de un hospital’ bezala zabaldu zena eta ‘Network’. Gidoi guzti hauek jatorrizkoak ziren, Paddyren buruan sortuak eta ez beste inondik hartuak.

Hil zen egunean ‘New York Times’ egunkariak honako hau azpimarratu zuen: «Bere heriotza bizitzaren azken ekintza izan da, idatzi zuena bezain konplexu eta koloretsua».

Chayefsky New Yorkekoa zen, Bronxekoa hain zuzen ere. Hori inspirazio iturri gisa hartu zuen, esate baterako 1955ko ‘Marty’ filmarako. Zinemak benetako mirariak eragin ditzake, eta ‘Marty’ multzo horretan kokatzeko modukoa da: itxuraz ez dago ezer berezirik Delbert Mannen lan honetan, baina Urrezko Palma Cannes-en eta Pelikularik Onenaren Oscar Saria irabazi zituen, gehi, noski, gidoi onenarena, Chayefskyri esker.

Chayefski telebistarako hasi zen lanean, Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Garai hartan telebistarako filmakk modan zeuden eta Paddy bultzatzaile onenetako bat zen. Arazo txiki bat bazuen, hala ere: zuzendari bezala aritu behar zen, nahiz eta bere gogoan bakarrik gidoilaria izan nahi. Izan ere, beste zuzendari batek berak idatzitakoa aldatzea ez zuen batere gogoko. Horregatik beti «haserre» izanaren ospea bizkarrean eramango zuen Paddyk.

‘Marty’ pelikula pantaila txikirako prestatu zuen eta, arrakasta lortu ostean, zinemarako ere eskaintzeko urratsa eman zuen Chayefskyk. 2019. urtera arte (‘Parasite’) Urrezko Palma eta Pelikularik Onenaren Oscar Saria aldi berean irabaziko zituen film bakarra izango zen.

‘Marty’n ez dago asmatuta dagoen ezer. Protagonista den italo-amerikar harakina (Ernest Borgnine, Aktorerik Onenaren Oscar saria jaso zuena) Bronxen bizi da, Chayefsky bezala. Oso tipo inozoa da, bere buruari beti «pertsona alferra» zela esateko ohitua, itxura itsusia duena, baina honelakorik jada espero ez duenean maitasunarekin egiten du topo.

Erraza, merkea, egunerokoa, ia neoerrealista, ‘Marty’ mirari txiki bat izan zen, bai. «Kasualitatez elkartu ginen –aipatu zuen Delbert Mann zuzendariak–. Paddy oso tipo jatorra zen, eta zuzena. Gauza pilo bat zituen esateko, edozein gaiari buruz».

Bakarrizketak

«Paddyren berezitazunak bakarrizketak ziren», idatzi zuen David Itzkoff ‘New York Times’eko kultur-kazetariak ‘Mad as hell: the making of Network and the fateful vision of the angriest man in movies’ saiakeran. «Haserre zegonean ziuraski zerbait interesgarria aterako zen», ondorioztatu zuen.

Zergatik ziren bakarrizketak hain garrantzitsuak? Chayefskyk, telebistarakoez gain, antzerki-lanak idazten zituelako. Bere bigarren lan arrakastatsu handian, ‘The Hospital’ delakoan, argi nabaritzen da hori.

Protagonista etsipenak jota dagoen sendagile bat da (George C. Scott aktorea), itxuraz bere buruaz beste egiteko joera duena. Bere semearen aurka egiten du, mundu osoaren kontra. Inpotentzia eta burgesiari buruzko bakarrizketa itzela da film satiriko honetan. Beti bezala, lanaren kontrol osoa zuen Chayefskyk eta, datu adierazgarri gisa, kanpotik entzuten den ahotsa berea da.

Gazteleraz ‘Anatomía de un hospital’ izenburu izan zuen film honi esker Chayefskyk bigarren Oscar Saria eskuratu zuen, jatorrizko gidoiagatik. Baina oraindik onena etortzear zen, hirugarren sari txikiarekin alegia: ‘Network’ (‘Un mundo implacable’) gazteleraz, maisulana da, 70eko hamarkadako pelikularik onenetako bat.

Telebistari buruzko satira eta salaketa dakartza aldi berean: kate batek esatari bat kaleratu nahi du, audientzia datua negargarria delako. Baina, Howard Bealek, esatariak, bere saioan zehar bere buruaz beste egingo duela iragartzen du, eta bat-batean kateak programazioari eutsi behar dio. Horrela, jarrera populistaren eta multinazionalen aurkako «profeta eroa» bilakatuko da esataria. Audentziak berriz gora egingo du, baina aldi berean Howard Beale isilarazi beharrean izango dira.

Bealek (Peter Finch aktoreak) askotan bakarrizketak izaten ditu, baina beste pertsonai batzuek ere bai, Arthur Jensen telebista-katearen buruak (Ned Beatty aktoreak), esate baterako. Izugarria da, biak estudio batean itxita direla, Bealerekin boterea korporazioen esku egoteari buruz egiten duen hitzaldia, dena in crescendo baitoa eta Jensen ia deabru gisa jartzen dute.

Beale hiltzea izango da irtenbidea, bere telebista-saioan zehar, jakina. Esatariaren hitzak («I am mad as Hell and I am not going to take this anymore», «Erabat haserre nago eta ez dut ezer gehiagorik onartuko») zinemaren liburuetan daude jada, Paddyk idatzitakoak.

McCarthyren radarrean izan zen Chayefsky. Eta bere filmak oso egokiak dira gaur egun ere

 

Haserre Howard Beale, haserre Paddy Chayefsky, hirugarren Oscar Saria irabazteko prest zegoena, gehi beste hiru sari, guztiak aktoreentzat: Peter Finch-i, Faye Dunaway-ri (programazioaren zuzendaria) eta Beatrice Straight-i (albisteen arduradunaren emaztea). Azken hau soilik bost minutu eta lau segunduz agertzen da, eta ia denbora guzti hori bakarrizketan ematen du, bere senarraren kontra (William Holden handia) mintzatzen, Faye Dunawayren pertsonaiarekin maitemindu delako. Marka da hura, gainditzeko zaila.

Telebistaren mundua oso ongi ezagutzen zuen Chayefskyk. Ezkertiarra, 50eko hamarkadetan McCarthy senatari antikomunistaren radarrean izan zen. 1981. urtean hil zen baina bere pelikulak, agian ez hain famatuak baina oso egokiak gaur egun, gurekin gelditu dira.