Negua berriz ere gogor jotzen ari den honetan, eskuzko enpresa profesionalei manta motzarekin gertatu ohi dena gertatzen ari zaie, burua tapatuz gero hankak hozten zaizkiela eta beheko aldea babestuz gero, goikoa dela agerian geratzen dena. Urteak dira pilotari taldeak gero eta murritzagoak direla eta lehiaketa aldetik urteko sasoirik beteenean, gabeziak agertu dira. Denera 43 dira gaur egun Aspen (22) eta Baikon (21) dauden pilotariak eta astebururo, Lehen Mailako eta Promozioko txapelketekin bakarrik, gutxienez 32 behar dituzte konpromisoei erantzuteko eta, hiru partidako jaialdiak salbuespena diren arren –asteburu honetan ez da bakarra ere egongo–, eskas geratzen da lesioak edo eskuko minak pilatzen hasi orduko.
Egoera honen guztiaren ondoriorik larriena EPEL-ek astearte honetan jakitera eman duenez, larunbatean Markinan jokatzekoa zen Promozio mailako partida bertan behera geratu dela, Baikok Agirre-Iztueta bikote titularrarentzat ordezkorik ez duelako. Gauzak horrela, Salaberria-Oier Etxebarriak eramango du puntua 22-0eko emaitzarekin. Patuaren kontuak, lehen itzulian gauza bera gertatu zen bi bikote hauen artean eta liderrek pilotakada bat jo beharrik izan gabe irabazi dituzte bi puntuak iruindarraren eta tolosarraren aurka.
Kontua da, lesioak pilatuta, Bilboko enpresako teknikariak asteburuko puzzlea osatzeko piezarik gabe topatu dituztela euren buruak, eta hori, azken bi asteetan jokatu ezinik aritu den Jon Mariezkurrena igandean Labriten aritzeko prest dagoela. Lehen Mailakoan, jakina zen Ander Imazen hutsaz harago, Mikel Urrutikoetxea ere ordezkatu behar izan dute, Zaratamokoak lesio bat baitu ezker sorbaldan. Iñaki Artola eta Unai Alberdi aste batzuetarako bajan, Iker Larrazabal hautatu dute ostiralean Tafallan Albisurekin Peio Etxeberria eta Rezustaren aurka aritzeko, baina amurrioarengana jo behar izanak Promoziokoan dituzten gabeziak areagotu baino ez ditu egin. Larrazabal eta Eskirozek, esaterako, 24 ordutan lehen eta bigarren mailako partidak jokatu beharko dituzte, larunbatean bakoitzak bere aldetik eta igandean Altsasun bikotea osatuta, eta Alberdi-Uriondok ordezkatuko dituzte larunbatean Labriten Zubizarreta eta Elizegi.
Hiru partida 24 ordutan
Arazoak, ordea, ez dira Baikora murrizten, nahiz eta Bilboko enpresan eragin handiagoa izan duten. Promoziokoan ugariak izaten ari dira gazteen eskuko minak, esaterako, azken bi jardunaldietan ez da ordezkapenik gabeko partidarik jokatu eta Victorren kasua ere ikargarria esanguratsua izaten ari da. Azkenean enpresak atzera egin bazuen ere, Ezcaraygoa hiru partidatan egon zen iragarria 24 ordutan, larunbatean Zabalaren ordezko Idiazabalen Promozioko Binakakoan, igande goizez lau eta erdiko lagunarteko batean Ribaforadan eta Egigurenen ordezko arratsaldez Eibarren, berriz ere txapelketan. Azken orduan, kaiolakoa bertan behera geratu zen eta afizionatuen arteko partida bat jokatu zuten Tuterako Merindadeko herrian.
Binakakoen lehen fase luze hau amaituta, pilotarien eskaria murritzagoa izango da eta orduan kirolariak izango dira jokatzeko irrikan izango direnak –txapelketatik kanpo dauden batzuk ere horrela daude oraintxe– baina argi dago egungo multzoa eskas geratzen dela arazo fisikoak apur bat pilatzen direnean.