Zaldibarko zabortegia amildu eta hiru urtera, Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Verter Recyclingi exijitu dio zabortegia «behin betiko» zigilatzeko eta itxi ondorengo kontrol eta jarraipen neurriak hartzeko. Gobernu batzordearen osteko agerraldian izan da Tapia, Bingen Zupiria bozeramailearekin batera.
Astelehenean bete ziren hiru urte Zaldibarko zabortegia erori eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak bertan lurperatuta geratu eta horrek inguruko ingurumenean eragin larriak eragin zituela.
Tapiak adierazi duenez, Lakuak, modu subsidiarioan, «hasiera-hasieratik» gauzatu zituen desagertutako langileak bilatzeko lanak, bai eta zabortegia egonkortzeari eta ingurumenaren gaineko kalte berriak prebenitzeari dagozkionak ere. Zentzu horretan, nabarmendu egin du gaur egun Zaldibarko zabortegia «egonkortuta eta prezigilatuta» dagoela, eta ingurumen baimena aldatuta duela.
Ildo horretan, exijitu du titularrek behin betiko zigilatzea eta itxi ondorengo kontrol eta jarraipen neurriak hartzea. Izan ere, kazetarien galderen ondorioz onartu behar izan duenez, hau ez da betetzen ari. Azaldu duenez, merkataritza arloko epaitegiak konkurtso likidazioaren prozesua onartzearen ondorioz, Verter Recycling 2022 SLri dagokio jarduketa horiek betetzea, konkurtsoan eta likidazioan. Ikusmira enpresarengan jarri nahi izan duen arren, ezbeharraren aurretik Zaldibarko zabortegian zegoen kontrol falta nabarmendu dute hainbat ikerketak.
Ingurumen erantzukizunaren arloan indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala, Lakuak modu subsidiarioan hartu zituen lerraduraren ondoriozko ingurumen kalteak «saihesteko eta minimizatzeko» eta desagertutako pertsonak bilatzeko lanak. Funtsean, lerratutako hondakinak jatorrizko isurketa ontzitik atera eta egonkortzeko jarduerak egin ziren. Jarduera horiek 28 milioi euroko gastua eragin zuten, eta orain enpresari erreklamatzen ari zaizkio.
Hala ere, erreklamazio hori egin aurretik, Verter Recycling enpresak konkurtso prozesua hasteko eskatu zuen, likidatzeko eta, ondoren, desegiteko. Gastu horiek Verterrek bere gain ez dituela hartuko pentsatzeko beste adibide bat ere badago. Duela urtebete, espainiar Auzitegi Gorenak, Madrilen izandako antzeko kasu batean zehaztu zuen Administrazioak ordaindu behar duela zabortegi batean hildako pertsona baten bilaketa.
Bestetik, 2022ko otsailaren 3ko ebazpen batean, Verterri emandako hondakin ez-arriskutsuen zabortegi jarduerarako ingurumen baimen integratua aldatu egin zen eta amaitutzat eman zen isurketa jarduera. Era berean, enpresari eskatu zitzaion zabortegia zigilatzeko eta itxi ondorengo kontrola egiteko. Oraingoz, Tapiak baieztatu duenez, Lakuak ohiko ikuskapenak egiten jarraitzen du, zabortegiak nola eboluzionatzen duen ikusteko, eta, era berean, «Verterri eskatzen dio dagozkion mantentze eta zigilatze lanak egin ditzala, baita dagozkion kontrol lanak ere», insistitu du.
Gobernuaren babes juridikoarekin deklaratzera
Azkenik, kazetarien galderei erantzunez, Tapiak baieztatu du apirilean deklaratu beharko duten bere Departamentuko hiru kideek Gobernuaren abokatuen laguntza juridikoarekin egingo dutela, «Gobernuko beste edozein langilek bezala». Durangoko epaitegi batek apirilean deklaratzera deitu ditu Lakuako Ingurumeneko hiru teknikari. Dei egiten zaie Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskaritza Zerbitzuko teknikari gisa, 2011ko martxoaren 24ko ingurumen baimen bateratua Verterri eman zitzaionean «esku hartu baitzuten». Era berean, hiru pertsona horietako bati deitzen zaio, 2017ko ekitaldian programatutako ikuskapenetan parte hartu zuelako.
Zaldibarko hondamendiaren inguruan bi prozedura judizial egon dira. Lehenengoa, bi langileen heriotzagatik, 2021eko irailean itxi zen, Fiskaltzaren eta inputatuen arteko akordio batekin. Verter Recycling zabortegiaren enpresa jabearen hiru arduradunek beren gain hartu zuten heriotza horien erantzukizuna, sei hilabeteko espetxe zigorra onartuz eta hildakoen familiei kalte-ordaina emanez, eta, horrela, kartzelan sartzea saihestu zuten. Bigarren prozesu judizialean, Durangoko epaitegiak Verterreko arduradunen aurka ireki zuenekoan, ingurumen eta osasun publikoko ustezko delituengatik, Lakuako teknikariak deklaratzera deitu dituzte.