Begi onez hartu dute Nafarroako Torturatuen Sareko kideek IVAC erakundeak torturari buruz egin duen txostena Parlamentuan ofizialki aurkeztu izena. Horrela nabarmendu du Sareko kide Jorge Txokarrok kazetariei egin dien adierazpenetan, sindikatu nagusien kideak eta tortura pairatu izan duten beste kide batzuk alboan zituelarik, astearte honen arratsaldean.
«Begi bistan gelditzen da tortura ez dela kasu isolatu bat izan, baizik eta sistematikoa izan dela. Ez da Guardia Zibilaren edo Polizia Nazionalaren ardura soila, sistema oso baten ardura baizik», nabarmendu du Txokarrok.
«Torturaren afera haibnat urte lur azpian izan eta gero, argitzen hasi gara. Egia da ibilbide oso luzea izanen dela. Abiapuntuan gaude», adierazi du torturatuak.
Bide hau luzea izango delaren seinale, aste honetan bertan Iratxe Sorzabalen kasuan Auzitegi Goren espainiarrak torturapean lorturiko adierazpenak zigor espetxea berresteko onetsi dituela gogoratu du Txokarrok. «Horrek eramaten gaitu esatera tortura gaur egun, 2023. urtean, mekanismo prozesal bezala jarraitzen dela erabiltzen. Honek isladatzen du bide luze baten aurrean gaudela eta ibilbide honetan kontraposizio bat dagoela», gaineratu du.
«Bide bat hasi dugu, instituzioen ateak hasi dira zabaltzen, baina aldiz Madrilen euskal herritarrak zigortuak dira torturapean lorturiko deklarazioengatik», salatu du.
Hemendik aurrera, sare bezala lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute, datozen hilabeteotako hautes-giroa horretarako hoberena ez dela jakin badakiten arren. Horrela, aurkezpenak egiten jarraitzeko asmoa dute, herriz herri Nafarroan zehar. Honekin batera, udaletan mozioak sartzen segituko dute, momentuz ehun herri ingurutan egin dutelarik. Horrekin batera, Sareko kideen elkarren arteko zaintza ere etorkizunerako egin beharreko lana izango dela nabarmendu du Txokarrok.
Honekin batera, martxoaren 3an IVACek Sareari txostenaren aurkezpen ofiziala egingo dio eta Nafarroako jendarteari bertan presente egoteko deia egin diote. «Guretzako garrantzitsua da gizartea gurekin bat egitea ibilbide honetan, ez baita solik erakundeen ardura», azaldu du Txokarrok. Hitzordua 18.30tan izango Nafarroako Sendagileen Kolegioan (Nafarroa Behereko etorbidean).
Sindikatuen sostengua
Torturatuen Sareko kideek Parlamentutik bertatik jarraitu dute IVACen ordezkarien agerraldia, eta sindlkatu nagusien sostengua jaso dute. ELA, LAB, CCOO, Steilas, EHNE, CGT eta ESK sindikatuetako ordezkariak izan dituzte alboan.
Komunikabideei igorritako ohar batean, ELAK «torturei buruzko ikerketarekin jarraitzeko eta biktimen erreparazioarekin aurrera egiteko» eskatu die alderdiei. Bide batez, IVACen txostenaren garrantzia nabarmendu du, «lehen aldiz, modu ofizial, profesional eta independentean egiaztatzen delako Nafarroan tortura sistematikoki egin dela motibazio politikoengatik».
LABek, bere aldetik, «torturaren gaineko ikerketan sakontzearekin batera, aitortza eta erreparaziorako neurriak hartzea» eskatu dio Nafarroako Gobernuari. «Tratu txarren eta torturaren errealitatea egiaztatu den arren, nahiz eta giza eskubideen urraketa larritzat jotzen diren delituak izan, helburu politikoekin erabilitako indarkeria izan da, etsaitzat hartutako sektore sozial eta politikoa suntsitzeko, duela gutxi arte iraunarazi dena. Izan ere, indarkeria ukatua, ikertu gabea eta zigortu gabea izan da. Nafarroako erakundeek, haien agintariek eta beste erakunde politiko, sozial eta sindikal batzuek jarrera konplizea hartu dute, eta, hamarkadatan, beste alde batera begiratu dute biktimengandik aldenduz eta haien oinazean inpaktatuz», gaineratu du.
CCOOrentzat «beharrezkoa da torturaren erabilera deslegitimatzea, eta gertatutako kasuen ezagutzan eta biktimei ematen zaien laguntzan aurrera egitea». «Torturaren fenomenoaren tamainak, torturaren praktikaren bidegabekeriak, biktimengan sortzen duen kalte izugarriak eta erakunde publikoen narriadurak, horrelako zerbait suposatzen baitu, gogoeta eginarazi behar digu, gizarte gisa, torturaren jardunaren inpunitateaz», gaineratu du.
EHNEk ere «torturaren eta tratu txarren biktementzat egia ezagutzea eta justizia eta erreparazioa egotea» eskatu du. Horretarako, Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari txostena jendartean zabaltzeko eskatu die.
Steilasek begi onez ikusi du txostena Parlamentuan aurkeztu izana. «Tortura eta tratu txarrak giza eskubideen urraketa larria dira eta giza duintasunaren aurka egiten dute zuzenean. Urte askoan, administrazio publikoek eta alderdi politiko askok isilarazi eta ukatu dituzte gertaera horiek», gaineratu du.