NAIZ

Euskaltzaindiak bere webgunea osatu eta berritu du

Euskaltzaindiaren webgunea osatuagoa da gaurtik aurrera. Bilatzaile funtzionalago bat garatzeaz batera, zenbait argitalpen batu dira gunera, tartean hildako euskaltzainen biografia osoak edota ‘Adorez’ eta ’Azkue’ hiztegiak.

Euskaltzaindiaren webgune berritua.
Euskaltzaindiaren webgune berritua. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak orain bost urte, 2018an, aurkeztu zuen webgune berritua eta, ordutik aldaketa txikiak izan baditu ere, oraingo honetan aldaketa «esanguratsu eta mamitsuak» egin dituzte, Akademiaren hitzetan.

Batetik, ‘Euskaltzaindiaren Hiztegia’ itxura berrituarekin eta bilatzaile funtzionalagoarekin dator, bilaketa-aukera berriak eskaintzen dituena. Sarrera berri edota berrituak ere baditu, azken hilabeteetan 1.959 forma moldatu eta 404 forma berri (bioeraikuntza, erresilientzia, gentrifikazio...) gehitu baitituzte.

Bestetik, ‘Adorez Hiztegia’-ren eta ‘Azkue Hiztegia’-ren datu-baseak ‘Euskaltzaindiaren Hiztegia’-ren datu-basean txertatu dira. ‘Orotariko Euskal Hiztegia’ (OEH) ere eguneratu da eta ‘Euskararen Gramatika’ liburuaren online bertsioa ere argitaratu da: liburuaren eduki osoa modu aberastuan ematen da, kontsulta-modu desberdinak eskainiz.

Horrez gainera, pertsona-izen epizenoen azalpen-testuak eguneratu dira ‘Euskal Onomastikaren Datutegian’ (EODA). Testua eguneratzeaz gain, deskribapenaren barruan estekak gehitu dira, hiru baliabideetara: EH, OEH eta EODA.

Webgunearen berritzean, hizkuntza-baliabideak atalaren menu-egitura berria prestatu da. Horrez gain, Euskaltzaindiaren webgunearen gaztelaniazko bertsio berria ere landu da. Azaldu dutenez, hasiera batean, webgunearen alderdi instituzionala izango da gaztelaniaz erakutsiko dena.

Hildako euskaltzainen ataria

Hildako euskatzainak ere gogoan izan dituzte berritzean. Azpiatal berrian, euskaltzain osoen, ohorezkoen eta urgazleen fitxa biografiko osoak ikus eta irakur daitezke.

Bestalde, ‘Towards a Methodological Model for a Social History of Languages: a basque contribution’ liburua online irakurtzeko sistema garatu da. ePub formatutik abiatuta, edozein gailutan irakurtzeko bisorea landu da. Akademiatik zehaztu dutenez, bisore hori etorkizunean online formatuan argitaratzen den Euskaltzaindiaren edozein liburutan erabili ahal izango da.

Euskaltzaindiatik nabarmendu dutenez, Hizkuntzen Historia Soziala iker-eremua gaur egun zertan den aurkeztu ez ezik, metodologia historiko soziolinguistiko zehatza eta zorrotza eskaintzen du Euskararen Historia Soziala egitasmoaren testuinguruan idatzitako liburu honek.

«Eredu berritzailea izanik eta nazioarteko ikertzaileek izan dezaketen interesa ikusita», soziolinguistikari lotutako metodologiaren ingeleseko bertsioa ere paratu dute Mikel Zalbidek eta Lionel Jolyk.