Hamarkadetako nahia eta ezina
Legebiltzarrak Mañeru zonalde ez-euskaldunetik mistora pasatzea eragotzi izana Nafarroan euskararen estatus legalaren inguruko gatazkaren azken pasartea da. Gatazkaren mugarri nagusien azterketak bere oinarriak ulertzen eta etorkizuneko erronkak identifikatzen laguntzen du.
Aurreko otsailaren 2an, Nafarroako Legebiltzarrak Mañeru zonalde ez-euskaldunetik mixtora pasatzeari atea itxi zion PSN eta Navarra Sumaren kontrako botoekin, bertako udalbatzak aho batez aldaketa eskatu zuen arren. Bi alderdien artean 31 eserleku dituzte Legebiltzarrean, gehiengo nahikoa Lizarraldeako herria zonalde mixtoan sartzea eragozteko. Gertaerak soilik Mañeruri eragin badio ere, Nafarroan euskararen estatus legalaren inguruan azken hamarkadetan eman den eta oso bizirik jarraitzen duen pultsua islatzen du: zonifikazioak eta bere jatorrian dagoen euskarafobiak eragindako gatazka. 1986an "Vascuencearen legea" onartu osteko bi mugarriren azterketak gako batzuk ematen ditu.
Euskararen ofizialtasunaren aldeko borrokaren mugarri nagusia Oinarriak plataformaren ekimena izan zen. 2000. urtean, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea helburu zuten eragile sozial, sindikal eta politikoak bildu zituen. Herri Ekimen Legegile bat proposatzeko behar ziren sinaduren langa erraz gainditu eta 48.246 lortu zituen. Plataformaren ekimenari erantzunez Miguel Sanzek, garaiko Nafarroako presidenteak, zera adierazi zuen: «Euskararen Legea kontrako norabidean errebisatzeko eskatzen diguten 150.000 bozka ditugunok [Oinarriak-en ekimenari] kontra egin ahal diogu». 2001eko otsailan, plataformak 27.000 pertsona atera zituen kalera, garai hartako manifestaldirik jendetsuena Nafarroan. Abenduan, beste 10.000 pertsona mobilizatu zituen. Alperrik. Sanzek dekretu murriztaile batekin erreakzionatu zuen.
Euskararen egoera legalaren inguruko dialektika hark gako garrantzitsu bat azaleratu zuen: garai hartan ofizialtasunaren alde zegoen indar soziala era eraginkorrean artikulatuta eta mobilizatuta ere, Nafarroako Gobernuak maila legalean atzerapausoa eman zezakeen (eta eman zuen) ongi zekielako gehiengo handiago baten babesa edota onarpena zuela. Bere posizioa hegemonikoa zela, alegia.
Erabileraren sustapenaren inguruko jarrerak
1991tik bost urtean behin egin diren inkesta soziolinguistiko ezberdinek, besteak beste, nafarrok euskararen erabileraren sustapenaren aurrean ditugun jarrerak neurtu dituzte. Hiru jasotzen dira: sustapenaren aldeko eta kontrako jarrerak eta indiferentzia. Euskararen erabileraren sustapenaren aldeko jarrera 1996tik 2016rako epean ia bost puntu jaitsi zen, %38tik %33,3a izatera pasatuz. Kontrako jarrera, ordea, aipatutako denbora tartean %32tik %39,1era igo zen. Indiferenteen blokea %30etik %27,6ra pasa zen. 2015ean boterea galdu zuenetik nafar eskuinak eta zenbait komunikabidek euskararen sustapenaren eta balioan jartzearen kontra egin duten kanpaina kontuan hartuta, datuek okerrera joko dutela aurreikus daiteke. Kontuan hartu beharra dago zonalde ez euskaldunean, zonalde mixtoan eta zonalde euskaldunean joerak oso ezberdinak direla eta zonalde ez euskaldunean euskararen erabileraren sustapenarekiko kontrakotasuna nabarmen handiagoa dela. VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2016an zonalde ez euskalduneko biztanleriaren soilik %19,1a zegoen sustatzearen alde. Joera hauen bilakaera funtsezkoa da: euskararen partida politiko eta legala aipatutako hiru posizioen inguruko dialektikan jokatzen da, hegemoniaren inguruko batailan, alegia.
1986an Euskararen Foru Legea onartu zenetik, Nafarroa gobernatu duten alderdiek hizkuntz politika murriztaileak aplikatu dituzte euskararen erabileraren sustapenaren kontrakoen babesarekin, indiferenteen onarpenarekin eta alde gaudenon kontrakotasunarekin. «Aldaketaren legegintzaldia» salbuespen bat izan zen. Aldaketaren indarrek Parlamentuan zuten gehiengoa baliatuta eta zonaldez aldatu nahi zuten udalen eskaeretan oinarrituta, Euskararen Foru Legea aldatu zen. Atetz zonalde mistotik zonalde euskaldunera pasa zen eta beste 44 herri, zonalde ez euskaldunetik mistora. Aiegi, ordea, bidean gelditu zen erreferendumean gehiengoak zonalde ez euskaldunean gelditzearen alde egin zuelako. Edozein modutan, 2017an emandako aurrerapauso txiki hau 1986tik gaurdaino esparru legalean izandako lorpenik handiena da.
Pauso hura eman ahal izateko baldintza hauek eman ziren: Gobernua alde zegoen, Legebiltzarrean gehiengoa alde zegoen eta hainbat herritako udaletan gehiengoak eragin zituen borondate politikoa eta, kasu batzutan, giro soziala zegoen. Pauso hura babesten zuen adostasun hegemonikoa, alegia.
Euskarak erakarri behar du
Euskararen eta bere sustapenaren aldeko posizioa hegemoniko bilakatzearen gakoa erakarpenean dago. Euskararekiko aldekotasuna hegemoniko bilakatzea, hots, indiferenteen sektore esanguratsu bat eta, ezinbestean, euskarafobian instalatuta dagoen sektore bat aldekotasunera erakartzea ezinbestekoa da alderdi eta instituzioen posizioak mugiarazteko, udal gehiagok zonalde aldaketa eskatu dezaten eta, luzera, zonifikazioa gainditu eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin. Bidea oso luzea izango da baina ba al dago beste biderik?
1986ko azaroaren 4an, Parlamentuan, UCDko eledun Jaime Ignacio Del Burgok euskararen ofizialtasuna zonalde euskaldunera mugatzea babesteko gaur harrigarria izan daitekeen argudioa erabili zuen: «Las áreas vascoparlantes no son zonas de fosilización lingüística. Podrán ampliarse o reducirse en función de la demanda social. El bilingüismo podrá extenderse a las restantes zonas en la medida en que el pueblo navarro libremente lo decida. Navarra puede llegar a ser toda ella zona vascoparlante, si tal es la voluntad de su pueblo». Eta hor dago koxka: borondateen inguruko lehian.