Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Txapeldun olinpikoa, mehatxupean jokatzera behartuta

Federazioak ondorio legalak izan ditzakeela ohartarazi ondoren, deitutako greba bertan behera utzi du Kadanako emakumezkoen selekzioak. Lan-baldintzen okertzea eta soldata-desberdintasuna salatu dituzte gizonezkoen erabateko babesa duten futbolariek.

Kanadako internazionalek Estatu Batuen kontratko partidan greba egiteko asmoa zuten.
Kanadako internazionalek Estatu Batuen kontratko partidan greba egiteko asmoa zuten. (Loic Venance | AFP)

Espainiako komunikabide gehienek berehala hartu zuten parte eta, egoeraren zergatia ikertu beharrean, Jorge Vildaren eta Espainiako Federazioaren alde jarri ziren, bertako selekzioan lan-baldintzak hobetzeko borrokan ari diren futbolariak «errebeldeak» eta «apetatsuak» deituz, eta haien mugimenduak futbolean inoiz eta inon ikusi ez diren zerbait dela ziurtatuz. Baina egia esan, haien asmoak zilegiak eta ulergarriak dira eta, jakina, beren «iraultza» ez da salbuespen bat; «nahikoa da» aspaldi ohiukatu da emakumezkoen futbolean.

Kanadako jokalariak dira ahotsa altxatu duten azkenak. Ustekabean, bertatik etorritako azken berriek, emakumezkoen lehen Liga profesionalaren sorrerarekin, egoera ia idiliko batean pentsatzera bultzatzen baitzuten. Baina selekzioarekin jokatzen zuten futbolariak aspaldi ari ziren soldata-berdintasuna aldarrikatzen. Zilegia, edozein kasutan; are gehiago, Estatu Batuetan gertatzen den bezela, emakumezkoen selekzioak gizonezkoenak baino emaitza dezente hobeak lortzen dituenean. Gizonezkoen erabateko babesa dute beren borrokan. Izan ere, John Herdmanen taldeak Panamaren aurkako lagunartekoa jokatzeari uko egin zion joan den ekainean hainbat arrazoi salatzeko, soldata-desberdintasuna barne. Haserrea nabarmena izan zen Kanadako Federazioan baina ohar publiko batean «emakumezkoen talde nazionalari baldintza berdinak» eskaintzeko konpromisoa hartu zuen.

Zortzi hilabete geroago, baina, promesak ez dira paperetik pasatu. Eta hori gutxi balitz, egoerak okerrera egin du. Izan ere, 2022an jokatutako partidengatik –Concacaf Txapelketa lehiatu zuten, besteak beste, Munduko Txapelketan eta Joko Olinpikoetan parte hartzeko txartela eskuratuz– Federazioak zor dizkien ordainsariak oraindik ez dizkiela ordaindu salatu zuten jokalariek.

Horregatik, beste behin ere desberdintasunarekin amaitzeko promesak ez direlako bete eta, Munduko Txapelketan jokatuko den urtean taldearen prestaketan gutxi inbertituko delako, Canadian Soccer Players elkarteak komunikatu bat argitaratu zuen ostiralean, talde nazionalak jokatu behar lukeen She Believes Cup hasteko sei egun besterik falta ez zirenean, grebara deituz.

«Emakumezkoen Kanadako talde nazionala haserre eta oso kezkatuta dago 2023rako gure aurrekontuan izandako murrizketa berri eta garrantzitsuengatik. (…) Gure prestakuntza eta selekzioaren etorkizuna kolokan daude Federazioak bere selekzioak laguntzeko duen ezintasun iraunkorragatik. Azken hamarkadan arrakastak lortu diren arren, gure programa eta 17 urte azpiko eta 20 urte azpiko taldeak behar bezala finantzatzeko dirurik ez dagoela esaten digute», salatu du jokalarien elkarteak, gizonezkoen zein emakumezkoen taldeek azken aldi honetan «lortutako emaitzei esker, futbola gure herrialdean inoiz baino popularragoa» dela gogoratuz.