NAIZ

Energia-komunitatea eratzeko prozesu partehartzailea abiatu du Uharteko Udalak

Energia-komunitate propio bat sortzeko prozesu partehartzailea bultzatuko du Uharteko Udalak. Helburua Iruñerriko herri honetan erabiltzen den energia kudeatzea eta autokontsumoa bultzatzea dira.

Uhartera joateko sarrera.
Uhartera joateko sarrera.

Uharteko Udalak prozesu partehartzailea abiatu du, Iruñerriko herri honetako biztanleekin batera energia-komunitatea osatzeko helburuarekin. Udalak ohar batean azaltzen duenez, «Uharten kontsumitzen dugun energiaren gaineko ardura hartu eta geure energia propioa sortu, autokontsumitu eta kudeatu» nahi dute.

‘Gure energia, gure ingurukoentzat’ izanen du lelo prozesu partehartzaileak.

«Hausnarketa-prozesua udalerrian inplikatuta dauden eragile guztiek parte hartzeko zabalik dago, eta udaberrian eta udan Energia Komunitatea diseinatzeko hainbat tailer parte-hartzaile eginen dira. Diseinatu ondoren, Udalak prozesuaren beste fase bat irekiko du, Energia Berriztagarrien Komunitatea eratu eta martxan jartzeko», azaldu dute.

Proiektu honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza eta Goiener eta Nommad kooperatiben laguntza du.

Prozesua hiru fasetan banatzen da eta Uharteko udalerrian inplikatutako eragile guztiek parte har dezakete, Udalak azaldu duenez.

Lehenengo fasean, prestakuntza saioak egingo dira eta martxoan zehar garatuko da. Bigarren fasea apiriletik uztailera doa eta bertan energia-komunitatea eragileen artean diseinatuko da. Hirugarren fasean, irailetik aurrera diseinu horren arabera energia-komunitatea eratu eta martxan jarriko da.

Martxoan abiatuko den lehen fasean herritar guztiei irekita dauden lau tailer partehartzaile egingo dira energia-komunitate baten ezaugarriak zabaltzeko.