NAIZ

Sergio Fernandez: «Gainontzeko taldeen baldintza berberean gaude neguko merkatua eta gero»

Alaveseko kirol zuzendaria pozik agertu da hedabideen aurrean neguan egindako fitxaketen inguruan, «nahi eta bilatzen genuena» ekartzea lortu baitu klubak. Hori bai, «zailenetarikoa» izan dela ere aitortu du.

Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendaria, aurreko agerraldi batean.
Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendaria, aurreko agerraldi batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Neguko merkatua behin igarota, eta Alavesen normala izaten denez, Sergio Fernandez kirol zuzendariak prentsaurrekoa eskaini du asteazken honetan urtarrilean egindako mugimenduak baloratzeko. Gogoratu behar da klubak Antonio Blanco, Sebastian Pino eta Asier Villalibre ekarri dituela Gasteizera.

Fernandezek aitortu du aurtengoa «zailenetarikoa» izan dela, baina pozik dago egindako lanarengatik. Izan ere, helburuengatik borrokatzeko «gainontzeko taldeen baldintza berberean gaude neguko merkatua eta gero», azpimarratu du Bigarren Mailako sailkapeneko goiko postuetan dabilen taldeko kirol zuzendariak.

Zentzu honetan, klubeko estamentu guztien esfortzua goraipatu nahi izan du, «elkarrekin lan egin baitute kontratazioak lortzeko eta formulak bilatzeko» bide horretan.

«Zortea izan dugu nahi genuena eta bilatzen genuena ekarri baitugu, beti ere entrenatzaileak nahi zuena kontuan izanda», azpimarratu du Sergio Fernandezek. Antonio Blanco eta Asier Villalibre lehentasunak izan zirela aitortu du.

Gainera, «berehalako errendimendua» lortu dutela adierazi du. Gogoratu behar da Villalibrek, Athleticek utzita dagoen aurrelariak, hiru gol daramatzala Alavesekin bi partidetan. Hala ere, taldearen lan ona goraipatu nahi izan du ere, 17 jardunaldi egin baitzituen galdu gabe.

«Taldearekin eta entrenatzaile taldearekin identifikatuta sentitzen gara eta helburuengatik borrokatzeko gai ikusten dugu gure burua», adierazi du Sergio Fernandezek, baina gogoratu du beste talde batzuek gaitasun berberak dituztela. «Gure bertsiorik onena ematen badugu, gure helburuengatik borrokatzeko prest egongo gara», gaineratu du.

Taldeko gainontzeko jokalariei dagokienez, aitortu du ia guztiengatik eskaintzak jaso zituztela, baina hasieratik «%100ean» itxi zituztela ateak negoziatu gabe. «Negoziaezina zen eta jabea (Josean Kerejeta) izan da lehena blokea mantentzen bultzatu eta animatu gaituena, eta hartu dugun erabakirik onenetarikoa izan da», aitortu du.

Bestalde, badaude kontratua amaitzen duten zenbait jokalari eta utzita dauden beste zenbait futbolari: Salva Sevilla, Toni Moya, Nahuel Tenaglia eta Ruben Duarte. Hauen inguruan kirol zuzendariak ez du ezer zehaztu baina «guztiekin kontatu» nahiko luke etorkizunean.

NK Istra Kroaziako klubari buruz galdetuta –%85a Alavesen esku dago–, «pausoak ematen ari direla» erantzun du. «Orain Istra talde antolatu bat da, etorkizuna duena eta hazteko aukerak ditu», gaineratu du eta zergarik gabekoa dela amaitu du.