Arnaitz Gorriti
Elkarrizketa
Tadas Sedekerskis
Saski Baskoniako jokalaria

«Ez diogu galtzeari beldurrik izan behar, baldin eta bihotza kantxan uzten badugu»

Euroligak eta ACB Liga atzean lagata, orain «Kopan kontzentratuta» omen dago lituaniarra. Ez du lehiaketa honekin harreman onegirik, dena den, azken urteetan kolpe latzak eman baitizkio Baskoniari. Baina horrek ez dio ilusiorik kentzen. Hori bai, pausoz pauso: lehenengo Joventut eta gero, gerokoak.

Tadas Sedekerskis, irribarretsu eta ilusioz gainezka.
Tadas Sedekerskis, irribarretsu eta ilusioz gainezka. (Endika PORTILLO | FOKU)

Kazetarien aurrean pazientzia lantzea zer den ikasten ari da Tadas Sedekerskis. Gasteizen hamarkada oso bat daraman jokalari honek 25 urte bete zituen urtarrilean eta badu eskarmentua sobera. Eskarmentu, hori, nolanahi, Kopan baliatu nahiko luke, orain arte urte hauetan zehar jasotako belarrondokoen ordain gozoa izan daitekeena. Hori bai, aurkari guztiak aintzat hartuta eta jakinean partida guztiak, hiru ahal dela, hasieratik bukaerara bikain jokatu beharko dituztela gasteiztarrek. Ostiral honetan jokatuko dute lehen partida, Joventuten aurka, 21.30ean.

Hau ez da zure aurreneko Kopa. Nola dago taldea Badalonara begira?

Ondo gaude. Unicajaren kontra oso partida konplikatua irabazi eta gero, batik bat. Lanpetuta ibili gara, baina ondo prestatuta egoteko adina denbora daukagu orain, eta beharko, Joventuten aurka oso konplikatua izango baita neurketa; are gehiago beraiek etxean jokatzen dutelako. Baina tira, aurrera egiteko gogotsu gaude.

Bizpahiru egunetik behin partidak kateatzen ibili zarete azken boladan. Koparako behar bezala mentalizatzeko aukerarik edo astirik izan al duzue?

(Zizpurua) Egutegia den modukoa da eta denboraldia ere bai. Ohituta gaude, egia esan, Euroliga eta ACB Liga kateatzen, nahiz eta ez den erraza. Dena den, egon ziur prest gaudela hurrengo datorkigun hau [Kopa] behar bezala jokatzeko. Aitzakiarik ez, beraz; nekea, adibidez, ez da aitzakia balekoa, ezta prestatzeko izango dugun denbora ere.

Duela gutxi Gasteizen jokatu zenuten Joventuten aurka. Errebotea ixteko orduan arazoak jarriko dizkizuete, agian; beraiek talde ona dute erreboteak hartzeko orduan...

Hure ez zen gure partidarik onena izan, egia esan, eta eskerrak etxean jokatzea gure punturik sendoena den. Beraiek, berriz, ederki asko lehiatu zuten partida, azkeneraino gainera, eta gauzak oso zail jarri zizkiguten. Bistakoa da talde bikaina dela, eskarmentu handia duena: Tomic, Ribas, Guillem Vives... Partida asko dauzkate bizkarrean jokalari hauek eta Kopa askotan jokatu dute gainera. Nahitaez, zaila behar du Joventuti irabaztea.

Beraz, non egongo da zuen final-laurdenetako gakoa?

Hasteko eta bat, partida ganoraz hasi behar dugu, kontzentraturik. Aurreneko minututik gogor ekin behar dugu. Kale edo bale, partida bakarrean erabakitzen dira Kopako kanporaketak eta gaizki hasiz gero, deskuido batean, zure burua galtzen topatuz gero, ez da astirik izaten gero horri buelta emateko. Erasokor jokatu behar dugu aurreneko minututik, %100ean kontzentraturik eta borroka egiteari sekula ere utzi gabe.

Bestalde, entrenatzaileak aurreko baten esan zuena azpimarratuko nuke. Partidak galdu ditzakegu; ez diogu galtzeari beldurrik izan behar. Hala bada, zer egingo diogu ba? Baina beti ere azkenera arte borrokatzen baldin badugu; soilik bihotza kantxan utzita eta Baskoniak bere-berea duen nortasun hori erakutsiz gero.

Zuk zeuk eta beste kide batzuk Kopan behin baino gehiagotan hartu duzue parte. Beste askok, ordea, ez. Azaldu al diezue Kopa zer den?

Bada, tira, ez, egia esan (irribarrez). Tarteka galdetzen du baten batek eta beti aipatzen da Kopa zernolako torneoa den; nola denboraldi erdian txertaturik dagoen eta zernolako garrantzia duen. Azaltzen diegu orduan ere nola jarraitzaileek animo handia ematen duten; hala, azalduko diegu Gasteiztik jende asko mugituko dela, eta bistan da jendea ilusioz gainezka dagoela. Baina ez ahaztu, bestalde, partida bat dela aurrean duguna eta orduan zernahi gerta litekeela. Ondorioz, belarriak tente egon behar dugula ere azaldu beharko diegu; arin ikasiko dute.

Nolanahi, zaleak bertan izango dituzue. Suposatzen dut taldearentzat garrantzia handia izango dutela jarraitzaileek.

Bai, noski. Zaleek asko laguntzen digute. Denboraldi osoan zehar partida bakoitzean erakutsi dugu guk ere, gure zaleen aurrean askoz hobeto jokatzen dugula, eta behin baino gehiago hainbeste behar izaten dugun bultzada hori ematen digute jarraitzaileek.

Harmailetan egoten den giroaz aparte, zernolako oroitzapenak dakarzkizu Kopak zuri, jokalari zaren heinean?

Ba onegiak ez, egia esateko (irribarretxoa). Gogoan daukat, hemen, Gasteizen jokatu genuen azken aldia [2017koa] Real Madrilen aurka ia eskuan genuen partida galdu genuelako [finalerdietan, luzapenean, 99-103]. Gogoan dut, bestalde, Buesa Arenako giroa egun hartan: ikaragarria benetan, eta guk ezin irabazi, tamalez.

Zein gehiago? Hurrengo urtean, Madrilen, Joventuten aurka galdu genuen, hain zuzen, Nico Laprovittolari dena atera zitzaion egun hartan; kostako zaigu ahaztea nola 36 puntu sartu zizkigun final-laurdenetan.

Azkena, berriz, Duskorekin [Ivanovic] Madrilen jokatu genuen Kopa hartaz gogoratzen naiz [2021, harmailetan jenderik gabe]; finalerdietara iritsi ginen [final-laurdenetan Jovetut gainditu eta gero] eta han azkenera arte borrokatu genuen, baina... [Bartzelonak 77-68 irabazi zuen].

Baskonia Kopako faboritoen artean ikusten al duzu?

Faborito? Baskonia? Nire iritziz, behintzat, ez. Bartzelona eta Real Madril aurretik ditugula esango nuke. Talde horiek biek sekulako jokalari multzoak dituzte eta biak gainera oso denboraldi ona egiten ari dira. Egia da, bai, Real Madrili dagoeneko birritan irabazi diogula eta izan liteke beraien kontra jokatzea guretzat mesedegarri izango litzatekeela. Bartzelonarekin, berriz, bietan egin dugu porrot.

Nolanahi, gure burua faboritotzat jo ordez apaltasun handiz joan behar dugula esango nuke eta aurkari guztiak asko errespetatuz; Joventut, hasteko eta bat, eta beraz, partidaz partida bakarrik hitzegin dezakegu.

Tira, faborito izan ala ez, kanporaketen zuen aldean ez dago Euroligako aurkari bakar bat ere –Real Madril, Bartzelona eta Valentzia Basket beste aldetik joango dira–. Horrek ez du bidea apur bat lauago egiten?

Nire ilusio eta itxaropen guztiak Joventuten aurkako lehenengo partidan daude, ez beste inon. Finalerdiak jokatzeko, lehenengo aurreneko partida irabazi behar da, noski. Hori da uneotan begiz jota dudan gauza bakarra. Gero, gerokoak.

Joventuten aurkako azken neurketek oso bukaera estua izan dute, baina emaitza zeharo ezberdina. Kopako final-laurdenetan beste hainbeste gertatu litekeelako, zein da amaiera estu bat norbere alde erortzeko sekretua?

Sekreturik ez dago eta marra estua da. Zalgiris Kaunasen pabilioia bete-bete eginda zegoen eta zaleen bultzadari esker, azken une horietan guk baino gehixeago asmatu zuten. Irabazteko aukera bat baino gehiago izan genuen, baina aprobetxatu ezean, jai dago. Malagan, berriz, xehetasun horietan asmatu genuen, luzapenean. Kitto!

Zalgirisen aurka harmailak gainezka izan zenituzten zuen aurkaria hauspotzen; baita Malagan ere. Badalonak giroari aurre egiteko balioko al dute?

Baliteke, bai. Gainera, Malagan irabaztea guretzat garrantzitsua zen eta asko gaiztotu zitzaigun une batez. Hala ere, nahiz eta zaleak aurkaria animatzen jardun, errakzionatzen eta buelta ematen jakin genuen. Lehiara itzultzen asmatu genuen eta azkenean, irabazi.

Orain, Kopa buruan dugula, Malagako garaipen hark sentsazio onak laga ditu gugan, eta ez da gauza gutxi, nik uste.

Denboraldi honetan lau luzapen jokatu dituzue eta guztietan irabazi. Zenbat du zortetik, kasualitatetik edo aurrez prestatutik?

Bada... (zalantza eginez), ez dakit nola erantzun. Gogoan dut Betisen aurka jokatu genuen luzapen hura. Azken jardunaldian Malagan bezala, partidarik gehiena atzetik eman genuen orduan ere eta, egiari zor, luzapena guretzat "bonus" baten antzekoa izan zen. Betisen aurka, batez ere, hanka barruraino sartzeko zorian egon ginen eta hori nolabait saihesteko aukera zabaldu zitzaigun bost minutu extra horiekin, eta aprobetxatzen jakin genuen. Zer bestela! Gure artean esaten hasi ginen «abagune hau aurkitu dugu mutilok, beraz, ezin dugu orain kalerik egin». Horrela atera genuen.

Gero, luzapenak entrenatu daitezkeen? Ezin esan. Denboraldi-aurrean dena lantzen da, nolabait, baina nik uste prestakuntza fiskoak baduela hor zeresanik. Kontuan izan Kopa jokatuko duen talderik gazteenen artean gaudela, batez besteko adina kontuan hartuz gero. Baliteke azken minutu horietan fisikoki freskoago eta indartsuago aritzea aurkariak baino eta orduan partidaren zama hobetoxeago eraman ahal izatea. Gezurra badirudi ere, nik uste gakoetako bat hor dagoela.