NAIZ

Tabernak, Elkano edota iheslariak, 2022ko liburu salduenen zerrendan

Euskal irakurleek 2022an gehien erosi dituzten liburuen zerrendan Eider Rodriguez, Kirmen Uribe eta Joseba Sarrionandia bezalako idazle handiek dute nagusitasuna. Gaiak, aldiz, denetarikoak dira: tabernak, zahartzaroa, Elkano, erbestea, faxismoa... Badago non aukeratu.

Irakurle bat liburuak hautatzen.
Irakurle bat liburuak hautatzen. (Aritz Loiola | FOKU)

Txalaparta argitaletxeak euskal irakurleek iaz gehien erosi zituzten liburuen zerrenda argitaratu berri du. Gure literaturaren izen handiez osatutako zerrenda da nagusiki, batez ere 2022an argitaratu ziren liburuak biltzen dituena eta narratiba eta saiakerarekiko irakurleek duten zaletasuna agerian uzten dituena.

Lehenari, narratibari, lotuta, iaz argitaratutako liburuek hartzen dute nagusitasuna. Tartean daude, esaterako, Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’ (Susa), industriaren erritmo bizian mugitzen den gizarte baten erdian nekazal izaera duen taberna zabaldu duen familia erdigune duen eleberria; Kepa Iribar-en ‘72 ordu’ (Erein), Elkanoren lehorreratzetik abiatzen den eleberri beltza; Arantxa Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’ (Pamiela), bizitzaren azken sasoian sartuak daudenen optika biltzen duen liburua; edota Anari Alberdiren ‘Gari eta goroldiozko’ (Susa), musikari azkoitiarrak literaturaren esparruan argitaratu duen lehen liburua.

Eleberrien, baina kasu honetan grafikoen, atalean dago baita ere ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ (Elkar), Fermin Muguruza eta Harkaitz Canoren gidoia eta Susana Martin artista kataluniarraren ilustrazioak daramatzan argitalpena. Liburu ilustratuen atalean Joseba Sarrionandia eta Ares ilustratzailearen arteko ‘Munduari bira eman zion ontzia’ (Pamiela) ere sartu da salduenen zerrendan. Bertan, Elkanok egindako bidaiaren gaineko gogoetak egiten ditu idazle iurretarrak.

Nobedade horiei batzen zaizkie iaz argitaratuak ez direnen arren azken urteetan salduenen zerrendan goiko postuak hartzen dituzten hiru harribitxi: Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ (Susa, 2021) berriki gaztelaniara itzuli duten ipuin-bilduma, Kirmen Uriberen ‘Izurdeen aurreko bizitza’ (Susa, 2021) eta Amets Arzallusen ‘Miñan’ (Susa, 2019), Ibrahima Baldek jaioterri duen Konakrytik (Ginea) Europara egin zuen bidaian izandako bizipenak biltzen dituen eleberri.

Eta, narratibarekin amaitzeko, itzulpen bat: Sylvia Platg-en ‘Beirazko kanpaia’ (Txalaparta) eleberri biografikoa, Garazi Arrula Ruizen itzulpenaz.

Saiakeraren alorrak ere arrakasta du euskal irakurleen artean. Salduenen zerrendan, bost ale: Leire Ibargurenen ‘Petare. Miren Egigurenen puskak’ (Txalaparta), Caracaseko auzorik txiroenean 40 urte eman zituen bidaniarraren ahotik entzundakoak biltzen dituen obra; Ernesto Prat Urzainki eta Jaione Dorai Oskotz-en ‘Bestaldean. Euskal iheslari politikoen bizipenak’ (Txalaparta), izenburuak argi uzten duen bezala iheslarien testigantzez osatutako liburua; Clara Zetkin-en ‘Faxismoaren aurka borrokan’ (Katakrak, Maialen Berasategi Catalanek euskarara ekarria), pentsalari eta militante komunistaren ponentzia batetik abiatutako lana; Axier Lopez-en ‘Gure heroiak’ (Argia), koloniakismoaz eta esklabismoaz diharduen lana; eta Iñaki Segurolaren ‘Ganorexia’ (Alberdania), idazleak hil ondorenean argitaratzeko utzia zuen liburua, «ganoraren anorexia» duena hizpide.

Haur eta gazte literaturak ere badu bere merkatua, eta iazko salduenen zerrendan sartu dira bi argitalpen. Lehena, Garazi Arrula Ruizen testua eta Helena Azkarragaurizar-en ilustrazioak daramatzan ‘Bidean’ (Denonartean-Cenlit) eta, bigarrena, Isabel Minhos Martins-en testua (Garazi Arrula Ruizek itzulia) eta Bernardo Pego Carvalho-ren ilustrazioez osatutako ‘Hemendik ez pasa’ (Txalaparta).

Eta, azkenik, 2022ko salduenen zerrendara sartu da Carlos Velazquez Caballero-ren ‘Nafarroan eskalada egiteko gida’ (Sua Edizioak). Gida lehendik ere bazegoen, baina edizio berritua eta informazio gehiago biltzen duena da honako hau.