«Berriro ere 20 urterekin Ameriketara joan beharko banu, oraintxe egingo nituzke maletak»
Winter Series-en bigarren ekitaldi are arrakastatsuago bati ginga jarriko dion finala jokatuko da igande honetan. Beaskoetxea-Lopez Barandika-Lekerika elkarren aurka arituko dira final ia ezin «gernikarragoan». Diego Beaskoetxeak 25 urteko ibilbide profesionalari agur esateko modu ezin ederragoa.
Ibilbide bati amaiera ematea erabakita, nekez pentsa daiteke bukaera berezi eta politagorik; gidoia duela dirudi.
Denbora neraman noiz erretiratu pentsatzen eta Gernikako hau aukera oso polita izan zitekeela pentsatu nuen agertu zenean, eta, bueno, ba esan duzun moduan, hobea idazterik ez dago. Aurkari biak lagun handiak dira, bat gainera familiakoa, Ameriketan batera egon gara... ni baino gazteagoak dira, baina beti egon gara oso hurbil eta eurak kantxan egotea azken egunean polita izango da denontzat.
Banaka hartuta, Imanol Lopezekin aritu zara, gauza asko elkarrekin bizitakoak, ala?
Berarekin jokatzea niretzat oso berezia izan zen lehen momentutik, ze biok oso gazte joan ginen Ameriketara, batera bizi izan ginen urte askoan, lagun handiak gara eta helburua hori zen biontzat, nire agurra Gernikako finalean izatea. Lortu dugu eta berarekin jokatzea niretzat oso berezia.
Haren alboan jokatzeak izugarria behar du duen mailarengatik, baina presioa ere sartzen du, ala? Irabazi behar.
Azkenean pilotari handi batekin zoazenean beti da presio puntu bat eta jakin egin behar da presio hori eramaten. Batzuek hobeto eramaten dute, beste batzuek okerrago. Lopezekin jokatzen duzunean badakizu txapela helburutzat izango duzula, baina dagoeneko ohituta ere bagaude.
Gu beteranoak gara eta apurka-apurka gure maila hobetzen joan gara eta orain momentuan nik uste gure momenturik onenean gaudela eta ea domekan horrela jarraitzen dugun.
Parean Barandika lehengusua; txapela etxean seguru.
Bai, hala da. Gainera, hiru pilotari Gernikako eskolakoak egotea guretzat oso garrantzitsua da, oso polita, eta txapela hor geratuko da Gernikan. Lekerika eta hirurok gara nire aitaren eskolan ikasitakoak, nire aitaren pilotariak gara eta Ameriketan ere ni beti laguntzen ibili naiz eta eurekin amaitzea oso berezia da.
«Finaleko hiru pilotari Gernikako eskolakoak gara, nire aitaren pilotariak gara, eta eurekin amaitzea oso berezia da»
Hollywoodeko filmetan protagonistak beti irabazten du...
Bai, pentsa daiteke guretzat eginda dagoela, baina hala eman da. Eurek ere ez zeukaten erraza finalean sartzea, gu ere ginen topera hasi, baina azkenerako dena eman da eta nik uste polita izango dela.
Esan izan duzu lehen egunean zure azken torneoa zela pentsatzeak ez zizula batere mesederik egin jokoan...
Lehen partidan ez nintzen kantxara oso ondo irten, gauza asko pasa zitzaizkidan burutik, jendea ere egunean bertan horren inguruan galderak egiten eta ez nintzen behar bezala irten kantxara. Orain nik uste alderantziz dela, helburua finalean agurtzea zen eta hori lortu dugu.
Zer egin behar duzue ondo?
Nik uste taktika bera izango dugula bi bikoteek; pilota asko sartu, kantxan asko ibili eta gutxi huts egin. Gu horrela irtengo gara eta ea hor atzean dominatzea lortzen dugun, Lekerika hor atzean edukitzen dugun.
Final batera heltzeko zure mailak ona behar du; zergatik utzi?
Faktore bat baino gehiago dira. Dagoeneko 25 urte dira profesional moduan, 41 urterekin ere ezin ditut txapelketak lehen bezala prestatu, lehen honetaz bakarrik bizi nintzen, orain familia, eskolan ere banabil... ez daukat horrenbeste denbora pilotari emateko, gorputza ere ez dago hain ongi. Nik uste dut dena eman diodala zesta-puntari eta zesta-puntak niri ere bai. Zer gehiago emango diot nik zestari? Beste aro bat dator eta polita da hemen uztea.
Baina Gernikako eskolan jarraituko duzu, ala?
Bai, bai, egunero hor nabil mila ordu sartzen eta azkenean horri esker errazagoa izango da uztea, zeren frontoian jarraituko dut.
Eta Gernikan bizi den loraldi honekin ez du pena pixka bat gehiago ematen uzteak?
Askotan esaten didate hori, baina aro hobeak ere bizi izan ditut zesta-puntan. Azkenean jende berriak oraingo hau zerbait berria bezala ikusten du, zesta badoala gorantz, baina aro hobeak pasa ditu zestak. Lehen, 5, 6 edo 7 frontoi zeuden Ameriketan, ehunka pilotari bizi ginen honetatik eta hemen udan ere frontoi guztiak betetzen ziren. Gertatzen dena da egon zirela urte batzuk oso txarrak eta orain pentsa liteke hau dela momenturik onena. Nik uste dut egin dudala egin beharrekoa eta orain gazteek goza dezaketela.
Ia frontoi batean jaio zinen, baduzu beste askok ez dugun perspektiba; zein da zestaren inguruko zure diagnostikoa?
Duela lau edo bost urte hau beherantz zihoan, Ameriketan frontoiak ixten hasi zirenean argi zegoen hemen zerbait potentea egin behar zela etorkizun apur bat hobea izateko. Beharrean eta lantzen hasi ziren hemen, Euskal Herrian, eta, begira, telebista ere sartu da, eta nik uste dut une oso ilusionagarri batean dagoela eta etorkizuna izan dezakeela. Ez lehengoa, hori ziur, baina gutxienez oinarri indartsu bat badago eta hemendik etorkizun polit bat izan dezake.
«Askotan esaten didate orain bizi den loraldiarekin uzteak ez ote duen penarik ematen, baina aro hobeak ere bizi izan ditut zesta-puntan. Lehen, 6 edo 7 frontoi zeuden AEBetan eta ehunka pilotari bizi ginen honetatik»
Estatu Batuetako plaza horren, zuek bizi izandako horren, falta sumatzen duzu atzetik datozenentzat?
Bai, azkenean gu oso ondo bizi izan gara AEBetan. Nik 20 urte eman nituen, bost edo sei frontoi izaten ziren, ikasi egiten zenuen asko, gero hona etorri udan txapelketa handiak jokatzen, hori zen gure zirkuitua. Orain nik uste dut beste zirkuitu bat egin behar dela urte osoa hartuko duena, AEBetara joan bai, baina torneo batera, aste bat edo bi egin han eta Euskal Herrira bueltan. Hemen landu behar da zesta-puntaren etorkizuna eta ez AEBetan, lehengo lez.
Iparraldeko frontoiekin sortu den liga nola ikusten duzu?
Lehengo torneoak dira, baina batuta. Lehen bakoitzak bere gauzak egiten zituen, pilotaria joaten zen gonbidatzen zuten lekura eta apur bat anarkikoa zen dena. Orain, nik uste, ez bakarrik pilotarientzat, bereziki ikusleentzat, askoz politagoa eta errazagoa izango dela zesta-punta jarraitzea. Urte osoan jakingo dute ze txapelketa jokatuko diren, pilotariak nortzuk izango diren...
Lehen aipatu duzu kirol honek dena eman dizula. Eta kendu?
Kendu? Bueno, azkenean beti izan naiz pilotari bat presio askorekin ibili naizena, beti izan dut zesta-punta buruan eta azkenean bai uzten dituzula gauza batzuk albo batera. Baina, bueno, nik uste dut kirol denetan hor goian izan nahi baduzu peaje bat ordaindu behar duzula eta nik uste dut nik ere pasa dudala eta orain apur bat disfrutatzea tokatzen da.
Damurik ez, orduan?
Ez, ez, ez. Berriro ere 20 urterekin Ameriketara joan behar izango banu, oraintxe egingo nituzke berriz ere maletak.
Beaskoetxea II.a izan zara; izango da hirugarrenik?
Bueno, semeak 8 urte ditu eta badabil eskolan, baina oraindik gaztea da eta ez daukate horrenbesteko afiziorik, baina nik uste dut irtengo dela.