NAIZ

Publizitate argiduna debekatzearen aldeko ekintzak egin dituzte Baionan eta Angelun

Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboko 25 militantek hainbat iragarki taula argidun itzali eta 52 afixarekin estali dituzte. Ekintza horren bidez, energia xahutze hori salatu eta publizitate argidunaren debekatzea eskatu dute Herriarteko tokiko publizitate araudian.

52 afixa ezarri dituzte halako mezuekin Baionan eta Angelun.
52 afixa ezarri dituzte halako mezuekin Baionan eta Angelun. (Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboa)

Argidun taulen itzaltzeko eta estaltzeko bortizkeriarik gabeko ekintza egin dute, deus funditu gabe, Ipar Euskal Herriko eta Aturriko Publizitatea Geldi kolektiboko ekintzaileek. Argidun publizitate tauletan 52 afixa ezarri dituzte horrelako mezuekin: «Taula hau pizturik uztea zentzugabekeria da pil-pilean den krisi energetikoaren garaian», edo «RLPi: Argidun publizitatea geldi».
 
Ekintza Baionan eta Angelun gauzatu dute Bizi!, CADE, Paysages de France eta Résistance à l'agression publicitaire elkarteek, larunbat honetan, neurritasun energetikorako eta publizitate argidunaren (pantaila, taula zein seinale) kontrako mobilizazio egunaren barnean. Goizeko 7.00etan izan da, eguna oraindik esnatu gabe zela.
 
«Energiaren prezioen kariotzeak ofizialeak, tokiko kolektibitateak eta etxe guziak, prekarioenak barne, gogor kolpatzen ditu. Klima aldaketaren ondorioak ere gero eta agerikoagoak dira eta animatzen gaituzte lehentasunen ematera eta neurritasunera. Testuinguru horretan, energia xahutzea oraino onartezinagoa bilakatzen da», oroitarazi du Biziko Antton Harignordoquy ekintzaileak.

«Publizitate pantailen inbasioaz babestu»

2020an argitaraturiko txosten batean, Ademe erakundeak bi metro karratuko pantaila baten kontsumoa urtean 2.000 kilowatt-ordukoa zela estimatzen zuen, etxe bateko urteko kontsumoaren adina kasik (berokuntza eta ur beroa kanpoan utzita).
 
2019an, 55.000 publizitate-pantaila digital baziren Estatu frantsesean, 2017an 40.000 ziren. «Ipar Euskal Herria bere zenbait herritan ez da publizitate pantailen inbasioaz babestua. Energia beharrik gabe kontsumitzen dute, gure bizi ingurunea eta gure irudimena kutsatzen dute», azaldu du RAP edo Publizitate Oldartzearen Kontrako Erresistentzia elkarteko Elise Ayraultek.

BVA elkartearen azken inkesta batek adierazi du Estatuko herritarren %85 espazio publikoan ikusgai diren publizitate-pantaila digitalaren kopurua murriztearen alde dela. %54k beren debekua onartzen dute; jadanik 59.000 pertsona baino gehiagok sinatu dute eskaera.

Herriarteko tokiko publizitate araudia
 
Euskal Elkargoak bere Herriarteko tokiko publizitate araudia (RLPi) plantan ematea erabaki du. Tresna honek Estatu mailako legedia lurraldearen erronketara egokitzea eta publizitatea mugatzea ahalbidetzen du. Ipar Euskal Herriko RLPiaren lantzea publizitate euskarri motei buruzko ikuspegi zehatza eman behar duen diagnostiko fase batekin hasi berri da.
 
«Heldu den RLPi-ak egungo erronkei erantzutea eta Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeetan bizi-ingurune atsegina eta gerizatzailea bermatzea nahi dugu, Nantes Metropôle-k egin berri duen maneran», iragarri du Paysages de France elkarteko Gérard Campagnek. «Jadanik adierazi dugu prozesu demokratiko honen garapen-fase ezberdinetan parte hartzeko gure motibazioa».
 
Cade elkarteko Victor Pachonek erran duenez, Euskal Elkargoko hautetsiei galdetu diete publizitate argidunak debekatzeko, lantzen hasi berria den tokiko publizitate araudian. Horrez gain, dei egin diete auzapezei prozesu demokratiko honetan afixazain batekin kontraturik ez sinatzeko. «Herriarteko tokiko publizitate araudian, publizitate argidunen debekatzea, sekulan baino beharrezkoagoa da», aldarrikatu du.