LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 68 - MOVISTAR ESTUDIANTES 57
Nahitaez behar zuen poz bat Lointek Gernika Bizkaiak eta Estudiantesen aurka lortu du. IDK Euskotrenen eta Basket Zaragozaren aurka ez bezala, bizkaitarrek punteria eta erreboterako gaitasuna berreskuratu dituzte, Julie Wojta falta duten arren. Markagailuak dioena baino alde murritzagoa izan da jokoan eta azken minutuaren barruan 60-54 zihoan, Laura Spreafico eta Sandra Ygueravideren artean partida erabaki duten arte. Italiarrak sekulako hirukoa gauzatu du Anna Montañanak hutsartea eskatu ostean, eta haren ondotik Roso Buch gernikarren izarrak baloia ohostu du talde madrildarrak uztaipetik atera eta gero. Sandra Ygueravidek, bi jaurtiketa libre eta hiruko bat gauzatuz, azken puntua ezarri dio demari.
Roso Buch jokalari irregularra da. Erregulartasun falta horrek asko erasaten du bere jokoa, baina egun ona duenean, maila oso altua duela erakusten du Mataroko eskoltak. Orotara 17 puntu eta 9 errebote lortu ditu jokalari katalanak eta bere eskutik lortu du bigarren zatian partida erabakitzea neurri handi baten. Egia da Sofia Da Silva eta Laura Spreaficoren lanak Lointek Gernika Bizkaia aurretik mantendu duela lehenengo 20 minutuetan, atsedenaldira 33-25 aurretik iritsita. Alabaina, Estudiantesek 35na berdindu du hirugarren laurdenaren lehenengo minutuetan.
Zorte apur bat ere izan du Malosteko taldeak, 38-35ekoa suposatu duen hirukoa taularen kontra jota sartu baitu Roso Buchek. Nolanahi, saskiratze horrek Mataroko eskolta piztu egin du eta baita bizkaitarren jokoa ere. Aspaldi ez bezala itxi dute errebotea Anna Montañanarenek –37 eta 27 izan da harrapatutako erreboteen emaitza, gernikarren alde– eta markagailua beti estu ibili bada ere, etxekoek beti aurretik mantendu dira 35nako berdinketaz geroztik.
Lointek Gernika Bizkaiak zorte on apur bat izan badu jokaldiren baten, aitortu behar da Estudiantesek zorte onik ez duela izan. Hasteko eta bat, uztaipean makina bat jaurtiketa huts egin dituztelako madrildarrek. Bakarrik botatako hainbat hiruko ere ezin izan dituzte sartu eta Gernikak, aldiz, Spreafico eta Ygueravideren bitartez, aurkaria gainean egonda ere sartu du urrutitik –18tik 9 etxekoentzat; 23tik 6 Estudiantesek–. Partida estu mantendu duen faktore nagusiena galdutako baloiena izan da. Orotara 20 baloi galdu ditu Lointek Gernika Bizkaiak, erdia Estudiantesek ohostu dizkiolako.
Hala, jokoaren ekimena etxekoen aldekoa izan da uneoro, baina ezin partidarik erabaki, are gutxiago halakoren baten Mendez eta Gretter kanpokoen antolatzaile biek hirukoetan asmatu eta markagailua 60-54 ezarri ostean, minutu baten faltan. Anna Montañanak hutsartea eskatu du eta arbelean marraztu duen jokaldia bikain atera da, Spreaficok bere laugarren hirukoa gauzatu baitu bakar-bakarrik bota eta gero. Ondorengo jokaldian Roso Buchek baloia lapurtu du eta azken segunduetan, berriz, Ygueravidek punteria, irribarrea eta garaipena berreskuratzeko falta ziren azken puntuak lortu ditu.
Garaipen honi esker 11na partida irabazi dituzte bai Lointek Gernikak bai Estudiantesek eta Top 8an berriz ere egonkortzea lortu du. Madrilen ere Emakumeen Endesa Ligako partidan bizkaitarrek irabazi egin zutelako, bada, puntu aldea Malostekoen aldekoa da.