Maite Ubiria

Elhorgak eta Jaureguyk pareko sostengua jaso dute herriko bozen lehen itzulian Senperen

Hiru hautagaitza lehiatu dira igande honetan Senperen iragan den Herriko Bozen lehen itzulian. Bernard Elhorga eta Christophe Jaureguy izan dira bozkatuenak. Are, 35 boto aldea baizik ez da izan bien artean. Jarduneko auzapeza, Dominique Idiart, azkena gelditu da. Bigarren itzulia, hilaren 26an.

Domique Idiart Senpereko jarduneko auzapeza, hautes-mahai batean, gaur Senperen.
Domique Idiart Senpereko jarduneko auzapeza, hautes-mahai batean, gaur Senperen. (Patxi BELTZAIZ)

Igande honetan, otsailak 19an, herri hauteskundeen lehenengo itzulia iragan da Senperen. Izan ere hilaren 26 arte itxaron beharko da Senpereko auzapezaren izena ezagutzeko.

Urriaren 8an udal gehiengoa hautsi ondoren azkartu zen krisiari erantzunez deituriko bozetan hiru zerrenda lehiatu dira: Dominique Idiart jarduneko auzapeza osatu berri duen Elgarrekin Senpererentzat hautagaitza, abertzale barne diren Christophe Jaureguyk gidaturiko Hats Berri zerrenda eta Bernard Elhorga buru duen Egin Senpererentzat zerrenda.

Azken honek lortu du boto gehien. Hain zuzen Bernard Elhorgak 1.115 boto jaso ditu. 1.080 boto lortuta, Christophe Jaureguy bigarren heldu da. 35 boto aldea baizik ez da izan bi hautagairen artean. 2020an auzapez bilakatu zen Idiarte 891 botoekin hirugarren heldu da.

Badira bi urte Egin Senpererentzat zerrendak bozen %42,01 bildu zuen; Idiarten zerrendak %41,27 eta Senpere Baik (abertzaleak) %16,7. Azkeneko bi zerrenden artean izan zen akordioari esker izendatu zuten auzapez gaur azkena heldu den Idiart.

Gaurko emaitzak begiratuta, eskuinaren eremutik heldutako Egin Senpererentzat botoen %36,13 eskuratu du lehen itzuli honetan; Hats Berrik (abertzaleak barne) %35,00 bildu du eta Idiartek %28,87. Hiru zerrendek bigarren itzulira joateko sostengu adina eskuratu dute.

Aliantzaren haustura

2020ko Herriko Bozen ondotik alkate izendatua izan zen Dominique Idiartekin aliantza egin ondoren udal gobernuaren partaide ziren Senpere Bai talde abertzalearen bost hautetsik haien ardura bertan behera uztea deliberatu zuten iragan urriaren 8an.

Horren aitzin, auzapezaren taldeko bertze bost bat zinegotzik tantaka kargua uzteko urratsa egin zuten, hauek ere auzapezaren kudeaketa eredua salatuz.

Finean, iragan abenduan, oposizio taldeko hautetsiek dimisioa ofiziala egin zuten eta, herriko kontseilua gehiengorik gabe geratu zenez, hiru hilabetetan hauteskundeak egin beharko prozedura agindu zuen Prefeturak.

Igande honetan, otsailak 19an, iragan da herri hauteskundeen lehenengo itzulia. Izan ere hilaren 26 arte itxaron beharko da Senpereko auzapezaren izena ezagutzeko.