NAIZ

2014an baino urte eta erdi beranduago eta %4,5 pobreago hartzen dela erretiroa salatu du ELAk

ELAk ostiral honetan Bilbon mobilizatzeko deia egin du pentsioen murrizketen aurka eta soldaten eta zerbitzu publikoen defentsan. Sindikatuak salatu du gaur egun 2014an baino urte eta erdi beranduago eta %4,5 pobreago hartzen dela erretiroa.

Pentsiodunen mobilizazio bat.
Pentsiodunen mobilizazio bat. (ELA)

Mikel Noval ELAko Gizarte Politikako arduradunak salatu du erretiro pentsio berrien erosahalmena %4,5 txikiagotu dela EAEn azken 8 urteetan. Izan ere, Gizarte Segurantzaren datuen arabera, 2022ko azaroan erretiro pentsio berriak 1.694 eurokoak izan ziren, batez beste, eta 2014an, 1.610 eurokoak. Hortaz, orain 2014an baino 84 euro gehiago bakarrik jasotzen dute pentsio berriek. Metatutako KPIa %9,8koa izan da.

Novalek azaldu duenez, pentsio berriak gehiegi hazten direla diotenak «gezurretan ari dira». «Ez da harritzekoa, dioenez, ohikoa baita duela hamarkada batzuetatik hona aplikatzen ari diren murrizketak justifikatzen saiatzea», adierazi du.

Erretiratzeko adinari dagokionez, Gizarte Segurantzak baieztatu du 2022an erretiroa hartu zutenek, batez beste, 2014an erretiroa hartu zutenek baino ia urte eta erdi beranduago hartu zutela. «Hau da, orain jendea beranduago erretiratzen da eta pobreago», azpimarratu du Novalek.

Horren arrazoi nagusia Jose Luis Rodriguez Zapaterok orduko espainiar presidenteak onartu eta CCOOk eta UGTk adostutako pentsioen erreforma dela, 2013an pixkanaka aplikatzen hasi zena. Jakina denez, erreforma horrek 25 urtera handitu zuen pentsioa kalkulatzeko epealdia (aurreko 15en aldean), erretiro aurreratuak murriztu zituen eta erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu. Erreforma hori indarrean sartu denetik, pentsioen erosteko ahalmena txikiagotzen joan da», salatu du ELAko gizarte politikako arduradunak.

Era berean, Novalentzat «bereziki eskandalagarria» da erretiroa hartzen duten emakumeek batez beste gizonek baino 488 euro gutxiago kobratzea hilean. «Pobrezia emakumeek modu larriagoan pairatzen dute. Erretiroa hartzen duten emakumeen hasierako pentsioa 1.403 eurokoa baita, eta gizonena, berriz, hilean 1.891 eurokoa», azpimarratu du.

Pedro SanchezenGobernuak pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteak 25 izatetik 30 izatera igarotzeko asmoa du, eta horrek pentsio berriak murriztea ekarriko duela ohartarazu du ELAk.

Hori dela eta, sindikatuak lantokietan kanpaina bat egiten ari da, eta otsailaren 24an, ostiralean, Bilbon, murrizketa berriei aurre egiteko eta soldata eta erosteko ahalmena defendatzeko ekitaldiak egingo ditu.