Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo
Elkarrizketa
Aiert Alonso
Sortzailea

«Margotzea da nire bizipoza»

Hondarribian bizi den lekeitiarrak pasioz bizi du artea. Lana eta ahalik eta denbora gehien eskaintzen dizkio oraingoz ogibide bilakatu ezin izan duen bere bokazioari.

Aiert Alonso, bere etxeko estudioan.
Aiert Alonso, bere etxeko estudioan. (Jon URBE | FOKU)

Laino dago Aiert Alonsorekin (Lekeitio, 1974) hitzordua egin dugun egunean, baina artista honen diziplinak eta baikortasunak eguzki izpiak erakartzen dituzte egun argietan Aiako Harria, San Martzial edota Larun ikusteko aukera ematen duten bere etxeko leiho handietatik.

Familia osoa lekeitiarra du, sena ere lekeitiarra, eta bere bizitzako urte gehienak oso gustura daramatza Hondarribian. Bietakoa sentitzen du bere burua. Badaki herri txiki batean pinturatik bizitzea zaila dela, galeriekiko harreman handiagoa ahalbidetzen duen Bilbo bezalako hiri batekin konparatuta. Berak ez lioke trabarik jarriko aukera horri -«pilak kargatzen ditut hara noan bakoitzean»-, baina zoriontsua da daraman bizimoduarekin.

Kirola eta artea uztartuz, fruituak jasotzen ari da, eta zenbait sari jaso ditu; Adour-Bidasoa pintura sariketa, adibidez. Irungo Amaia Kultur Zentroan ere erakusketa jarri zuen duela urte eta erdi, Susana Ferreira eta Edu Larrasarekin batera. Balorazio onak jaso zituen, eta bertan Zinedine Zidane futbol jokalari ohiaren erretratu bat jarri zuen ikusgai, bere artelan kuttunenetako bat. Lan hau eta beste asko bere webgunean aurki daitezke: www.aiertalonso.com.

“Marca” egunkariak erreportaje bat argitaratu zuen zure margolan batzuekin. Nola bizi izan zenuen hura?

Jendearen erantzuna oso positiboa izan zen. Estatu mailan hainbeste saltzen den egunkaria izanda, eta gainera zein asteburutan izan zen -Real Madril eta Barçaren arteko klasikoan-, poztekoa izan zen zabaltzea. Egia da gauzak egiten direla, baina gero horrek fruitua izatea edo ez beste kontu bat da. Kasu honetan, proposatzen nuen koadroa Real Madrilen museoan egotea. Aspalditik ari naiz horrekin eta ate asko jo ditut. Nik lana egiten dut; ondoren horrek zerbait ekartzen duen ikusiko da.

Artezaletasuna txikitatik datorkizu?

Betidanik. Txikitatik beti marrazten eta margotzen ibili naiz. Oso modu naturalean etorri zen, ez zen bestelako planteamendurik izan. Josu Urtizberearekin marrazten hasi nintzen, ondoren bi urtez Bilboko emakume batekin eta 10-17 urte bitarte Javier Sagarzazuren tailerrean ibili nintzen margotzen. Zuzenean Leioara joan nintzen Arte Ederrak ikastera. Hirugarren mailan espezialitatearen sarrera hasten zen, eta laugarren eta bosgarren mailan pintura aukeratu nuen.

Zure estudioak bilakaera bat izan du urteen poderioz.

Udalak Sainduan gela bat utzi zidan margotzeko eta gero Bentako Kofradia zaharra, baina trukean, Udalari urtero artelan bat ematekotan. Bertan egon ziren Javier Alkain, Judas Arrieta, Agustina eta Leopoldo, Eugenio Ortiz, Sandra Cuesta… eraitsi egin zuten arte. Hortik Alde Zaharrera joan nintzen. Udalak Alde Zaharreko lokalei bizitza eman nahi zien eta ideia bat zegoen: Holandan ikusita, artisten tailerrak jendeari irekita egotea. Hasieran pixka bat arraroa egin zitzaidan. Aste Santuan eta uztailetik urrira arte, jendez gainezka. Batzuetan pintzelik ukitu gabe amaitzen nuen eguna, baina harreman pila bat egiten genuen. Hori bai, gero negua luzea da; ordu asko nituen niretzat. Margotzen zebilen emakume talde batekin konpartitu nuen lokala zenbait urtez. Ondoren, proiektua aldatu zen eta bakarrik geratu nintzen. Deienerekin (bere bikotekidea) nenbilen garai hartan, etxez aldatu ginen, bertan zazpi bat urte pasatu nituen margotzen eta orain estudioa etxean dut.

Aiert Alonso, kontzentrazio osoz margotzen. (Jon URBE/FOKU)

Diferentzia nabarituko da...

Lasaiagoa da etxean margotzea, baina beste gauza batzuk galtzen dituzu. Zidanen koadroa Alde Zaharreko estudioan hasitakoa da, adibidez. Nik bizkarra emanda margotzen nuen, baina jendeak kanpotik ikusten zuen. Hala, Interneten hasi nintzen lanak kanpora begira jartzen. Oso gustura nabil etxean, baina hemen Zidanerena bezalako bat egitea ezinezkoa da. Tamainak murriztu ditut.

Zortzi urte pasatu zenituen Zidanen koadroa egiten...

Zidanena 2008an hasi nuen arren, kontu horrekin hamar bat urte lehenago hasi nintzen. Ikonoekin eta garai hartan modan zeuden Frank eta Ronald De Boer anaien erretratuekin hasi nintzen. Ni oso futbolzalea izan naiz eta Steve McManaman Real Madrilera joan zenean gehiago jarraitzen hasi nintzen eta lortu nuen berarekin hitz egitea. Futbol ingelesarekin hasi nintzen lanean. Hasieran apalago, bai teknikoki bai konposizio aldetik, baina azkenean zuri beltzez, aurrez aurre, ikusleari begira, nolabait haien eguneroko argazki bat balitz bezala. Betiere naturaltasunaren bila. Antzekotasunekin ere jolasten nuen, anaia Tiko (Athleticeko jokalari ohia) balitz bezala margotuta eta lagun bat, Pablito Aimar (futbolari argentinar ohia).

Eta Zidane zergatik? Testuinguru eta momentu jakin batean egindako koadro bat delako. Bi urte lehenago erretiratu eta garai hartan mundu mailako ikonoa zen. Denbora luzea pasatu nuen argazki egokiaren bila. Egun batean, emakume haietako batek aldizkari bat utzi zidan. Portadan Zidanen aurpegia zegoen eta barruan aurkitu nuen argazkia: aurrez aurre, atzealde beltza… Hor hasi nintzen buru-belarri erretratuarekin.

Zein teknika erabili zenuen?

Erretratuak egiteko, garai batean kuadrikulazioaren teknika erabiltzen zen. Hau da, oinarrizko argazkia hartu, kuadrikulatu eta euskarrian ateratako karratu kopuru bera marraztu eta irudia pasatzen joan banan-banan. Karratutxo hori zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta zehaztasun handiagoaz marrazteko aukera. Hori bera muturrera eraman nuen: pixelera. Hau da, pixelatu argazkia eta zenbatu zenbat pixel ateratzen zitzaizkidan. Kuadrikula bat hartu, hiruko erregela erabili eta poliki-poliki banan-banan pasatzen joan. Zidanen kasuan, adibidez, erdiko puntua bilatu nuen, normalean sudur punta izaten dena. Hortik hasi eta normalean espiralean egiten da. Zidanenak 36.100 pixel ditu, banan banan, eta batzuk bizpahiru edota hiruzpalau aldiz, margotuta. Horregatik asko luzatu zen lana.

Zortzi urteko lanak bere saria izan zuen, Zidane ezagutzeko aukera izan zenuen eta...

Koadroa amaitu baino lehen ezagutu nuen, 2015ean. Real Madril Castilla apirilean Irunera etorri zen Real Unionen aurka jokatzera eta Zidane bertako entrenatzailea zen. Aste osoa pasatu nuen Real Madrilera deika, ezetzak jasoz eta gauzak ez zirela horrela egiten entzuten. Egun bat lehenago, azken saiakera egin nuen eta bere idazkari pertsonalaren email bat jaso nuen: Zidanek jaso zuela mezua eta jakin nahi zuela zein asmo nuen. Nire asmoa zen koadroa erakustea, ez saltzea. Ondorengo egunean, azken unera arte etxean itxaron genuen eta gero Deiene eta bion artean, metro eta erdi bider metro eta erdiko koadroa eraman genuen sekulako haizetearekin. Hotelean ez ziguten sinesten. Han geundela, autobusa iritsi zen eta aurreko eserlekuetan Zidane eta bere staff osoa zeuden. Eta Deiene hurbildu egin zitzaion: “¡Zidane! ¡Zidane! Somos los del cuadro”. Afaldu ondoren, elkarrizketa oso jator bat izan genuen. Koadroa sinatzea nahi zuen galdetu zidan eta ni poz-pozik, baina ondoren sinatu gabe alde egin zuela konturatu ginen. Segurtasunekoak koadroa hor uzteko eskatu zidaten, ondorengo egunean sinatuko zuelako, eta hala izan zen. Butroi pasealekuan bueltaxka bat ematera joan ginen eta kasualitatez Zidanekin topo egin genuen. Bera etorri zitzaigun bi musu ematera. Oso esperientzia atsegina.

Aiert Alonso eta bere bikotekide Deiene, Zinedine Zidanerekin. (Aiert ALONSO)

Koadro hori zure ondarea dela esan izan duzu. Jakin daiteke non dagoen momentu honetan?

Ondo gordeta dago (barre egin du). Bukatutzat eman dut. Koadroekin askotan gertatzen da bukatutzat ematen dituzula eta urteak pasatu ondoren, haiekin jarraituko zenukeela. Ikasi behar da gauzak bere horretan uzten. Koadro hasi berrietan ere ikusten duzu zerbait dagoela hor, baina gertatu izan zait askotan jarraitu eta hori desagertu dela sentitzea.

Zu Athleticeko zalea zara eta Iribar edota Raul Garciaren koadroak ere margotu dituzu. Harremana izan duzu hemengo klubekin?

Realarekin zerbait egiteko askoz ere aukera handiagoa egon zen, baina zuzendaritzan aldaketa izugarria etorri eta hortxe geratu zen. Athleticekin hiru aldiz saiatu naiz. Aston Villaren aurkako partida batean telebistan ateratako Joseba Etxeberriaren argazki batetik abiatuta 2,30 metroko marrazki handi bat egin nuen duela 25 urte. Dosiertxo bat egin, autobusa hartu Ibaiganera eta buelta. Marketin zuzendariarekin bilera bat ere izan nuen San Mames zaharrean. Eta azken saiakera museoarekin izan da. Nik proposatu nuen jokalari historikoak edo garai horretan erreferentzia zirenak hartu -Aduriz, Iraola…-, koadroa egin museoan gelditzeko eta gero kopiak dendan produktu ofizial bezala saltzea. Esan zidaten pertsonalizatutako gauzei ez zietela irteerarik ikusten. Ilusio eta lan handiz egindako egitasmoak ziren; gero beti esperoan egoten nintzen.

Pintura beste lanbide batzuekin uztartu behar izan duzu. Nola ikusten duzu arte mundua gaur egun?

Ni hemen nago, neure txokoan, eta egia da ez dudala zuzeneko harremanik arte munduko jendearekin, Bilbon edo Madrilen izan nezakeen moduan. Ez dut estudiotik estudiorako harremanik eta galerietan ere ez nago sartuta. Baina argi dut egunero margotzea niretzat arrakasta dela. Beti argi izan dut, eta beti ibili naiz margotzen jarraitzeko aukera emango zidaten lanen bila. Honela nabil. Auskalo noiz arte. Beraz, niretzat horretaz bizitzea ezinezkoa da.

Zer beharko zenuke artea zure ogibide bilakatzeko?

Kultura benetan serio hartu eta planteatu behar dugu hor goian egon behar duela. Pandemia garaian ikusi da, etxean geundenean, zer garrantzitsua den kultura. Baina planteatu behar dugu kultura sortzen duen jendea zertaz bizi den. Honek ez du ematen. Hau egiten dugu hau egin nahi dugulako. Niretzat lana da. Arratsaldez ingeleseko klaseak ematen ditut orain. Margotzea ez da hobby-a, harago doan zerbait da: neure bizimodua izatea nahi nukeen zerbaitean aritzea. Baloratu behar da koadro txikiak eta hainbesteko lana duen koadroak, biek, garrantzia dutela. Erakusketa bat ikustera joaten garenean eskertzen dugu lana, zer patxadarekin egin den… Bestela esanda, gauza gutxiago eduki, hobeak eduki, eta dirua tentuz eta zentzuz gastatu.

Kirola eta artea uztartzeko zure joera horretan, zaldi lasterketekin ere “jokatu” izan duzu askotan.

80ko hamarkadan etxean jarraitzen genituen eta kiniela egiten genuen. Ni ez naiz apustuzalea, baina gustatzen zaizkit lasterketak eta lasterketetako zaldiak. Zer mundu berezia den eta, gainera, konturatzen zara ez dela batere elitista. Gaur egun, aukera ematen badidazu margotzeari utzi eta futbol partida bat edo zaldi lasterketa bat ikusteko, zaldi lasterketa aukeratuko nuke. Emozio aldetik beste kontu bat da. Eta bai, egin izan ditut horri buruzko koadroak. Hasieran apalago. Anatomia aldetik beste kontu bat da, lantzeko beste modu bat, baina poliki-poliki, teknika hobetzen joan naiz. Disfrutatzeko koadroak dira. Horrelako lan askoz ere arinago bat eta zuri-beltzezko bat konbinatzea ondo etortzen da.

Aiert Alonso, estudioan, bere lan batzuk atzean dituela. (Jon URBE/FOKU)

Golfari buruzko koadroren bat ere bat egina duzu, eta Atxagaren “Gizona bere bakardadean” nobela iradoki zizun.

“Gizona bere bakardadean” edo “Emakumea bere bakardadean” izan zitekeen: adibidez, Jon Rahm edo Carlota Ciganda green-ean daudenean, jendez inguratuta, baina momentu horretan bakarrik, azken kolpe horiek, bolari begira eta tentsio momentu horiek, eta askotan eguzkiak jotzen ditu, eta itzala… Konposizio aldetik interesatzen zaizkidan irudiak ditu. Interesa plastikoa da.

Zeintzuk dira zure hurrengo proiektuak?

Hurrengo erakusketa Ekain Arte Lanaken izango da, Donostian, maiatzean edo ekainean. Paisaiak diren zuri-beltzezko koadroen serie bat eramateko asmoa dut. Dokumentaletatik ateratako argazkietatik egindako koadroak dira: gauez airetik egindako argazki bat edo Japoniako mendi elurtu bat, adibidez. Hemen ere ikus daitezke puntutxoak. Gainera, beste buelta bat emanez, karratu bat hartuko banu bezala, hiru dimentsioetan margotu dut. Bestalde, Milanen erakusketatxo bat egiteko aukera ere atera da, eta eskaini zidaten Bilbon ere bakarkakoa egitea.

Pozik zaude egiten ari zaren ibilbidearekin?

Nire bizipoza hau da. Egia da zaila dela. Sartzen zara espiral horretan eta aurkitu behar duzu lan bat bizimodua aurrera eramaten utziko dizuna, baina lan horretan dituzun baldintzen edo zure eguneroko egoeraren arabera, planteamendua ere hor dago: merezi ote du? Hau egin nahi dut. Askotan ideia da «ez pentsatu eta segi», idiak bezala. Ondo sentitzen naiz goizean altxatu eta margotzen hasten naizenean. Kuadrillako batek esaten zien lagunei: «Hau da berak egin nahi duena. Hau da bere bizipoza» Lagunak, familia edota etxean horretaz konturatzea ez da gutxi.

Maider alabak zure ibilbidea jarraitzea nahi zenuke?

Oso sortzaile fina da, baina gustatzen zaiona egin behar du. Marrazketa klaseak eman izan ditut, haurrei ere bai, eta ikusten duzu ez dutela batere aurreiritzirik. Ez dute bi aldiz pentsatzen zein kolore sartu. Pena ematen dit haur batzuk adin batera iristeak non pixka bat alboratzen duten artea. Beste interes batzuk dituzte, eta ondo dago, baina freskotasun hori ez dezatela galdu. Guk Maiderri bideak irekiko dizkiogu, eta gero berak gustukoen duena jarrai dezala egiten. Ez da gutxi.