NAIZ
Gasteiz

2024an martxoaren 8a jaieguna izateko proposamena iragarri du Idoia Mendiak

Emakumearen Nazioarteko Eguna jai izateko proposamena du Idoia Mendia lehendakariordeak, berdintasunaren inguruko sentsibilizazioa jendarte osora zabaldu asmoz. Bere ustez, sentsibilizazio lan hori garrantzitsua da, adibidez, soldata-arrakalarekin amaitzeko.

Idoia Mendia, bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, Gasteizen.
Idoia Mendia, bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, Gasteizen. (IREKIA)
Idoia Mendia Lakuako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak iragarri duenez, 2024ko martxoaren 8a jaiegun izatea proposatuko die eragile sozial eta instituzionalei, «Emakumeen Egunean berdintasunak sektore eta pertsona guztiak zeharkatu ditzan».

Sailak jakinarazi duenez, proposamena kontsulten ohiko prozeduran sartuko da. Prozedura horren bidez, Lakuako Lan Zuzendaritzak urteko lan-egutegia ezartzen du. Espainiar Gobernuak adierazitako hamar datei, egutegi horrek bi egun autonomiko gehitzen ditu, gainerako biak aldundiek eta udalek osa ditzaten, beren tokiko jaiegunen arabera.

Era berean, gogorarazi du lan-egutegia behin betiko onartzea Lakuako Kontseiluari dagokiola eta lehenengo seihilekoan egiten dela.

Mendiak bere hitzaldian adierazi duenez, «desberdintasun-mota guztiak eta, bereziki, soldata-arrakala mugatzeko sentsibilizazio ahaleginetan beste urrats bat da».

Ildo horretan, jakinarazi du arrakala hori sei puntutan murriztu dela azken lau urteetan, eta «funtsezko» faktoretzat jo ditu Lanbide arteko Gutxieneko Soldata %46 igo izana azken bost urteetan, eta berdintasun-planak, auditoretzak eta soldata-erregistroak zabaltzea.

Hala ere, gogorarazi du arrakala hori %17,9koa dela oraindik, eta, horregatik, Lan Ikuskaritzako zerbitzuak eskaini ditu legea betetzen dela zaintzeko; izan ere, defendatu duenez, «ez dago demokraziarik erabateko berdintasunik gabe, baina ez dago lehiakortasunik soldatetan, prestakuntzan, lan-osasunean eta berdintasunean inbertitzen ez dutenentzat».

Lan ikuskaritza

«Emakumeek, gizonek, enpresek eta konprometitutako sindikatuek ere, jakin dezatela Lan Ikuskaritza aliatua dela berdintasunaren auzi horretan», gaineratu du.

Lan sailburuak defendatu duenez, Ikuskaritza «eskubideak eta lan-arauak betetzen direla zaintzeko tresna da, eta, bereziki, generoagatiko diskriminazioa eragin dezaketenak, zeharka bada ere».

«Arauak betetzen ez direnean, Ikuskaritza dago, eta nire Sailak indartu egingo du haren esku jarritako zerbitzu publiko hori, berdintasunaren esku», berretsi du.

Azkenik, aurreratu du, sektore maskulinizatuetan eta hobeto ordaindutako sektoreetan emakumeak kontratatzea sustatzen duten programekin batera, gizonak sektore feminizatuetan sartzeko estrategia bat diseinatu nahi duela, «etorkizunean aukera-berdintasunaz eta lan-baldintzez hitz egin dadin». Gai hori Soldata Arrakalari buruzko II. Kongresuan jorratuko da, datorren ekainean.