NAIZ

Gureak enpresa taldeak 210 milioi euro fakturatu zituen 2022an

Joan den urtean pandemia aurreko langile kopurua berreskuratu zuen Gureak enpresa taldeak eta 210 milioi euro fakturatu zituen. Denetara, 5.954 langile izatera iritsi ziren 2022an.

Gureak enpresa taldeak pandemia aurreko plantilla berreskuratu du.
Gureak enpresa taldeak pandemia aurreko plantilla berreskuratu du. (GUREAK)

Gureak enpresa taldeak 2022ko ekitaldiko datu ekonomikoak eta plantillari buruzkoak aurkeztu ditu asteazken honetan Donostian, albiste «onekin»: 210 milioi euroko fakturazioa eta 5.954 langile, aurreko urtean baino 197 gehiago. Desgaitasunen bat duten pertsonei lan egiteko aukera ematen diete eta, nabarmendu dutenez, «laguntza premia handiak dituzten pertsonen aldeko apustua indartu da, eta dagoeneko taldearen erdia baino gehiago adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak dira».

Langile kopurua handituta, pandemia aurrean zuen plantilla erabat berreskuratzea lortu du taldeak. Iñaki Alkorta presidenteak ziurgabetasunari aurre egin behar izan diotela nabarmendu du: «Gure ezaugarri diren ildoetan sakondu dugu, hala nola, lan komertzialean, negozioen dibertsifikazioan eta ibilbide soziolaboraletan».

Halaber, InklusioanBAT programaren berri emateko baliatu dute aurkezpena. Gureaken parte den Itinerary dibisioak hainbat gizarteratze -formula aholkatzen eta proposatzen ditu programaren baitan, hala nola, zuzeneko kontratazioa, zerbitzuak ematea, enplegu publikoa, zerbitzu okupazionala... Horrela, enpresen eta erakundeen esku jartzen du inklusioan duen bere esperientzia eta ezagutza

Gureakeko zuzendari nagusiak, Asier Vitoriak, nabarmendu du emaitzek aukera emango diela inbertsio planari eusteko. Horrela, martxoan bukatuko dituzte egoitza nagusiko industria planta handitzeko lanak eta horrek 360 pertsonaren lan baldintzak hobetuko ditu. «Inbertsio guztiak
ezinbestekoak dira merkatuan lehiakortasuna mantentzeko eta, ondorioz, Gureaken inklusio soziolaboraleko ereduaren iraunkortasuna bermatzeko», gaineratu du Vitoriak.