Hidrogenoa lortzeko, ura elektrolisiaren bidez «apurtu» behar da, alegia, oxigenoa eta hidrogenoa banatu. Horretarako argindar asko eskatzen duen prozesu bat erabiltzen da: elektrolisia. Elektrizitate hori gasaren bidez lortzen denean, hidrogenoari grisa esaten zitzaion; jatorria berriztagarria denean, berdea. Horrela zen, aurreko astean Europako Batzordeak kontzeptua birdefinitzea erabaki zuen arte behintzat.
Hemendik aurrera, Bruselak hidrogeno berriztagarriaren etiketa jarriko dio jatorri fosileko hidrogenoari, ekoizteko orduan ez badago argindar berriztagarria eskuragarri. Europako Batasunean 2022an ekoitzi zen argindarraren %38 baino ez zen izan berriztagarria, beraz, aurreikus daiteke egoera hori ez dela salbuespena izanen. Gainera, energia berriztagarriak hidrogenoa ekoiztera bideratzen badira, gainerako eskaria asetzeko jatorri fosileko elektrizitatera jotzeko arriskua dago.
Izan ere, erronka bikoitza jarri dio Europak bere buruari: batetik, orain ekoizten duen argindarra deskarbonizatzea –alegia, berriztagarrien bidez lortzea–, eta bestetik, argindar ekoizpena handitzea, ekonomiako aktibitate kutsakorrenak elektrifikatu ahal izateko.
Matematikak eta Europako plan energetikoak ez dirudite erabat bateragarriak, horregatik, energia berriztagarrien definizioak gero eta gehiago zabaltzen ditu Bruselak, lehenengo gas naturala eta nuklearra energia berde bezala izendatuz, eta orain hidrogeno berdearen ulerkera eskuzabalki zabalduz.
Horrela salatu du Europako Batzordearen erabakiaren berri eman zuen Global Witness plataformak –albistea erregai fosilezko autoen debekua ezagutzera eman zen egun berean plazaratu zen–. Dominic Eagleton erakundeko ikerlariaren arabera, «Europako Batzordeak hidrogeno berdea gas fosiletik edo ikatz-zentraletatik datorren elektrizitatearekin egiteko plana da, ziurrenik, zuriketa berdearen adibide gorena». «Europako hodietan eta galdaretan dagoen gas fosila hidrogenoarekin ordezkatzeko planak ez du funtzionatuko, baina porrota onartu beharrean, Europa ukazioan sartu da; gasa ordezkatzeko modu bakarra energia berriztagarrietan eta aurrezpen energetikoan oinarrituko den ekimen erraldoi bat sortzea da», adierazi du Eagletonek.
Baina Europako Batasunaren arabera, hidrogenoa da ekonomia deskarbonizatzeko energia bektore garrantzitsuenetako bat, hori ahalbidetu dezakeen teknologiaren garapen maila oraindik txikia izan arren. Diru funts publiko ugari bideratzen ari dira instituzio publikoetatik teknologia hau indartzeko, eta enpresa energetiko handiak buru-belarri dabiltza horiek jasotzeko proiektuak aurkezten, tartean Iberdrola bera eta Repsol, Euskal Herrian.