FIBAren «leihoetan» lau jokalari ditu uneotan Surne Bilbao Basketek, baina beltzezko gizonen baten lesioaren berri ez da atzerritik iritsi, etxetik bertatik baino. Hurrengo sei-zortzi asteetan jokoz kanpo izango da Jeff Withey pibot estatubatuarra, ezkerreko oinean min hartu duelako. Hala adierazi du ostiral honetan Bilbao Basketek berak prentsa ohar baten bidez.
Jaume Ponsarnauren aginduetara entrenatzen ari zela orkatila bihurritu du Texasko jokalariak eta min hartu du. Talde bilbotarreko mediku zerbitzuek emandako diagnostikoaren arabera, kontua ez da badaezpadakoa. Hasteko, «bihurritu moderatua» omen du Witheyk bere ezker orkatilaren kanpoko alboko lotailuaren mailan. Horrez gain, «bosgarren metatartsianoaren oinarria hautsi» egin omen du ere.
Ondorioz, «tratamendu kontserbadorea» ezarriko omen zaio jokalariari; hots, ez duela kirofanotik pasa beharko. Ondorioz, sei eta zortzi asteko tarte horretan kantxetatik at geratu beharko da 32 urte eta 2,13 metroko jokalari estatubatuarra.
Unerik okerrenean
Sekula ere ez dago lesio bat pairatzeko une aproposik, baina Witheyren lesio hau unerik okerrenean datorkio Surne Bilbao Basketi. Martxoan ACB Ligako lau neurketa jokatu dituzte beltzezko gizonek, horietatik hiru etxetik kanpo: Kanaria Handia –martxoaren 5ean– eta Real Madrilen aurka–martxoaren 12an–, batetik, eta martxoaren 26ko euskal derbia Saski Baskoniaren aurka, bestetik. Etxean jokatu beharreko ACB Ligako dema bakarra hilaren 19an Basket Gironaren aurkakoa izango da bilbotarrentzat.
Baina ACB Ligaz gain, FIBAren Txapeldunen Ligako Top 16ko bigarren itzulia ere martxoan jokatuko du talde bizkaitarrak. Hilaren 7an Lenovo Tenerife Kopako egungo txapeldunordea –eta FIBA BCLko egungo txapelduna– etorriko da Bilbao Arenara bisitan. Martxoaren 14an Istanbul aldera, Darussakafaren kantxara, joango da Bilbao Basket, eta hilaren 21ean, berriz, Sito Alonsoren UCAM Murtzia etorriko da Miribillara bisitan.
Ez da ahaztu behar bilbotarrek beren itxaropenak batez ere FIBA BCL lehiaketan ezarri dituztela. Ostegun honetan bertan aditzera eman du, hain zuzen, Rafa Pueyo klubeko kirol arduradunak, Bilbao Basketen helburua denboraldiko bigarren erdi honi begira Txapeldunen Ligako Top 16a gainditzea dela, eta horrez gain, ACB Ligako emaitzen bitartez datorren denboraldian berriz ere FIBA BCLan parte hartzeko txartela eskuratzea.
Gauzak ondo, Jeff Withey apirilaren erdialdera itzuliko da kantxetara, apirilaren azken egunetan agian. Ordurako ikusiko da Bilbao Basket oraindik Europako lehiaketan murgildurik dabilen ala ez, eta zein neurritan erasan dion bere faltak ACB Ligan. Gogoan izan behar da Withey dela beltzezko gizonen pibot titularra, batez beste 9,1 puntu eta 6,8 errebote –eta 1.3 txapel– lortzen dituelarik.