NAIZ

EH Bilduk proposatu du gune degradatuetan energia berriztagarriak instalatzeko aukera aztertzea

Gune narriatuetan energia berriztagarrien azpiegiturak instalatzeko aukera aztertzeko eskatu dio Lakuari EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok. Kokaleku horiei lehentasuna ematea proposatu du, eremu sentikorrak babesteko.

Mikel Otero Gasteizko Legebiltzarrean izandako agerraldian.
Mikel Otero Gasteizko Legebiltzarrean izandako agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk Lakuari eskatu dio azterlan bat egin dezala hiriguneetan, industriaguneetan edo gune narriatuetan energia-iturri berriztagarrien ekipamenduak «instalatzeko ahalmenari» buruz, ingurumenaren ikuspegitik sentikorrak diren eremuak babesteko.

Mikel Otero legebiltzarkide subiranistak aurkeztu du proposamena ostiral honetan, Gasteizko Parlamentuan egindako prentsaurreko batean. Iragarri duenez, bere taldeak trantsizio energetikoarekin lotutako legez besteko sei proposamen erregistratuko ditu, datozen asteetan eztabaida daitezen, Gobernuak duen «gelditasunaren» aurrean.

Proposamen horietan jasotzen den neurrietako bat da Lakuak azterlan bat egitea hiri-espazioetan, industria-espazioetan edo «artifizializatutako edo bereziki degradatutako eremuetan» energia berriztagarriak instalatzeko ahalmenari buruz.

Nabarmendu duenez, «denok dakigu eztabaida bat dagoela» energia berriztagarrien kokapenari buruz,  eta, azaldu duenez,  azterlan honen helburua da «ahalik eta instalazio berriztagarri gutxien instalatzea gune sentikorretan».

Ere berean, Oterok azpimarratu du beharrezkoa dela «aldez aurretik erabili diren zonaldeen potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzea», energia-iturri berriztagarrien ekipamendu berriak lehentasunez instalatuz.

Legea aurkez dezala

Bestetik, EH Bilduk eskatu dio Lakuari klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren legea aurkez dezala, eta ekin diezaiola klimaren eta energiaren estrategia berritzeari. Halaber, epe luzerako ikuspegiarekin ekonomia edo jarduera sozioekonomikoa deskarbonizatzeko estrategia bat lantzen hasteko eskatu du.

Eta Energiaren Euskal Erakundearen «norabidea aldatzea» proposatu du. Ildo horretan, talde subiranistak eskatu du Lakuak «erregai fosiletan desinbertsioa» egiteko prozesua has dezala, 2030erako sektore horretan «aktiborik izan ez dezan».

Gainera,  Shesa hidrokarburoen sozietate publikoa «iraungitzeko» kronograma bat egiteko exijitu du, «ez baitu inolako funtziorik etorkizuneko energia-esparru estrategikoan».

Merkaturatzaile publikoa

EH Bilduk ere, ekimen parlamentario horien bitartez, merkaturatzaile publiko bat sortzeko proposamena berretsiko du, energia «kohesio sozialeko irizpideekin» saltzeko.

Oterok adierazi duenez, energia hori baldintza egokietan eskain liteke pobrezia energetikoari aurre egiteko edo enpresa txiki eta ertainei hornidura eskaintzeko, etxeak eta negozioak «ez daitezen itota egon, orain ikusten ari garen bezala».

Erkidego-mailako trantsizioko bulego bat sortzea proposatu du ere EH Bilduk, energia-komunitate berriztagarrien edo herritarren energia-komunitateen sustapenean parte hartuko lukeen erakunde bat. Amaitzeko, azterketa juridiko zehatza egitea proposatu du, zenbait eragilek aurkeztutako eskaintzei erantzuteko.