Apirilean zehar, oraindik data eta lekua zehazteke badaude ere, pilotari profesional berri bat izango da koadroan, Baikok jakitera eman duenez, Gorka Ugartemendia atzelari alkizarrak debuta egingo baitu Bilboko enpresarekin. 20 urteko pilotari gazteak bi urterako kontratua sinatu du eta, printzipioz, Endika Uriondok utziko duen zuloa betetzera letorke. Bere kontratua orain gutxi berritu badu ere, Gizaburuagako atzelariak beste ibilbide profesional bat hartuko du, pilota profesionalarekin bateragarria ez dena eta laster utziko dio profesional izateari.
Gorka Ugartemendiari dagokionean, afizionatuetan DV txapelketa –promesa eta elite mailan– Antiguako Pilota Txapelketa eta Liga Vasca ere irabazi ditu. «Ugartemendiaren kasuan lehendabiziko gauza nabarmenduko nuke oso langilea dela. Gurekin daraman denboran nik esango nuke denbora gutxian asko ikasi duela, esango nuke gurekin daudenetatik gorakada handienetakoa eman duen pilotarietako bat dela, hortik aurrera oso pilotari altua, atzelari izateko gaurko egunean behar den bezala, oso atleta eta bere gauzarik garrantzitsuena, esango nuke, bere eskuina. Ezkerra ona izanagatik eskuin espeziala dauka, gaueko egunenan ez da erraza halako kolpe duen pilotari bat harrapatzea eta alde horretatik min handia egiten du eta nire aldetik oso pozik. Nire ustez behintzat etorkizun handiko pilotari bat da eta horrela lanean jarraitzen badu, nik uste zeresana emango duela», azaldu du Aimar Olaizola, Baikoko zuzendari teknikoak. Urrutiegira joan gabe, asteazkenean bertan, Zumarragako Goñiren Omenezkoan hiru pilota jarri zituen errebotean. Printzipioz, apirilaren 5ean amaitzen txapelketa honetan jokatzen jarraituko du, finalerdietarako sailkatua dago Muruarekin batera.
«Oso pozik nago Baikok emandako aukeragatik, espero dut emandako konfiantza horri erantzun on bat ematea», azaldu du Gorka Ugartemendiak Baikoren web orrialdean jasotako adierazpenetan.