Nerea Lauzirika
Bilbo

Pentsioen, soldaten eta eskubide sozialen defentsan manifestazioa egin du ELAk Bilbon

Mobilizazioa egin du ELAk Bilbon gaur ostiralean, pentsioak, soldatak eta eskubide sozialak aldarrikatzeko. Sindikatuko kideek asanblada egin dute Campos Eliseos Antzokian eta manifestazioa, ondoren.

ELAk asanblada eta manifestazioa egin du Bilbon.
ELAk asanblada eta manifestazioa egin du Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Kezkatuta gaude pentsioekin, baita pobretze fasearekin eta zerbitzu publikoekin ere», adierazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak asanbladatik irten berritan. 800 militantetik gora batu dira Bilboko Campos Eliseos Antzokian, antolakuntzaren arabera. Ondoren, Urkixo zumarkaletik behera Eliptika plazara arte egin duten manifestazioan parte hartu dute ehunka pertsonak.

Lakuntzak salatu duenez, «pentsioak gero eta baxuagoak dira eta gero eta erosahalmen gutxiago dute». Horregatik, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos interpelatu ditu eta eskatu die «ez dezatela onartu pentsioak murriztea dakarren inongo erreformarik». Izan ere, azaldu du Jose Luis Escriva ministroak iragarritako erreformak bide horretan sakontzea ekarriko duela, eta baita erretiroa beranduago hartzea ere.

Pobretzeari dagokionean gobernuek duten jarrerarekin kritiko agertu da Lakuntza. Azaldu du hainbat enpresa azken hilabeteetan inoizko etekinik handienak izaten ari direla, prezioen igoerari esker, eta agintariei «zerbait egiteko» eskatu die, «etekinak gizartean beste modu batera banatzeko».

Gobernuen «utzikeria politikoa» ikusita, Lakuntzak adierazi du sindikatua dela tresnarik baliagarriena, «enpresen etekinak ezbaian jartzeko». Halaber, Osakidetzan inbertsio falta dagoela azpimarratu du idazkari orokorrak, eta gaineratu du ELAk aspaldi aurreikusi zuela planifikazio falta ere bazegoela.