NAIZ

Donostiarra, emakumeetan, eta etxeko gizonen trainerua, garaile Hondarribiko jaitsieran

Donostiarrak 20 segundo atera dizkio bigarren izan den Oriori eta 21 Arraun Lagunaki. Gizonezkoetan, «Ama Guadalupekoa» ontziak 10 segundoko aldeagatik irabazi dio Donostiarrari eta 19 segundogatik Oriori.

Hondarribiako gizonek etxean lortu dute aurredenboraldiko bandera.
Hondarribiako gizonek etxean lortu dute aurredenboraldiko bandera. (HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEA)

Pixkanaka aurrera ari dira eramaten aurredenboraldia Euskotren eta Eusko Label Ligetan –eta gainontzeko mailetan– arituko diren traineruak. Duela aste batzuk Portugalete eta Sestaok hartu zituzten testak, eta larunbat honetan Hondarribiaren XXIII. Traineru Jaitsiera jokatu da, bertan 40 ontzik parte hartu dutelarik 16.00etatik aurrera.

Maila nagusiko gizonak izan dira azkenekoak ateratzen. 20 traineruk hartu dute parte bertan eta etxeko taldea, Hondarribia, izan da garaile hondartza parean egindako estropadan. Sestaon ere "Ama Guadalupekoa" izan zen azkarrena eta, beraz, maila ona hartzen ari dela ziurtatu du beste behin. Lehenengo ziabogan denborarik onena markatu du dagoeneko (9:54), bost segundoko aldea ateraz Donostiarrari (9:59) eta bederatzi Oriori.

Orden honetan amaitu dute estropada eta sailkapena honela geratu da: Zierbena, Lapurdi, Getaria, Ondarroa, San Pedro, Isuntza, San Juan, Orio B, Arkote, Zumaia, Hondarribia B, Zarautz, San Juan B, Hibaika, Donostiarra B, Busturialdea eta Mutriku.

Donostiarra eta Orioren arteko lehia bizia

Emakumezkoetan, Sestaon Orio izan zen garaile azken testean, baina gaurkoan Donostiarra azkarragoa izan da –urtarrilan Portugaleten ere irabazi zuen– eta 14:39ko denborarekin irabazi dio Oriori (14:59,12). Badirudi Euskotren Ligari begira berriro ere bien arteko lehia oso bizia izan daitekeela aurten.

Donostiarrako emakumeak, arraunak goian garaipena ospatzen. (HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEA)

Hemen ere lehen ziabogan azkarrena izan da ondoren garailea izan den trainerua. Donostiarrak 7:28ko denbora egin du eta Oriok 7:36, eta orden honetan helmugaratu dira. Arraun Lagunak hirugarren izan da 15:00,30 denborarekin eta ondoren honako ontziak sailkatu dira: Hondarribia, Tolosaldea, Hibaika, Zumaia, Zarautz eta Hernani.

Fortuna, beteranoetan azkarrena

Beteranoen estropadan, Fortuna izan da azkarrena eta helmugan 14:51,80ko denbora egin du. Sei segundoko aldea atera dizkio Badok 13 traineruari eta 21 Mundakari. Ondoren sailkatu dira Bilbo, Zumaia, Plentzia, Endaika, Bilbo B, Ibaialde, Plentzia B eta Endaika B.