Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura
Elkarrizketa
Lara Izagirre
‘20.000 especies de abejas’ filmeko ekoizlea

«Sofia sarituko zutela konturatu ginenean ulertu genuen historia egin dugula berriro»

Euskal zinema puntako erakusleihora eramateaz gainera, besazpian Berlinaleko sari nagusienetako bat duela itzuliko da etxera ‘20.000 especies de abejas’ filmeko lantaldea. Aireportuan harrapatu dugu Lara Izagirre ekoizlea, pozarren: historia egiteaz gainera, filmak bultzada berria jaso du.

Lara Izagirre, ezkerrean, Sofia Oteroren alboan, Berlinaleko sariketan.
Lara Izagirre, ezkerrean, Sofia Oteroren alboan, Berlinaleko sariketan. (Tobias SCHWARZ | AFP)

Birritan egin du historia ‘20.000 especies de abejas’ filmeko lantaldeak. Estibaliz Urresola Solaguren laudioarra Berlinaleko sail ofizialean bere lehen lana estreinatzen duen lehen euskal zuzendaria bilakatu da (baita Estatu mailakoa ere) eta, gainera, filmeko protagonista, 9 urteko Sofia Otero basauriarra, Zilarrezko Hartza eskuratzen duen antzezle gazteena bilakatu da.

Lara Izagirre ekoizleak albiste berria ere eman du, aireportu alemaniarretik NAIZi eskaini dion elkarrizketan: ‘20.000 especies de abejas’ beste hamar herrialdetan saldu da. Eta ohar bat ere utzi digu: «Apirilaren 21a apuntatu denok ondo agendan, data horretan zinema aretoetan estreinatuko da filma». Marka gorria egina. 

Nola esnatu zarete? Pozik pentsatzen dut...

Oso pozik, oraindik sinestu ezinik eta pixka bat nekatuta ere bai, baina pozik.

Egon zara Sofiarekin?

Oraintxe gaude berarekin. Aireportuan gaude, Esti [Urresola, filmaren zuzendaria] eta Gariza Films-eko lantalde osoa, eta ikusi dut energiaz betea. Atzo gaua luzatu egin zen eta amaierarako neka-neka eginda zegoen, baina gaur energiaz esnatu da, txoritxo bat bezala.

Egin al du lorik gauean?

Bai, eta uste dut oso ondo egin duela gainera!

Atzo urduri egongo zen, agian oholtzara igo beharko zuela jakinda.

Bai, noski. Baina berak oso ondo bizi izan zuen unea eta nahiko lasai egon zen. Gero, noski, oholtzara igo zenean, areto hartan geunden 1500 pertsonen aurrean, emozioa etorri zen. Oso polita izan zen bere eskertza, oso modu ederrean bizi izan genuen denok.

Barreak ere entzun ziren, eskertzan luzatu eta gurasoak, aiton-amonak, izebak... denak gogoan izan nahi izan zituenean.

Hori izan zen, nik uste, politena. Nik sentitzen dut pelikulan gauzak ondo egin ditugula, ze eskertzan ere umea ume dela ikusten da, eskerrak ematean familia baita garrantzitsuena.

«Nik sentitzen du pelikulan gauzak ondo egin ditugula, ze [Sofiaren] eskertzan ere umea ume dela ikusten da, eskerrak ematean familia baita garrantzitsuena»

 

Jaialditik aurreratu zizueten zerbait?

Ez dizute ezer garbi esaten, baina pistak ematen dizkizute. Esan ziguten polita izango litzatekeela Sofia Berlinen egotea larunbatean.

Beraz, sariketaren aurreko orduak tentsioz biziko zenituzten, jakinda zerbait etor zitekeela.

Bai bai, dena antolatu genuen, Sofia bere neba-arrebekin etorri da, bidaiak hartu ditugu gurasoentzat... abentura itzela izan da eta gu oso pozik gaude, Berlinalen edozein sari ikaragarria delako. Bagenekien zerbait etorriko zela eta ulertu genuenean protagonistaren saria zela, inoiz ez duena jaso halako ume gazte batek, ulertu genuen historia egin dugula berriro. Ia ez dakigu zer egiten gabiltzan ere! (barreak) Oso pozgarria, oso berezia izan da eta harrituta gaude, bagenekielako Sofiaren lana bikaina zela, baina [epaimahaiak] erabaki hori hartzeko... oso pozik gaude.

Kritika onak jaso dituzue Berlinalen eta badirudi publikoari ere gustatu zaiola filma. Espero zenuten halako harrera izatea?

Hori inoiz ez da jakiten. Ni saiatu naiz kritikarik ez irakurtzen, ez dut irakurri ezer, eta daukadan sentsazioa da gugana gerturatu den jendearena Berlinen bertan. Eta, hori bai esan dezakedala, zoragarria izan dela eta askok gustukoa izan dutela filma. Baina nik daukadana da gertuko hori. Beti egiten ditugu pelikulak jendearengana heltzeko, eta badirudi kasu honetan lortu dugula.

Sofia Otero antzezle gaztea, bere Zilarrezko Hartzarekin. (Tobias SCHWARZ | AFP)

Sofia Oteroren hautaketa luzea izan zen, 1000 haurren artean hautatu zenuten. Nolakoa izan zen prozesua?

Casting handi bat egin genuen eta hor ikusi genituen ume pila bat eta, bai, luzea izan zen. Sofia hasieratik egon zen bertan eta frogak gainditzen joan zen. Orain egon naiz berarekin eta galdegin diot, ‘baina zenbat froga egin zenituen?’, ’bost, bost Lara! Bost izan ziren!’ erantzun dit. Momentu batetik aurrera, Estik ikusi zuen froga batean bera zela Coco-ren pertsonaia egiteko aproposena, eta listo. Hortik aurrera entsegu asko zuzendariarekin eta lantaldearekin, azkenean sari hau lantalde osoarena baita. Sofiak berak esaten zuen, ile-apaintzaileak, makillajea, produkzioko lagunak, jantzitegikoak, Esti... hemen jende asko-asko egon da. Aipatu nahi nuke baita ere Olatz Behobide, izan dela bere coach-a, euskararekin lagundu diona. Lan izugarria egin da hona arte heltzeko.

Aipatu duzu Estibaliz Urresolak zerbait berezia ikusi ziola casting batean. Zerk esan zion topatu zuela bila zebilena?

Ume asko ikusi genituen eta erabaki bat hartu behar genuen, eta casting hura oso berezia izan zen Estirentzat. Bere deia jaso genuen, esanez bazeukala protagonista. Uste dut egin zuen froga horretan eman zuela Estik behar zuen hori pertsonaia honetarako. Zer izan zen zehazki... berari galdetu beharko diozue (barreak).

«Oso ume azkarra da eta emaitza... begira non gauden! Grabaketa luzea izan zen eta ez zen erraza izan, hortaz meritu handia du»

 

Filmaketa ere berezia izango zen. Haurrekin lan egitean kontu berezia izan behar da beti, are gehiago, kasu honetan bezala, delikatuak izan daitezkeen gaiak ukitzen direnean. Emozio asko mugitzen dira. Nola landu zenuten alderdi hori?

Zorionez, Naizen elkarteko kideak izan ditugu hor, Bea, Aitzol... gu laguntzen. Estik ikerketa lan handia egin du, urtetako lana dago atzean, beraien esperientziak ezagutzen. Grabaketara heldu ginenerako oso landua genuen gaia, batzarrak egin genituen lantaldearekin gaia nola jorratu azaltzeko. Ez genuen aparteko zailtasun bat bezala bizi, beste filmeetan egiten dugun bezala jokatu genuen, eta oso pozik nago eduki dugulako elkartearen babes eta laguntza hori, eta beraiei ere gustatu zaielako filma. Hori oso garrantzitsua zen guretzat.

Eta nolakoa izan da Sofiarekin lan egitea?

Hori ere Estiri galdetu beharko diozue [barreak], baina berak esaten du zoragarria izan dela. Oso ume azkarra da eta emaitza... begira non gauden! Oso grabaketa luzea izan zen eta ez zen erraza izan, hortaz meritu handia du. Estik esandakoagatik, erraza eta polita izan da.

Aipatu duzu elkarrizketaren hasieran aireportuan zaudetela, Euskal Herrirako bidean. Ze ibilbide izango du hemendik aurrera filmak?

Hurrengo geraleku garrantzitsua Malagako Zinemaldian dugu, sekzio ofizialean egongo gara. Gero, apirilaren 21a apuntatu denok ondo agendan: data horretan zinema aretoetan estreinatuko da filma eta hori oso-oso garrantzitsua da guretzat. Jaialdi gehiago ere egongo dira, baina oraindik ez dakigu nora.

Aurreikustekoa da, sariketa honekin, filmak bultzada berri bat jasoko duela?

Bai, noski. Berlinen egon garen bitartean beste albiste pozgarri bat ere izan dugu: pelikula beste herrialde batzuetako banatzaileei saldu zaie eta horrek esan nahi du espainiar Estatuaz gainera beste hamar herrialdetan ere ikusiko dela, eta hori oso polita, ederra eta garrantzitsua iruditzen zaigu, azkenean munduan zehar ikusiko delako.

Horretarako egin da, ezta? Ahal bezain beste ikus dadin.

Bai, beti egiten dituzu horretarako, baina batzuetan ez da lortzen eta oraingo honetan gozatu egingo dugu, mugituko delako eta jaialdietan egongo delako.

Bikain Lara, mila-mila esker kasu egiteagatik, eta bidaia on!

Bai, banoa aireportuko atera, ez dut hegaldia galdu nahi eta! Badugu etxera iristeko gogoa.