Hamalau aste luzeren ostean, asteburu bakarrean jokatu behar izango dituzte ligaxkan hirugarren eta seigarren postu artean sailkatutako bikoteek finalerdietan egoteko euren aukera guztiak eta ezin esan lauretako bakarra ere sasoi punturik onenean helduko denik. Izan ere, Zornotza, Zumaia eta Bilbo artean jokatuko den play offean parte hartu duten bikote guztiek arazo fisikoak izan dituzte azken asteetan eta zalantzaz josita ekingo diote kanporaketari. Bere txarrean, titular guztiak jokatzeko moduan izango direla ematen du, nahiz eta Peio Etxeberriak eta Ander Imazek astearte honetan egingo duten azken proban berretsi beharko duten erabakia.
Finalerdietarako ligaxkarako biderik zuzenena Zornotzatik pasatzen da. Peio Etxeberria-Rezustak eta Unai Laso-Imazek neurtuko dituzte bertan indarrak eta irabazlea zuzenean pasako da ligaxkara. Bi bikoteetan eskuak izan dituzte kezka iturri azken asteetan, ezkerra Zenotzekoak eta eskuina oiartzuarrak. Aspekoak hiru aste, bi jardunaldi, eman ditu jokatu ezinik eta Irribarriak ezin hobeto bete du bere lekua, bi partida horietan hirugarren postua eman dizkien bi garaipen lortuz. Ordura arte bolada kezkagarria zeramaten eta ultzamarrak bere onena eman beharko du oraingo ufada hau finalerdietaraino luzatzeko.
«Astez aste eskuak hobera egin du, bihar Zornotzan entrenatzerik ez dagoenez, pilotalekua okupatuta dago, Bilbon entrenamendu bat egingo dugu eta bertan erabakiko dut jokatuko dudan, edo ez, baina baikorra naiz», adierazi du nafarrak astelehen honetako material aukeraketan. «Halako tentsioko partida batean eskua bigarren maila batean geratzen da eta eskua ez da aitzakia izango». Otsailaren 10ean jokatu zuen bere azken partida Peio Etxeberriak Tafallan eta enpresan ziur daude Zornotzan kantxaratuko dela. Hala ez balitz, erabakiak hartu beharko lituzkete, baina larunbatean bere agurrekoa jokatu behar duenez, berriz ere Irribarriak ordezkatzea ez omen da aukeren artean sartzen. Txarrenean, Elezkanok beteko luke bere lekua.
Ander Imazek astebete gehiago eman du jokatu gabe –otsailaren 5ekoa, Eibarren, da bere azken partida–, baina sentsazioak Peio Etxeberriarenaren oso antzekoak dira. «Bihar goizen entrenamendu bat egingo dugu Zumaian, baina egia esan eskua asko hobetu da, ia hilabete eman dut kantxetatik kanpo eta azkenean horrek ere eragina izaten du, baina nik uste ondo helduko naizela ostiralera, hori da behintzat dudan esperantza eta gogoz», adierazi du.
Bi bikoteek aukera bikoitz bat izango dute, ostiralean galtzen duenak bigarren partida bat izango baitu Zumaian garaile irteten direnen aurka, baina bai batzuek eta bai besteek ez dute ostiralaz harago pentsatu nahi.
Urrutikoetxea bueltan da
Lau bikote hauen artean puntu bakarreko aldea baino ez da egon ligaxkan, baina Peña-Mariezkurrenak eta Urrutikoetxea-Albisuk 48 ordu eskasetan bi partida irabazi beharko dituzte finalerdietan egoteko. Zaratamoko aurrelariak ere hiru aste daramatza jokatu gabe eta topera irten beharko du, hiru egunetan bi partida jokatu eta irabazi beharko dituztelako hurrengo fasean egotekotan. Aurreko astean zehar entrenamendu bat egina, gaur baieztatu dio enpresari bizkaitarrak jokatzeko moduan izango dela, nahiz eta egun batzuk itxaron nahi dituen, zonaldean inolako minik agertzen ez zaiola baieztatzeko.
Peña-Mariezkurrena dira azken jardunaldia bikotea osorik zela jokatu zuten bakarrak, baina tolosarra eta Berriozarrekoa ere ez dira konfiantzaz beterik helduko asteburu erabakigarri honetara. Hauen kasuan atzelaria izan da, zenbait astez, eskuina minduta zuela eta, txapelketatik at egon dena. Azken bi jardunaldiak bost egunetan jokatu dituzte eta, asteartean Tolosan indar erakustaldi bat eman bazuten Ezkurdia-Martijaren aurka, larunbatean Labriten oso itxura kaskarra eman zuten, atzelariak batez ere, pilota asko galdu eta eskuin esku hori oso ondo ez dagoenaren zantzuak emanda. Neguko hotzek ez diote batere mesederik egiten jotzaile nafarrari eta egun hauetako giroak ez dirudi beretzat onena.