Iraitz Mateo

Nola gauzatu burujabetza baliagarri eta irudikagarriak

Ernairen hamargarren urteurrena dela eta, hitzaldia antolatu dute burujabetza prozesuen inguruan hausnartzeko Floren Aoiz eta Mikel Urdangarinekin. Gehiengoak mobilizatzea eta burujabetza materialak eraikitzea beharrezkoa dela adierazi dute.

Donostiako campusean Ernaik antolaturiko hitzaldia.
Donostiako campusean Ernaik antolaturiko hitzaldia. (Jagoba Manterola | FOKU)

‘Hemen, orain, Ernai’ lelopean ospakizun egunak antolatu ditu Ernai gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko campusetan. Hamar urte bete ditu gaur antolakundeak, eta urteurrena baliatuz unibertsitateetan ostegun honetan eta herriz herri hurrengo asteetan zehar «egun politikoak» antolatu dituzte.

Ez da nolanahikoa urteetan zehar eginiko lana, hori omendu eta ospatzeko erakusketak, hitzaldiak, bazkariak eta arratsalderako aisialdi eskaintzak antolatu dituzte. Donostiako campusean goizean goizetik erakusketa bat jarri dute Aulariopean. Bertan, Ernaiko sorreran Lizarran egindako ekitalditik hasi, hamaika mobilizazio eta ekimenekin jarraitu eta pasa den urteko Elizondora arteko gazte martxako argazkiek betetzen dute pareta, ‘10 urtez Ernai’ leloaren pean. Bazkaldu aurretik, Floren Aoiz Iratzarreko kidearen eta Mikel Urdangarin ikerlariaren eskutik ‘Burujabetzen Euskal Herrirantz’ hitzaldia izan da, eta ondoren, ikasle bazkaria egin dute Antiguan.

Ez dizkiete galdera errazak jarri Aoiz eta Urdangarini gazteek; egungo testuinguruaren analisitik abiatu eta burujabetzen baitan iparra nola marraztu, estrategia nola garatu eta gazte antolakundeak bertan bete beharreko paperaz hausnarrean ibili dira. Ezer baino lehen, gazte antolakundearen urteurrena ekarri dute bi kideek gogora, bidean egindako lanaren aitortza egin, eta egun lanean dabiltzan gazteei eskertza egiteko baliatu dute mikrofonoa.

Neoliberalismoarena aurrean, burujabetzak

Testuinguruaren analisia eginez hasi da Aoiz, neoliberalismoaren garaian gaudela azalduz eta neoliberalismoari demokraziak eta burujabetzek «traba» egiten diela esan du. Estatuek duten garrantzia azpimarratu du, eta egun, «estatu neoliberak» ditugula gaineratu. Horrekin lotuta, herriaren eta Estatuaren artikulazioa dela kapitalismoari «kalte handiena» egiten diona azaldu du. Eta zentzu horretan, garrantzitsua dela jendearen atxikimendua lortzea batetik, eta bestetik, aldarri horiek gauzatzeko mekanismoak izatea. Beraz, biak direla beharrezkoak, herria eta instituzioa.

Urdangarini zuzendutako galdera, burujabetza horiek nola irudikatu daitezkeen izan da, eta hitzartzearen lehen momentutik aitortu du zaila dela erantzuna –«asko kostatzen zaigu etorkizun posibleak irudikatzea, amaierak irudikatzeko gai gara, baina ez hasiera berriak»– eta horri heldu behar zaiola uste du ikerlariak. Burujabetzak nolabait irudikatzekotan, lurraldetuak, gatazkatsuak, dinamikoak eta «-gintzaren logikan» eraiki behar direla uste du. Eta egungo jendartean balore emantzipatzaile eta askatzaileen baitan sumatu daitezkeen «infrasoinuak» irakurtzen ikasteak lagunduko lukeela pentsatzen du. Adibide zehatzak ere mahaigaineratu ditu: mugimendu feminista, Korrika, Ipar Euskal Herrian bakegintzaren, ekologismoaren edota euskararen inguruan sortutakoo esperientziak, Nafarroa Garaiko aldaketak, sute edota uholdeak gertatutakoan egon den herri erantzuna…

Pixkanaka burujabetza zeri deitzen dioten zehazteko ahalegina egin dute. «Autogobernatzeko gaitasun lurraldetu eta instituzionalizatua», horrela definitu du Urdangarinek. Eta zenbait azpimarra egin ditu ondoren: «Izenak kontrakoa esan arren, ez da jabetza, gaitasuna da; prozesu bat da burujabetza, etengabeko gaitze eta desgaitzea; komunean eraiki beharreko zerbait da, interdependentea izango da eta loturetan eraikia; eta azkenik, egitasmoak kolektiboa izan behar du, harreman orotara zabalduz».

Ernairen hamargarren urteurreneko erakusketa Ibaetan
Ernairen hamargarren urteurreneko erakusketa Ibaetan

Prozesuen garrantzia

Aoizek adierazi du, burujabetzak lortzeko prozesua ez dela «errezeta baten logikan» pentsatu behar, errezetarik ez dagoelako lehendabizi ezer eta ondoren zer egin behar den azalduz. Neoliberalismoarekin zuzenean talka egingo du¡ estrategiak bere ustez, eta erreakzioak sortuko ditu neoliberalismoaren aldetik ere bai. Beraz, burujabetzak lortzeko bi erronka nagusi identifikatu ditu: «Batetik, gehiengoa mobilizatu behar da, gehiengorik gabe ezin da aurrera egin. Eta bigarrenik, gogoratu behar dugu gehiengoa izatearekin ez dela aski, burujabetza materialak eskuratzeko plan bat behar da». Horregatik, burujabetza horiek herritarrentzat «funtzionalak» izan beharra ezinbestekoa iruditzen zaio Iratzarreko kideari.

Burujabetzak funtzionalak sentiaraztea, eta gainera irudikatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ordea. Eta Urdangarinen hitzetan, biak beharrezkoak badira ere, ezin da ahaztu «garai konplexua» bizi dugula. Eta garai honetan etengabeko «kontraesan eta galderetan» bizitzea egokituko zaigula, baina hori ikuspegi «emantzipatzaile eta askatzaile» batetik egin beharra jarri du balioan. Egungo garaiari erreparatuz, kezka bat ere aipatu du: «Nola iraunarazi prozesuak espazioan eta denboran?». Neoliberalismoaren «presakeria» alde batera utzi, eta «pazientzia estrategikoa» nola lortu da gaztearen burukominetako bat.

«Batetik gehiengoa mobilizatu behar da, gehiengorik gabe ezin da aurrera egin. Eta bigarrenik, gogoratu behar dugu gehiengoa izatearekin ez dela aski, burujabetza materialak eskuratzeko plan bat behar da»

Gazteen indarra

Azkenik, gazteriari eta gazte antolakundeari begira jarri dira. Burujabetza prozesuan gazteriak zein paper betetzen duen galdetu diete ikasleek. Aoizek aitortu du «klasiko» bat erantzungo duela, baina «gazteria etorkizuna» dela esan du: «Borroka luze batetik dator askapen prozesua, eta erreleboak behar dira, hori da naturala, eta gazteek ere paper hori hartu behar duzue. Momentu batean Espainiako Estatuak apustu bat egin zuen gazteen kate hori eteteko, baina porrot egin zuen eta gaur Ernaik 10 urte bete izana horren erakusle da».

Urdangarin ados zegoen Aoizekin, eta azken urteetan Ernaik eginiko ekarpen zehatz bat ekarri nahi izan du akordura: «Ezker abertzaleko lehendabiziko antolakundea izan zen teorikoki eta praktikoki feminismoa erdigunera ekartzen adibidez, eta ekarri ditu beste zenbait borroka ere, eta horrek lagundu dio ezker abertzale guztiari burujabetza prozesuetan birkokatzen».

Bestetik, egun, militatzea bera ere lehen aipatutako neoliberalismoari aurre egitea dela adierazi du, militantzia badelako «memoria bat iraganarekiko, komunitate bat, marko bat herri bat eraikitzeko…». Hamaika erronka eta hausnarketekin bukatu da egunaren lehen zatia, baina jarraituko du ospakizunak.