NAIZ
Donostia

Metroaren Kontxa azpiko tunelaren gainkostuak eta epeak aztertuko ditu ETSk EH Bilduk eskatuta

Kontxako azpialdean zulatzen ari den tunelak sortu dituen arazoez eta gainkostuez galdegiteko ETSren Batzordea biltzera deitu du EH Bilduk, gogora ekarriz obren jarraipena egiteko sortu zela eta ez direla hitzartutako bilerak egiten ari. Bizilagunei eragindako arazoak ere jarriko dira mahai gainean.

Kontxaren azpialdean tunela egiteko bigarren saiakera da egun martxan dagoena.
Kontxaren azpialdean tunela egiteko bigarren saiakera da egun martxan dagoena. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kontxako hondartzaren azpian metroa igarotzeko eraikitzen ari den tunelak hartuko du nagusiki datorren astelehenean Eusko Trenbide Sarean (ETS) obren jarraipena egiteko sortu zen udal batzorde ez iraunkorraren bilera. EH Bilduk hala eskatuta egingo da bilkura Donostiako udaletxean, hilaren 6an.

Gai zerrendan, besteak beste, Kontxa azpiko tunela zulatzeko lanen atzerapena eta gainkostuak jorratuko dira, koalizioak ostiral honetan azaldu duenez. Izan ere, «metro-pasantearen obrei buruz donostiarrek jaso dituzten azken berriak» obraren zuzendariak Kursaalen otsailean kongresu batean eskainitakoak izan dira. Geroztik, ez da informazioarik eskaini.

Hitzordu hartan parte hartu zuten Tunelen eta Lurpeko Obren Espainiako Elkarteak (Aetos), Euskal Trenbide Sareak eta Adif-ek.

«Jardunaldi tekniko horiei buruz argitaratu den informazioaren arabera, Kontxa azpiko tunela egiteko lanak aurrera egiten du hilean sei metroko abiaduran. Oso errendimendu txikia da eta, zalantzarik gabe, ondorioak izango ditu bai epeetan bai gainkostuetan», ohartarazi du EH Bilduk.

Koalizioak gogoratu duenez, Kontxaren azpian tunel bat irekitzeko bigarren saiakera da hau, lehenengoa bertan behera utzi behar izan baitzuten Zubieta kalean zuloak agertu ondoren. «Lizitazio berriarekin, gainkostuak izugarri igo ziren eta metro-pasantearen martxan jartzea 2025era atzeratu zen». Zuloak agertu arte, 2022ko lehen hiruhilekoan martxan jarriko zela aurreikusten zen, baina epeak, bistan da, ez dira bete.

Horrekin batera, asteleheneko batzordean, metro-pasantearen obrek herritarrengan sortzen ari diren eraginei buruz ere galdetuko du Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak, besteak beste, zaratak eta bizilagunek salatutako pitzadurak eraikin ezberdinetan, azkena Zubieta kalean.

Bestetik, ETSk Donostian dituen beste lanei buruzko informazioa ere jaso nahi duela aurreratu du alderdiak. Hala nola, Errondo-Anoeta-Erriberak zatiaren hiri integrazioari buruz.

«Beste behin ere, salatu behar dugu EH Bilduren ekimenez bilduko dela berez bi hilean behin biltzeko konpromiso esplizitua duen Udal Batzorde hau. Azken bilera 2022ko apirilaren 7an izan zen, orduan ere EH Bilduk deitua», gogora ekarri du.