Ramon Sola

Epaitegi espainarren gehiegikeriei indarberriturik egingo die aurre Sarek

Urteko batzarra ospatu du Sarek Astigarragan. Ireki den fase berria izan dute hizpide Joseba Azkarragak eta Bego Atxak. Justizia espainolaren erasoei aurre egiteko lehentasuna nabarmendu du, mezu argi hau erantsiz: «Herri honek, eta berarekin Sarek, ez ditu euskal presoak bazterrean utziko».

Sarek Astigarragan egin du gaur batzar nagusia.
Sarek Astigarragan egin du gaur batzar nagusia. (Maialen ANDRES | FOKU)

Astigarragan urteko batzarra –zazpigarrena– burutu du larunbat honetan Sarek, eta bertan iazko bilakaeraren azterketa egin eta hurrengo urratsak zehaztu ditu. Batetik pozik mintzatu da Joseba Azkarraga eleduna, lortutako aurrerapenak bistan direlako eta urtarrilaren 7an Bilbon eginiko mobilizazio erraldoiak sarearen gaitasunak berretsi duelako. Baina kezka ere adierazi du, bereziki espainiar epaitegietatik presoen lege bideari jartzen zaizkion trabak direla eta.

Urruntze politika amaitzear delarik, «etapa berri bati ekitea egokitu zaigu», nabarmendu du Joseba Azkarragak, Bego Atxarekin batera: «Eta fase berri honetan konfrontazioa eta salaketa lana ez dira soilik presoen eskubideak bortxatzen dituzten gobernuen aurka, erasoaldi horretan burubelarri diharduen justiziaren kontra baizik».

Jokabide horrek «mendekua» duela oinarri ziurtatu du Sareren eledunak, baina gainera «prebarikazioa» erabiltzen duela deitoratu du. Bere hitzetan, Auzitegi Nazionala zein Fiskaltza «eskuin mutur politikoaren arma juridikoa» bihurtu dira.

Horren aurkako aktibazioari eutsiko diotela zin egin du Sarek, kaleko mobilizazioen eta akordio politikoen bitartez. «Izan ere, herri honek etorkizunari begiratu nahi diola aski frogatua dago. Sufrimenduari bukaera eman nahi dio», esan du. Testinguru honetan, «herri honek, eta horrekin batera Sarek, ez ditu euskal presoak bazterrean utziko», erantsi du Joseba Azkarragak.

Lakuaren jarduna

Justizia espainolaren jarduera baloratzeaz gain, Lakuako Gobernuarenari ere erreparatu dio Sarek. Madril aldetik bereziki kontrakoa adieraztera ematen den arren, preso hauei onartu zaizkien hirugarren graduak gutxi direla ekarri dute gogora: 36 baino ez, eta horietatik 25 kasutan, gainera, Fiskaltzak helegitea aurkeztu du. Horren ondorioz dozena bat preso kartzelaratu dituzte berriz, hirugarren gradua kenduta, eta beste zortzi inguru epaileen erabakiaren zain dira.

Benetako errealitatea mahai gainean jarri du Azkarragak, gaur egun euskal presoen hauen %64ak hirugarren gradua behintzat (edota baldintzapeko askatasuna) eskuratzeko baldintzak betetzen ditu eta: 110 pertsona hain zuzen ere. Gauzak honela, EAEko espetxe arloko administrazioak oraindik urrats asko eman behar dituela adierazi dute.

Hau gutxi balitz, salbuespen lege batzuk indarrean segitzen dutela erantsi dute Sareren bozeramaileek: 7/2003 eta 7/2014 direlakoak batez ere, lehena 40 urte arteko espetxealdiak ezarriz, eta bigarrena, Europako erizpidearen kontra Estatu frantsesean betetako urteak kontuan hartu gabe utziz.

«Etxera. Bai. Etxera»

Justiziaren bidegabekeriaren aurka lan egiteko mezua berretsi du, beraz, sareak, VII. batzar honetan. «Etxera bidea gertu, hau da gure aurre egiteko nahia biltzen duen mezua», azpimarratu du Azkarragaren hitzaldia.

Urtarrilaren manifestazioaren testinguruan zenbait ahotsen aldetik hori desitxuratzeko asmoa agertu zen arren, «hedabide batzuk jarritako alfonbra gorria erabiliz», leloari tinko eusten dio Sarek: «Etxera. Bai. Etxera. Honen aurkezpean esan genuen bezala, etxera itzul daitezela nahi dugulako. Guztion artean nahi diegu horretarako bidea zabaldu, eta espetxe politika arrunt baten bitartez lor dezakegu hori. Hori esan genuen orduan [urtarrilean] eta hori esaten dugu gaurkoan ere».

«Helburu horrekin eskandalizatuta agertzen direnei zera galdetzen diegu: presoak espetxeetan ustelarazi eta salbuespena betikotu nahi ote dute? Hala bada, esan dezatela, eta horrela batzuen eta besteen posizioak argitzen joango gara», erantsi du Azkarragak.