Jon Ormazabal

Zornotzako kaosean Laso-Imazek lortu dute txartel zuzena, Peña-Mariezkurrena oso sendo Zumaian

Peio Etxeberria-Rezusta 12-7 eta 19-21 aurreratu dira, baina ez dute eskuan zuten aukera lotzeko modurik izan huts askoko lehia batean.

Behetik gora eginda, Ander Imazen sendotasuna erabakigarria izan da.
Behetik gora eginda, Ander Imazen sendotasuna erabakigarria izan da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Laso-Imazek, eta Baikok, orokorrean, arnasa hartu dute Zornotzako kaosean Unai Lasoren azken gantxoak Etxeberria-Rezustaren defentsa gainditu duenean. Tanto bakar horrek egungo txapeldun ordeak finalerdietarako ligaxkara bidali ditu zuzenean eta Zenotzekoak eta Beñat Rezustak igandean jokatu beharko dute askoz freskoago helduko diren Peña-Mariezkurrrenaren aurka. Zornotzan dena emozioa eta anabasa izan bada, garaipen erosoa lortu dute tolosarrak eta Berriozarrekoak Zumaian, 22-10 gailendu baitzaizkie dagoeneko Binakakotik at dauden Urrutikoetxea-Albisuri.

Neke fisikoaz harago, burua ere kolpaturik helduko dira ultzamarra eta Bergarakoa igandeko partida erabakigarri horretara, lehia oso arraro batean, esku-eskura izan baitute igandeko trantzea pasatzetik libratuko lituzkeen garaipena. Lehen atsedenaldi luzera 12-7 aurretik sartu dira eta azken txanpa eroan ere 19-21 sartu dira aurretik, baina garaipenari ihes egiten utzi diote eta lepotik ordaindu dezakete.

Batez ere Rezustaren sendotasunari esker, Aspekoek hasieratik hartu dute jokoaren eta markagailuaren agintea. Azken asteetan kantxetatik at egon ostean, Ander Imazi kosta egin zaio lehiaren erritmoa hartzea eta bergararrak erabat dominatu du. Saiatu da Laso, ahal zuen lekutik sartuta, partida aurrean nahasten baina presaka antzean arituta, behar baino huts gehiago bildu ditu.

Lehen erdi horretan partida erabakitzeko aukera izan dute urdinek, baina tantoak amaitzerakoan sen handiagoa bota dute faltan. Peio Etxeberria kamuts aritu da partida osoan, lesionatu aurretik bezala, lotuta bezala aritu da eta aurkariak hankapean zituzten une horietan min handiagoa egitea bota dute faltan.

Aldagelatik bueltan, Lasoren gantxo batek euren pilota jokoan jartzeko aukera eman die Bizkarreta-Gerendiangoari eta Imazi eta bote gutxiagoko materialarekin, oiartzuarra askoz erosoago aritu da. Rezustak ere ez du hasieran bezainbeste agindu eta, ezer handirik egin beharrik gabe, Baikokoek partida 13-13 berdintzea lortu dute.

Ez hori bakarrik, Aspekoen txakalaldiari etekina aterata, 18-14 ere aurreratu dira 11-2ko partzial batekin. Garaipenak gorria zirudien orduan, baina bigarren atsedenalditik bueltan gidoiak beste aldaketa bat izan du, arrazoia berriz ere aurkarien gabezietan norberaren merituetan baino egon delarik.

Laso izan da azken txanpa honetan akatsak pilatzen aritu dena, baina honek ez du kikildu, aukera izan duen bakoitzean tantoa amaitzen saiatu da eta azkenerako, ausardia horrek saria, sari potoloa gainera, izan du.

 

FITXA TEKNIKOA

Laso-Imaz: 22

Peio Etxeberria-Rezusta: 21

Markagailua: 0-3, 1-3, 1-4, 3-4, 3-6, 4-6, 4-7, 5-7, 5-8, 6-8, 6-10, 7-10, 7-12, 13-12, 13-13, 14-13, 14-14, 18-14, 18-17, 18-17, 19-21, 22-21. Sakeak: 2 Lasok eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 11 Lasok, 1 Imazek, 6 Peio Etxeberriak eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 12 Lasok, 2 Imazek, 5 Peio Etxeberriak eta 5 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera polita, 550 ikusle inguru Zornotzako pilotalekuan.

 

Zumaian, bi aurpegiko Peña-Mariezkurrenak euren bertsiorik onena atera dute eta erraz kanporatu dituzte erabat gazteek gaindituta egon diren Urrutikoetxea-Albisu. Erakutsia zuten aurretik ere tolosarrak eta Berriozarrekoak egun ona izanez gero, gaur lau opari baino ez dituzte egin bien artean, edonoren gainetik pasatzeko ahala dutela eta gaur ez diete aukerarik eman beteranoei.

Haisera-hasieratik hartu dute jokoaren eta markagailuaren agintea eta erreakzionatzeko aukerarik ez diete eman aurkariei. Formula betikoa; azken astean bere jokoan zenbait zalantza utzi bazituen ere, Jon Mariezkurrenak sekulako zuloak zabaldu ditu bere eskuinarekin eta aurrean Jon Ander Peñak bikain atera die etekina bere atzelariak sortutako abantailei.

Partida uste baino errazago atera dute gipuzkoarrak eta nafarrak Zumaian eta igandean beste hil ala biziko partida bat jokatu beharko dutela kontuan izanda, oso garrantzitsua izan daiteke, konfiantzaren tanga goraino bete dutela ahaztu gabe.

 

FITXA TEKNIKOA

Urrutikoetxea-Albisu: 10

Peña II.a-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 556. Iraupena: 63 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-5, 2-5, 2-8, 3-8, 3-10, 5-10, 5-16, 7-16, 7-17, 8-17, 8-19, 9-19, 9-20, 10-20, 10-22. Sakeak: 1 Peñak. Egindakoak: 4 Urrutikoetxeak, 2 Albisuk, 12 Peñak eta 3 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak, 3 Albisuk, 2 Peñak eta 2 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera pobrea Zumaiako Aitzuri pilotalekuann