NAIZ

Arikala aurkeztu dute, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza

Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (Huhezi) eta Euskaltzaindiak elkarlanean landuko dute Arikala ikerketa-ekintza. Ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak emango dizkiete eta, gero, esku-hartze horren eragina neurtuko dute.

Nagore Ipiña, Miriam Urkia eta Jose Luis Sukia, Arikala proiektuaren hitzarmena aurkezten, Donostian.
Nagore Ipiña, Miriam Urkia eta Jose Luis Sukia, Arikala proiektuaren hitzarmena aurkezten, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arikala aurkeztu dute Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak (Huhezi) eta Euskaltzaindiak. Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko erabiliko den ikerketa-ekintza da. Donostian, Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean izan dira Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Nagore Ipiña Huheziko dekanoa eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Gipuzkoako ordezkaria. Arikala gauzatuko duen hitzarmena ere sinatu dute guztiek.
    
Azaldu dutenez, gazteen ahozko komunikazioaren %80 inguru betetzen badu ere, orain arte gutxi ikertu izan den arloa da hizkera informalarena. Egitasmo honen bidez, ikastetxeetako eremu formalean zein aisialdian esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko dute. Ondoren, material hori baliatu, eta ikasleen arteko hizkuntza-ohituretan izan duen eragina aztertuko dute. Ikerketa honetatik ateratzen diren emaitzetatik abiatuta, etorkizunean materialak testuinguru berrietara eraman eta esku-hartzeen eragin esparruak handitzea da asmoa.

Mintzola egitasmoaren baitan

Urkiak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. «Euskaltzaindiak lagunarteko euskara ere ikertu eta sustatu beharrekoa dela uste du. Horren adibide da 2022ko urtarrilean gure gain hartu genuen Mintzola egitasmoa, eta Mintzolaren baitan kokatu behar da Arikala», adierazi du.

‘Eguneroko hizkera’ deritzogun elkarrizketa-multzo eta jardunak, eremu ez-formalekoak gehienak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen du. Mintzolaren helburua hizkera hori aztertzea eta adierazkortasuna lantzeko tresnak garatzea da.

Sukia ere pozik agertu da elkarlanaren ondorioz lortutako emaitzarekin: «Euskara bizitzako edozein egoeratan eraginkortasunez eta behar besteko bizitasunez erabiltzeko gai diren pertsonak heztea dugu jomuga. Horretarako, ezinbestean landu behar da norbanakoak duen hizkuntza-erregistroen aldaera-sorta: irakas-arloei begira erabili ohi den hizkuntza-erregistro formalaz gain, egoera ez-formaletarako ezinbesteko zaigun hizkuntza-erregistro bizia erabiltzen trebatu behar ditugu ikasleak».

Jendartean eragin

Ipiñak nabarmendu du ikerketa-ekintza honek eragina izango duela jendartean eta euskararen normalizazioan: «Ahozko komunikazioak duen garrantzia kontuan izanda, adierazgarria iruditzen zaigu ahozko hizkera informala aztertzea, eta ikerketan ardaztutako proiektu honen parte izatea. Gainera, ikerketa-ekintzan oinarritzen denez, aukera emango digu hizkuntza estrategiak garatzeko, ikasleen hizkuntza ohituretan eragiteko, eta erronkei erantzun asmoz material pedagogiko zein testuinguru berriak sortzeko».
    
2022-23 ikasturtean hasi eta hiru ikasturtetan zehar garatuko da Arikala Euskal Herri osoko hamar ikastolatan. 2022-23 ikasturtean LH4. mailan, 2023-2024an LH5. mailan eta 2024-2025ean LH6. mailan. Parte hartuko duten ikastolak hauek izanen dira: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura; Bizkaian, Abusu eta San Nicolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Assa eta Laudio; eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola.