NAIZ

Lerinen D eredua abiatzeko aldarria berretsi dute; 19 familia eta 25 haur, prest

19 familiek (25 haurrek guztira) eskaria egin dute Lerinen euskaraz ikasteko, baina eskubide hori ukatzen die Nafarroako Hezkuntza Sailak, erantzunik ez baitu eman. 1986ko Legea da arazo iturri beste behin ere. Behatokiak eta Sortzenek ekimenak abiatuko dituzte, konponbide bila.

Eskaria Udaletxearen aurrean erakutsi dute gurasoek, Behatokia eta Sortzenekin batera.
Eskaria Udaletxearen aurrean erakutsi dute gurasoek, Behatokia eta Sortzenekin batera. (Iñigo Uriz | Foku)

Leringo hainbat familia elkartu dira ostegun honetan Udaletxeko plazan, herriko haurrek eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko elkarretaratze batean. Familiek salatu dute 2022ko azaroan Nafarroako Hezkuntza Departamentuari D eredua eskatuz egindako instantziek «ez dutela erantzunik jaso». Gainera, haurren gurasoek instantziak erregistratu nahi izan dituzte eskolan, baina honetan ez dituzte eskaerak jaso nahi izan.

Gauzak honela, Behatokia eta Sortzen Leringo Udalarekin harremanetan jarriko dira, ikastetxe ondoko lokal hutsak Hezkuntza Departamentuaren esku jar ditzan eskatzeko. Halaber, haurrek «Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ikasteko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatu dute, gizarte justuago eta berdinzale baten alde».

Hau azaldu dute elkarretaratzean: «Iazko azaroan egin genuen bezala, gaur goizean Hezkuntza Departamentuari Leringo Doña Blanca de Navarra eskola publikoan euskarazko D ereduko lerroa irekitzea eskatzeko Leringo haurren familiek instantziak erregistratu nahi izan dituzte eskolan, baina honetan ez dituzte eskaerak jaso nahi izan. Ondorioz, zuzenean Hezkuntza Departamentuan erregistratuko dira berriz».

«Azaroan egin ziren eskariak eta gaur aurrematrikulazio epearen barruan egin nahi zirenak kontuan hartuz, jada herriko 19 familiek eta horietako 25 haurrek egin dute D ereduaren aldeko eskaria», zehaztu dute.

«Espazio falta dagoela baino ez da argudiatu»

«2022ko azaroan, euskarazko irakaskuntza eskatzen zutenek legeak markatutako gutxiengo eskari kopurua aise gainditu arren, martxoaren 7an ireki zen aurrematrikulazio epean, gurasoei ez zaie eman Doña Blanca de Navarra ikastetxean D eredua hautatu nahi dutela adierazteko aukerarik. Are gehiago, gaur gaurkoz ez dute azaroan sartutako instantzien erantzunik izan, eta Sortzen guraso elkarteak Eskola Kontseiluan eskatutako azalpenen bidez jakin izan dute 2023-2024 ikasturterako Hezkuntza Departamentuak ez duela asmorik D ereduaren irekieraren alde ezer egiteko. Izan ere, Eskola Kontseiluan Hezkuntzako zuzendari nagusiak egindako adierazpenen arabera, oraingoan ikastetxean espazio falta dagoela baino ez da argudiatu, eta familiei ez diete dagozkien txosten teknikorik helarazi ez eta irtenbideak aztertzeko inongo asmorik azaldu».

Arazo hau eta beste askoren iturburu denari erreparatu diote: «1986ko ‘Euskararen Legeak’ ezarritako eremu ‘misto’ eta ‘ez-euskaldunetako’ herrietan horrelako egoerak urtero errepikatzen hasi diren heinean, dei egiten diegu Nafarroako Gobernuko arduradunei euskarazko irakaskuntza bultzatzen hasi daitezen eta dauden oztopoak ezabatzeko beharrezko bitarteko guztiak martxan jar ditzaten. Izan ere, aipatu legeak berak zehazten du, 25. artikuluan, ikastetxe publikoetan «eskariaren araberako irakaskuntza euskaraz emateko lerroak» sortuko direla, eta euskaraz irakatsiko zaiela «hala eskatzen duten ikasle guztiei, eskolatzearen amaieran hizkuntza horren ezagutza-maila nahikoa lor dezaten».

Beren aldarrikapenaren aurrera segitzeko erabakitasuna nabarmendu dute: «Mendigorrian eta Larragan euskararen haziak landatzea lortu den bezala, Lerinen zein Nafarroako gainerako herri guztietan haurrek hezkuntza publikoan Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ikasteko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, gizarte justuago eta berdinzale baten alde».

«Zonalde ez euskaldunean» kokatu dago Lerin eta 1.700 biztanle inguru ditu gaur egun.